Albistea entzun

Gure Esku-k ekintzetara igarotzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Elkarteak talde parlamentarioei exijitu die eztabaida «garden eta ireki» bat hasteko, erabakitzeko eskubidea arautzea helburutzat hartuta
Gure Esku-ko Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Gure Esku-ko Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko otsailak 7

Gure Esku-ko eledun Josu Etxaburuk hitza hartu du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Legebiltzarkideei konpromisoak eskatzeko egin du, «etorkizun politikoaren inguruko eztabaidari» ekin diezaioten. «Herri erronka» gisa definitu du afera, eta «etorkizunaren lema hartzeko» garaia dela aldarrikatu: «Libreki erabakitzea posible egingo duen prozesu bat abian jartzea behar du herri honek».

«Hitzetatik ekintzetara» igarotzeko eskatu die Etxaburuk alderdiei, «milaka herritarren izenean». Izan ere, Gure Esku-k 2020ko martxotik 2021eko abendura bitarte egindako sinadura bilketaren ostean iritsi da agerraldia. Pandemia betean, elkarteak 21.389 sinadura bildu zituen, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen eta Eusko Legebiltzarrak eztabaida prozesu bat hastearen alde.

Azaldu duenez, eztabaidak «gardena eta irekia» izan behar du, eta herritarren parte hartzea bermatu behar du. Era berean, helburutzat eduki behar du «eraikiko den erabakitzeko prozesua» herritarren parte hartzean oinarritzea, eta horretarako tresnak aurreikustea. Gainera, eskatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren borondatea berresteko galdeketa bat ere txertatzeko. «Gure Esku-k erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko urratsak nahi ditu».

Eztabaida zentratzeko bi galdera ere jarri ditu Gure Esku-k mahai gainean. Batetik, Etxaburuk galdetu du ea euskal herritarrek duten erabakitzeko ahalmenak balio ote duen «egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko». Besteak beste, Usansolo (Bizkaia) herri bilakatzeko prozesuak dituen oztopoak, klima larrialdiari aurre egiteko gaitasunik eza eta euskararen aurkako ebazpen judizialak aipatu ditu. Izan ere, azaldu du errealitatea «tematia» dela, eta jokoan dagoena «eguneroko bizitza hobetzeko ahalmena» dela.

Bigarren galderak lurralde arteko harremanei egin die erreferentzia: «Euskal herritarrok gustura al gaude geure artean eta euskal lurraldeen artean ditugun harremanekin?». Horrekin batera adierazi du ea ez ote litzatekeen onuragarriago izango harreman horiek sendotu eta «beste maila batera» igarotzea. «Etorkizunaren jabe izan nahi badugu, premiazkoa da gogoeta zintzo baten ondoren neurriak zehaztea eta hartzea», gehitu du.

Beraz, xedea da herritarrek «menpekotasunik gabe» hautatzea Euskal Herriaren etorkizun politikoa eta gainerako lurraldeekiko harremanak, eta horretarako beharrezko tresnak eskura izatea. Bide horretan, Gure Esku-k beharrezkotzat jo du erakundeen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana, eta Etxaburuk gehitu du hark hiru oinarridun «zoru komun bat» izan behar duela: bizikidetza demokratikoa, erabakiaren kultura eta adostasunaren kultura. Elkartea, gainera, prest dago «jarrera aktibo eta proaktibo» bati eusteko, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko adostasunak josten jarraitzeko.

Etxaburuk azaldu du erabakitzeko eskubidea «adostasun esparru bat» dela euskal gizartean, eta hala izan beharko lukeela jardun politiko-instituzionalean lanean ari direnen artean ere. Haren hitzetan, estatus politikoaren inguruko eztabaida «behin eta berriro» atzeratu da, eta «zezenari adarretatik heltzeko» garaia da jada. Gainera, azaldu du ez dela hutsetik abiatu behar. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak 1990ean eta 2014an onartutako legez besteko proposamenak aipatu ditu. Bi kasuetan, gehiengo parlamentarioak autodeterminazio eskubidearen alde egin zuen.

Erantzunak

Alderdiak bi bloke nagusitan banatu dira: Gure Esku-ren eskaerak aztertzearen aldekoak eta erabakitzeko eskubidearen kontzeptua arbuiatu dutenak. Lehen blokean, EAJko kide Jon Andoni Atutxak «lanean jarraitzeko» asmoa adierazi du. EH Bilduko Maddalen Iriartek autodeterminazio eskubidea «demokratizatzeko» tresnatzat jo du, eta herritarrak entzuteko beharra nabarmendu. EP-IUko Iñigo Martinezek estatus berriaren inguruko eztabaida gauzatzeko beharra aipatu du, eta haren garrantzia azpimarratu. Bestalde, PSE-EEk, PP+Ciudadanosek eta Voxek Gure Esku-ren proposamenak txarretsi dituzte, ez direlakoan «herritarren interesekoak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...