Fiskalak frogatutzat jo du senarrak hil zuela Mbegou

Epaiketaren harira, erakunde publikoen erantzukizuna salatu dute feministek, eta emakume etorkinen egoeran arreta handiagoa jartzeko eskatu dute

Bilboko mugimendu feministak protesta egin zuen atzo epaitegiaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Epaiaren zain geratuko da gaur Maguette Mbegouren hilketaren inguruko auzia Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Atzo, azken ondorioetan, Fiskaltzak eta akusazioek «argi frogatutzat» jo zuten senarrak hil zuela 25 urteko emakumea. 25 eta 44 urte bitarteko zigorrak eskatu dituzte gizonarentzat. Akusatuak epaiketan onartu du berak hil zuela Mbegou, baina bere burua «defendatzeko»; 83 zauri eragin zizkion gorputz osoan, eta lepoa moztu zion. 2018ko irailean izan zen hilketa, Bilbon, bikotearen etxean; bertan ziren haien 2 eta 4 urteko alabak.

Epaitegiaren kanpoko aldean, berriz, Bilbo Feminista Saretzen plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo, afrikar komunitateko hainbat kiderekin batera, instituzioen erantzukizuna salatzeko. Izan ere, hil baino hilabete batzuk lehenago, senarrak emandako tratu txarrak salatu zituen Mbegouk; babes eskaera tramitatu zuen, eta udalaren etxebizitza batean hartu zuen aterpe, bi alabekin batera. Auzitegiek, ordea, atzera bota zuten babes eskaera, eta senarra absolbitu zuten, froga nahikorik ez zegoelakoan. EAEko Auzitegi Nagusiko orduko presidente Juan Luis Ibarrak berak aitortu zuen «justiziaren porrot erabatekoa» izan zela emakumearen hilketa.

Ildo horretan, andre migratuen egoerari arreta handiagoa emateko eskatu zuten feministek protestan: «Zer baliabide dute? Zer gertatzen ari da epaitegietan? Zergatik hainbeste gabezia emakumeak babesteko sisteman? Zenbat andre damutzen dira salaketa jartzeaz?». Era berean, gogorarazi zuten etorkinek hainbat zapalkuntza jasaten dituztela: «Emakume atzerritarrek ez dute soilik pairatzen sistema heteropatriarkalaren indarkeria matxista; arrazakeria instituzional sistemikoari ere aurre egin behar diote».

Bortxa horrekin lotuta, feministek beste protesta bat egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren aurrean: laguntza sozialen murrizketak bertan behera uzteko eskatu zuten, batik bat ama bakarrei, indarkeriaren biktimei eta andre langabetu, prekario eta alargunei eragiten dietelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.