Albistea entzun

Michel Feltin-Palas. 'L'Express' astekariko kazetaria

«Argiki erran dezatela eskualde hizkuntzak hil nahi dituztela»

Kazetariak salatu du Frantzian hizkuntza gutxituak suntsitzeko grina dagoela. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondoren, uste du gobernua denbora irabazi nahian dabilela.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urriak 10

Amaren familia guzia okzitanieraz mintzo bazen ere, ez zioten sekula irakatsi. Michel Feltin-Palas L'Express astekariko kazetaria (1965, Le Raincy, Frantzia) ama zendu zenean hasi zen haren hizkuntza ikasten, duela hamabost urte, Parisen. Ordutik, hizkuntza gutxituei buruzko gogoeta garatu du, Frantziak historikoki haien kontra izan duen jarrera deitoratuta. «Ikusi nuen hizkuntzen gainbeherak Frantzian arrazoi politikoak zituela , erabaki genuelako gure nazio lurraldean erabilitako hizkuntzetako bati bakarrik ematea prestigio estatutu guziak». Zorrotz aztertzen du hizkuntza gutxituen gaia astero idazten duen Sur le bout des langues gutunean.

Agenda politikoan sartu da hizkuntza gutxituen gaia. Zer irakurketa egiten duzu gertatutakoaz? Zeren erakusle da?

Batetik, Paris eta gainerako lurraldeen arteko deskonexioa. Eskualdeko hizkuntzak ez direnez erabiliak Parisen, nire lankideetako anitzek uste dute hizkuntza horiek ez direla gehiago mintzatuak. Anitz harritu dira hiztunak eta atxikimendua deskubritzean.

Bestetik, hizkuntzen inguruko kultura falta erakusten du. Eskolan kultura literario bat lantzen da, baina ez dute deus irakasten Frantziaren hizkuntza ondareaz. Nahitara egina da: zerbait ezagutzen ez dugularik, ez gatzaizkio atxikiak. Hizkuntzak suntsitzea edo hiltzen uztea —funtsean, gauza bera da— ez zaigu jenagarri.

Azkenik, oposizio batzuen izaera ideologikoa erakusten du. Eskola horiei aurre egin behar zaie, separatismoaren kabi batzuk direlako. Ez dute ulertzen nortasun bat baino gehiago izan ditzakegula. Ni biarnesa sentitzen naiz, gaskoia, frantsesa, europarra eta munduko herritarra. Hemen, balio unibertsalak defendatzen dituztenak hizkuntza gutxituen defendatzaileak dira; giza eskubideak defendatzen dituzte. Frantzia bere balioen kontra doa.

Badirudi Frantziako Gobernuak gaiari heldu nahi diola.

Frantziako Gobernua ez da ahobatezkoa gaiari buruz. Blanquer [Hezkuntza ministroa] hizkuntza gutxituen etsaia da, eta behin baino gehiagotan erakutsi du. Jean Castex [lehen ministroa] aldekoa da; auzapez zenean, Bressola laguntzen zuen, eta hizkuntza eta kultura katalanari atxikia da. Emmanuel Macronek ez du ideiarik ere. Nire analisia da hauteskunde interesak lehenesten dituztela. Badakigu konstituzioa aldatzea dela murgiltze eskolak salbatzeko modu bakarra. Ez dago beste biderik. Zirkular bat aipatzen ari dira, baina ez da jurista izan behar ohartzeko zirkular batek ez duela Konstituzio Kontseiluaren pisu bera. Malguki jokatzea da gobernuaren jarrera; errektoreei agindu hori eman zaie, eta Ipar Euskal Herrian murgiltze esperimentazioak ireki dira. Jakin dudanez, Matignoni esker; Blanquer kontra zen.

Frantziako Gobernuak bere konstituzioa desobeditu du.

Inprobisazioa erabatekoa da. Baina konstituzioa aldatzeari uko egiten diote. Zer pasatuko da orain? Murgiltze eskola baten eta Hezkuntza ministerioaren artean izenpetutako hitzarmen bat salatzen badut administrazio auzitegi aitzinean... irabaziko dut. Eskola guziak mehatxatuak dira. Gobernuak denbora irabazi nahi du bozetara arte, jendea ez kexatzeko eta Macronen berrautatzea ez baldintzatzeko; gero, bada ikusiko. Baina gero beranduegi izanen da. Bat egiten dut Paul Molacekin: presidentetzako hauteskundeak aitzin presio egin behar da.

Frantziak hizkuntza gutxituekiko izan duen jarrera deitoratu duzu maiz. Zergatik?

