Koronabirusa. Patxi Izagirre. Psikologoa

«Kulpa sentimendua dolu prozesuetako korapilorik handiena da»

Izagirre doluan aditua da. Haren iritziz, pausa bat dago koronabirusaren ondorioz hil direnen ingurukoen dolu prozesuan, ez baitago luto soziala egiteko aukerarik. Psikologoak aholkatu du agur gutunak idaztea

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Koronabirusaren ondorioz, hainbat pertsona ari dira hiltzen bakardadean. Ingurukoak, sarri, ezin daitezke haiekin batera egon, eta horrek eragina du haietako bakoitzaren dolu prozesuan. Patxi Izagirre psikologoa (Zumarraga, Gipuzkoa, 1970) doluan aditua da; aholku batzuk eskaini ditu dolu prozesuetan laguntzeko.

Egunotan, jende asko ari da bakarrik hiltzen. Nola eragiten du horrek ingurukoen doluan?

Dolua egiteko orduan, garrantzitsua da hiltzear dagoenaren ondoan egotea. Egoera honetan, ordea, badirudi dolu prozesua pausa moduko batean gelditzen dela. Desagertutako pertsonen kasuan ere, esate baterako, pausa bat dago, baina baita ziurgabetasuna ere, ez baita gauza jakina hila dagoen ala ez. Kasu honetan, ez da horrela. Badakigu gertatu dela, baina, aldi berean, ezinezkoa zaigu harengana hurbiltzea eta agurra ematea. Hor sortu daiteke frustrazioa, haserrea edo kulpa sentimendua, ez baitago agur humanoa emateko aukerarik. Enkistamendu txiki bat sortzen da, eta sufrimendua.

Agur humanoa aipatu duzu, baina orain zaila da agur horiek egitea. Zer gertatzen da hor?

Orain ezin dira agurrak egin, eta, beraz, hori ere zintzilik gelditzen da; agur horiek kolektiboak izan ohi dira, familiarenak, lagunenak. Ezin direnez egin, ondoren erabaki beharko litzateke agurra egitea komeni den. Bitarte horretan, hildakoak ez du agurrik jasotzen, baina agurra eman nahi dutenak ere etxeetan gelditzen dira itxita, tribu barruko doluminak jaso gabe. Halako errituek kolektibo moduan batzen gaituzte, baina kasu honetan, hutsune edo pausa bat sortu daiteke.

Agurrik gabeko pausa horretan nola lagun diezaiokegu dolua egin behar duenari?

Orain, badirudi dolua ere online egin behar dugula. Luto sozialean, batzuk telefono eta mezu bitartez saiatzen dira doluminak transmititzen. Ez dago beilatokirik edo etxeko bisitarik, eta, beraz, tresna horietara ari gara egokitzen. Gainera, norbere etxean egoteak moztu egiten du hurbilketa, besarkada humano hori. Halako egoeretan garrantzitsua da adieraztea hemen gaudela eta sentitzen dugula, baina gehiegi enpatxatu gabe. Izan ere, batzuetan mezu gehiegi bidaltzen dira, inbaditzera iritsi arte.

Beraz, babesa ematea beharrezkoa da, baina neurrian.

Bai. Gainera, irudipena dut berehala ohartzen garela noraino eman genezakeen babesa. Gogoan eduki behar da dolua egiten ari den pertsona zeharo puskatuta egon daitekeela, eta posible dela telefonoa hartzeko edo mezuak erantzuteko gogorik ez izatea. Hor aholkua litzateke bidalitako mezuak erantzunik eduki ez arren mezu gehiago ez bidaltzea. Baliteke beraien saminean egotea eta, bidalitako mezua jaso arren, ez erantzutea. Gure beharra hor jada ase da; mezua jaso du, irakurri du, eta listo. Gehiegi tematzeak, lagundu beharrean, estresa sortu dezake.

Halere, babes kolektiboa jasotzeaz gain, garrantzitsua izango da bakarkako dolua ere egitea.

