'Cabacas auzian' ertzain bakarra zigortzen duen epaia berretsi du Gorenak

Auzitegiak ez du ikusi helegiteak onartzeko arrazoirik. Dioenez, berme guztiak izan zituen, nahiz eta ikerketak «partzialki huts egin»

Iñigo Cabacasen heriotza epaitzeko auziko une bat, 2018ko azaroan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin dizkio Juan Jose de Pablo ertzainari bi urteko espetxealdia —ez du kartzelan sartu beharko— eta lau urteko inhabilitazio zigorra, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» egotzita. Hala, Zigor salak baztertu egin ditu ezarritako helegite guztiak, eta Bizkaiko Auzitegiaren ebazpena ontzat jo du. Lehen epaiketa hartan, akusatuetako bakarra zigortu zuten —mailarik handieneko agentea—, eta beste bost absolbitu, tiro egin zuen agentea nor izan zen baieztatu ezin zela argudiatuta.

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean hil zen Iñigo Cabacas. 2012ko apirilaren 5ean, Athleticek Alemaniako Schalke 04 taldearen aurka lortutako garaipena ospatzen ari ziren zaleei oldartu zitzaien Ertzaintza, Bilbon.Gomazko pilota batek buruan jo zuen Cabacas. Handik lau egunera hil zen, pilotakadak eragindako lesioen eraginez.

Gorenak baztertu egin du akusazioak jarritako helegitea. Ebazpenean lehen epaiaren xehetasun maila txalotu du, eta adierazi hilketa eragozteko nahikoa izango zatekeela «oldarraldiaren desegokitasunari aurre egiteko, ez oldartzeko agintzea». Hala, erabaki hori hartzeko, bere «betebeharraren» aurrean inhibitu egin zela uste du Gorenak: «Frogatutzat eman den kontakizunean, zentzuz osatutako denbora sekuentziak egiaztatzen du oldarraldia eragotzi ahal izan zuela, agindu soil batekin».

Era berean, baztertu egin du Cabacasen gurasoek jarritako helegitea ere. Familiak gainerako akusatuak zigortzeko eskaera egin zuen, baina Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ebatzi bezala, adierazi du tiroa nork egin zuen frogatu ezinak galarazten duela hori. Gaineratu du egungo jurisprudentziak eragozten duela absoluzio ebazpenetan aldaketak egitea.

Horrez gain, berme guztiak betetzen dituen epai bat izateko eskubidea bermatu zitzaiela azaldu du auzitegiak. Nabarmendu du Bizkaiko Auzitegiak ere Ertzaintzaren ikerketaren aurka egin zuela. Gorenaren esanetan, ezin da ondorioztatu ikerketa eskasa egin dela ikerketa, baina bai «partzialki huts egindakoa» izan zela, batez ere Ertzaintzako agenteek «hasieran izan zuten jarrerak eragindako eragozpenengatik».

Bizkaiko Lurralde Auzitegiko lehen sekzioko epaileek operazioaren buru zen De Pablo jo zuten errudun bakartzat, aho batez, eta absolbitu egin zituzten gainerako auzipetuak; bi ofizialorde, operazioan parte hartu zuten bi furgoneten buruak eta hiru ertzain. Ertzaintzaren jokabidearen aurka ere gogor jo zuen, agenteen oldarraldia «neurrigabea eta bidegabea» izan zelakoan. Ebazpenak Jorge Aldekoa ertzainburuaren dimisioa eragin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.