Zozketa bidez hautatuko dituzte Osakidetzako oposizioetako epaimahaiak

Aztertzaile izan daitezkeenak «irizpide objektibo batzuen» arabera aukeratuko dituzte. EAEtik kanpoko adituek prestatuko dituzte probak

Iazko ekainean Barakaldoko BECen eginiko azterketan parte hartu zuten pertsonetako batzuk. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Hobekuntzak» iragarri dituzte Osakidetzaren lan deialdi publikoetako azterketetan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezarri nahi ditu urrian egingo dituen azterketetan; iazko lan eskaintza publikoan egin gabe geratu zirenetan, hain justu: espezialista medikuen 26 plazetarakoetan eta goi mailako biologoen lau plazetarakoetan. Azterketa horiek atzeratu egin zituzten, iazko ekainean eginiko beste batzuetan irregulartasunak aurkitu zituztelako. Hori dela eta, beste hiru ere errepikatu behar dituzte, baina ez dute horiek egiteko egunik jarri oraindik.

Hamabi neurri jasotzen ditu Osasun Sailaren proposamenak. Nagusienak, bi: zozketa bidez aukeratuko dituzte azterketetako epaimahaiak, eta «irizpide objektibo batzuk» zehaztuko dituzte horko kide izan ahalko duten hautagaientzat. Halaber, proba teorikoak prestatzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpoko adituengana joko dute; urriko azterketetan, proba praktikoetarakoetarako ere bai.

Otsailean, Carmen Adan EAEko fiskalburuak auzitara jo zuen 11 kategoriatako azterketak filtratu zirela salatzeko, eta nabarmendu zuen «irizpide objektiborik» ez zela jarri probak prestatu zituzten kideak eta epaimahaikoak aukeratzeko orduan. Frogatu zuen berak ikertutako alorretan, besteak beste, Osakidetzako zuzendaritzako kide batzuek zuzenean izendatu zituztela epaimahaiko kide batzuk, eta horien artean zeudela azterketa aurretik jaso zuten pertsona batzuen lankideak eta senideak.

Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa ekarri zuen fiskalburuaren salaketak; martxoan izan zen hori. Azterketak egin aurretik ere langile batzuek salatu zuten filtrazioak egongo zirela, eta jarduteko modu hori aspaldikoa zela Osakidetzan.

«Eredu berri bat» helburu

EAEko Arartekoak eginiko gomendioetan oinarritu da Osasun Saila, eta esan du «berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak zaintzea» duela xede proposamenak. Neurrien alde azaldu da Arartekoa: uste du lagunduko dutela enplegu publikorako prozesu «inpartzialagoak eta objektiboagoak» diseinatzeko.

Osasun Sailak adierazi duenez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) adostu ditu neurriak, eta eztabaidatu egin ditu lan eskaintza publikoetako Segimendu Batzordeko sindikatuekin: SATSErekin, Medikuen Sindikatuarekin eta UGTrekin.

Osasun Sailaren asmoa da urriko azterketetan «frogatzea» neurri horien bideragarritasuna; bere helburua da prestatzen ari den Osakidetzarako «eskaintza publikoen eredu berrian» sartzea. Egitasmo hori Eusko Legebiltzarrean aurkezteko konpromisoa hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.