Maider Gorostidi. Agifes elkarteko psikologoa

«Berehala dator galdera: 'Besteek nola ikusiko naute?'»

Agifes buruko erien eta senideen elkarteak Hurbilduz programa hasi du. Alorrean argia da «estigma», eta murrurik gabeko eredu bat ehundu dutela esan du Gorostidik: bakartuta daudenengana iristeko, haien atera.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoako buruko erien eta haien senideen elkartea da Agifes. Hurbilduz deituriko programa aurkeztu dute asteon: sufrimendu psikikoko egoeratan dauden pertsonengana ailegatzeko pentsatuta dago: dauden tokian daudela. «Geu gara beharra daukan pertsonarengana hurbiltzen garenak», azaldu du elkarteko psikologo Maider Gorostidik. Depresio kasuen ugaritzeak larrituta ehundu dute, hein handi batean, programa. Izan ere, adibiderako, Eustatek jasotako datuen arabera, gizonen %9k eta emakumeen %17k dute diagnostiko hori. Eta ezkutuan daude beste kasu asko. «Horregatik, hasi ginen pentsatzen geuk hurbildu behar genuela pertsona horiengana». Bereziki, inguruan sare trinko bat falta duten pertsonak dituzte gogoan: «Bakartutakoak».

Nola ehundu duzue programa?

Bada, adibidez, orain dela denboraldi bat elkartearekin kontaktua izandako zenbait pertsonarekin harremanetan jarri gara; nahiz eta orain gure zerbitzuetara ez etorri, geu hasi gara deika. «Zer moduz?». «Geldituko gara kafe bat hartzeko? Hitz egingo dugu...». Gertutasuna bilatu dugu.

Zuen ate hori irekita dagoela senti dezaten, ezta?

Bai, baina bada jende gehiago ere. Zer gertatzen da elkartera inoiz iritsi ez den jendearekin? Nola gerturatu jende horrengana? Gizarteko hainbat eragile sozialengana jo dugu horretarako: lehen mailako arretako medikuak, adibidez. Garrantzitsuak dira, halaber, erizainak, esperantzaren telefonoan diharduten pertsonak, gizarte langileak... Haien lehen lana izango da pertsona horiek identifikatzea, eta, gero, geu haiengana hurbilduko gara.

Eragile horiekin guztiekin harremanetan egon zarete programa lantzeko. Zer jaso duzue? Haiek ere sentitu dute halako egitasmo baten beharra?

Bai, haiek ere ikusi dute beharrezkoa dela. Deigarria egin zaie gure lan metodologia; alegia, gu izatea mugitzen garenak, eta ez edukitzea propio bulego bat jendea hartzeko. Zergatik da horrela? Oraindik ere buruko eritasunen inguruko estigmak pisu handia daukalako.

Horregatik, ez zaio pertsona horri esaten: «Zoaz». Zuek zoazte. Hori da berritasuna...

Horrela izan daiteke, bai; baina betiere pertsona horren oniritziarekin. Ez da ezkutuko lana. Pertsona horri adierazten zaio: «Elkarte hau dago. Nahi baduzu, jar zaitez haiekin harremanetan, edo, uzten badiezu, beraiek hurbilduko dira zuregana».

Martxan jarria duzue proiektua. Zer-nolako esperientziak izan dituzue hastapenotan?

Oso diferenteak. Oro har, bilatzen dugu norbanako bakoitzaren ezaugarrietara egokituta esku hartzea. Diagnostikoren bat-edo badu, aintzakotzat hartzen da, baina, batez ere, pertsona horrek dituen beharrak hartzen dira kontuan. Unean uneko esku hartzeak dira, pertsona bati une jakin batean bere egoera bideratzen laguntzen diotenak. Hori da helburu nagusia.

Depresioaren inguruan ardaztu duzue programa, ezta?

Ondoez psikikoak izen ezberdinak har ditzake; beraz, depresioan bakarrik ez dugu jarri ardatza. Sufrimendu psikikoa daukan edozein pertsonarentzako egitasmo bat da gurea.

Kasu isil asko al daude?

Bai. Bakardadeak, bakartuta egoteak, ez du batere laguntzen. Hori bai, bakardadea oso sentsazio subjektiboa da: pertsona batek jendea izan dezake inguruan, baina bakarrik senti daiteke.

Jende askori kosta ere egingo zaio sentitzen duen pairamenduari izena jartzea, ezta? Zer gertatzen ari zaion ulertzea...

Bai, baina edonor egon daiteke egoera horretan: edonork eduki dezake egoera zail bat min psikiko baten ondorioz. Hain ohikoak dira berez halakoak, baina hain nabarmen egiten da ezkutatzera: horrek ez du batere laguntzen. Baina izena jartzea ere kostatu egiten da, bai. Jendeak esaten du: «Zer esan nahi du horrek? Beste arazo bat ere badudala?». Kontua da une jakin batean denok eduki dezakegula laguntza premia gure bizitzari bultzada bat emateko.

Ahultasuna erakustea ere maldan gora egiten da...

Hori da beste arazo bat. Ahuldadeak erakustea kosta egiten da. Berehala dator galdera: «Besteek nola ikusiko naute?». Orain eskoletan ere hasi gara gaia lantzen, buruko osasuna lantzea zer garrantzitsua den azaltzeko. Umeei ere kosta egiten zaie triste daudela esatea; deigarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.