Bai, eta horregatik ikusten dut doluminean sortu daitekeen pausa arazo gisa. Hasieran, beharrezkoa da luto soziala egitea, kolektiboan egiten dena, esker onez. Ondoren, dolu prozesua bakarkako lana da, familia barruan egin ohi dena; horrek bere denbora behar izaten du eta geroago iritsi ohi da. Halere, hasierako luto sozialean pausa bat gertatzen denez, badirudi bakarkako dolua aurreratu egiten dela. Horren ostean irits daiteke topaketa sozialerako unea, baina hor ere aldaketak egon daitezke. Familia dolu prozesuan egon daiteke, baina, akaso, modu kolektiboan jendea hunkituago dago beste berri batzuekin. Komunikazio emozionalaren transmisioa, nolabait, faltsutu egiten da.

Zer egin daiteke doluan sortutako hutsune hori betetzeko?

Doluan dagoenak sentimendu ugari izan ditzake, baina sarritan aipatzen dut kulpa sentimendua dela dolu prozesuetan dagoen korapilo handiena; azken batean, gaizki sentitzea ondo sentitzeagatik. Hiltzear dagoen horrekin edo hil denarekin ezin bagara egon, gomendagarria da agur gutun bat idaztea joatear den edo joan den horri, era sinboliko batean bada ere. Modu indibidualean egin beharreko kontua da.

Ingurukoen dolua izan da aipagai, baina zer gertatzen da norbere buruaren doluarekin?

Sekulako bakardadea sentitu daiteke. Gure beldurrak, ezintasunak, gertukoekin egon ez izanak agonia eragin dezake, eta tortura. Ez dakit momentu horretan noraino agertu beharko litzatekeen gure gizatasuna, gure baloreak eta gure bertuteak. Horrelako trantzeetan ikusten da benetako pertsona non kokatzen den. Halere, garrantzitsua da norbere buruaren dolua egitea. Heriotzarekiko etxeko lanak egiterakoan, badirudi bakean joaten garela, onartuta eta hemen gelditzen diren guztiei esker ona emanda.

Norbere buruaren dolua egiteko orduan, garrantzitsua al da ingurukoak alboan edukitzea?

Ezbairik gabe. Pentsa, jaiotzerakoan badirudi guztiok gaudela hor, gozatzen, animatzen eta laguntza ematen. Itzulerako bidaian, ordea, imajinatu bakarrik gaudela. Tristea da hor bakarrik egotea, bestelako lehentasun batzuk ezarri dituztelako; babesgabetasun egoera horretan, iruditzen zait sufrimendu handiagoagehitzen zaiola jada dagoenari.

Halako egoera batean egon daitekeenarentzako aholkurik?

Pertsonaren egoerak rol garrantzitsua jokatzen du. Batzuek badakite aurki irits daitekeela hiltzeko ordua, baina, agian, kognitiboki ez daude agur hori emateko moduan. Emango nukeen aholkua da agur gutun bat edo testamentu emozional bat uztea, ingurukoei eskerrak emateko, maitasuna adierazteko eta bakean joateko. Nahiz eta gertu ez izan, testamentu mota hori idatzita edo ahots bidez grabatuta utziz gero, protagonista denak sekulako mesedea egingo die gelditzen diren pertsonei. Are gehiago, berari ere bakea emango dio despeditzen ari dela pentsatzeak.

Nola eragiten du egungo egoerak gizartearengan?

Iruditzen zait pandemia delako honetan iluntasun asko egongo direla, baina aterako direla argitasunak ere. Gaitz honen azpian heriotzari beldurra dago, azken batean. Egoera horretan ager daiteke egoismo itzela edo bertute humanoa, eta, beraz, ikusiko da norantz goazen kolektibo moduan. Aukera polita dugu gure gizatasuna adierazteko eta elkarrekin banatzeko; tribura batzeko. Hiltzen ari direnei dagokienez, badirudi denak koronabirusaren hobi komun moduko batean bezala daudela, baina haietako bakoitzari agur propioa egitea beharrezkoa da, pertsonala eta gertukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.