Frantziako Estatuak bi gauza egin ditu mendeetan zehar: transmisioa etsiarazi du familietan, eta eskolak hiztun berriak trebatzea ere etsiarazi du. Hezkuntzako hizkuntza bakar gisa frantsesa hautatu zuen, bereziki XIX. mende bukaeran. Familiei ulertarazi zitzaien etxean ere frantsesez jardun behar zutela haurren eskola eta bizitzako lorpena faboratzeko. Zenbait metodo erabili izan dituzte eskolan: eskualdetako hizkuntzak lotsa sentimenduarekin eta salaketarekin lotu zituzten.

Zigor fisikoak ere izan ziren.

Hala da. Haur batzuek xaboia eman behar zuten ahoan haien hizkuntzan mintzatzeagatik. Bistan dena, heldu bilakatzean ez zieten haien haurrei transmititu. Ez zuen deusetarako balio, ikasketak huts egin zitzaketen... hori errana zitzaien; eta zigortuak eta umiliatuak izateko arriskua zuten. Nik ez diet ezer leporatzen. Erantzukizuna hori antolatu zutenek dute: eskolak eta estatuak. Gurasoak biktimak izan ziren.

Oraingo egoerara gakartza.

Eskola da hiztun berriak prestatzeko modu bakarra, eta debekatzea erabaki dute. Hizkuntza horiek ama hizkuntza gisa zituzten belaunaldiak desagertuko dira; ez da kalitatezko hiztunik izanen. Zintzoak izan daitezela, eta argiki erran dezatela hizkuntza horiek hil nahi dituztela. Bestela, inkonpetentzia da, edo hipokrisia.

Zer ikuspegi dute zure astekarian idazten duzunari buruz?

Askatasun osoa ematen didate. Haatik, badakit irakurlerik ez badut ez dudala segitzen ahalko. Horregatik zabaldu dut deia: asteroko gutunak harpidedunak behar ditu. Eta nahiko nuke beste hedabideak ere lotzea, gobernuak presio handiagoa senti dezan. Adituek diote politika aldatu ezean hamarkada batzuetara metropoliko hizkuntza guziak desagertuko direla. Orain jokatzen da.

Zure idatzietatik ondoriozta daiteke posible ikusten duzula Frantziak bestelako jarrera bat hartzea.

Bai, errealista da, estatu demokratiko orok politikaz alda dezakeelako. Arlo anitzetan aldatu da: abortua eta homosexualitatea delituak ziren lehen. Separatismoa aipatzen da kontrako argudio gisa, baina jendea errespetatua sentitzen denean, ez du herrialdetik ateratzeko gogorik. Atxiki dezagun frantsesa hizkuntza komun gisa, baimendu diezaiogun jendeari bere eskualdeko hizkuntza historikoa ukaitea, eta, zergatik ez, nazioarteko hizkuntza bat. Eleanitzak izan behar ginateke.

Hiztunek jasandako tratu txarrak eta hizkuntzak suntsitzeko borondatea aipatu dituzu. Estatu bortizkeria baten kontakizuna da.

Triste jartzen nau. Ez nago harro, Frantziako armadak Aljerian torturatu zuela jakitean bezala. Frantziako historiaren orrialde beltzak dira. Nik Frantziaren ondarea babesten dut; Frantzia bere ondarea suntsitzen ari da.

Uste duzu erreparazio politika bat beharrezkoa dela egindako kaltea konpontzeko?

Ez da lehentasuna: pragmatikoa izan behar da. Lehentasuna hizkuntzak salbatzea da, eta, beraz, hiztunak behar dira belaunaldi berrietan. Eskola da lehentasuna: murgiltze eredua garatzea. Gero, koofizialtasuna. Haurrek hizkuntza ikasi eta erabiltzeko parada izan behar dute. Erreparazioa, zergatik ez; baina ez ditu hizkuntzak salbatuko. Hilobi batean loreak jartzea hizkuntzak hil izanaz dolu izanez, ezer baino hobeki da; baina oraindik aukera badugu hizkuntza horiek salbatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sexu eraso baten kontrako protesta, uztailean ©Andoni Canellada  / Foku

24 urteko gazte bat preso sartu dute sexu erasoa leporatuta

Berria

Astelehenean, Zumarragan emakume gazte bati sexualki erasotzea leporatzen diote gizonezkoari

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. ©Jon Urbe, FOKU

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Uxue Rey Gorraiz

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

EHUren Donostiako campuseko fakultate bat, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta / efe

ELAk azaldu du EHU zigortu dutela ikertzaile eta irakasle batzuek jasandako «soldata diskriminazioagatik»

Irati Urdalleta Lete

ELA sindikatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programen bidez kontratatutakoei zuzenean kontratatutako ikertzaileei eta irakasleei baino 7.000 euro gutxiago ordaintzen zizkieten.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. ©Bilboko Udala

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Jone Arruabarrena

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.