Mikel Asiain. Geroa Baiko parlamentaria

«PSNk zentralismoa hezur-mamiraino barneratuta dauka»

«Legealdi arraroa» izan da, baina, behin pandemia gaindituta, hainbat gaitan PSNrekin dituzten desadostasunak azaleratu direla nabarmendu du Asiainek. Horien gainetik, egonkortasunaren alde apustu egin dute.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bere lehen legealdia du Nafarroako Parlamentuan Mikel Asiain Geroa Baiko legebiltzarkideak (Atarrabia, 1962). Estreinakoan, pandemiak eta Ukrainako gerrak baldintzatutako legealdi «arraroa» egokitu zaio. Gobernu barruan bazkideen arteko tentsioak sortu badira ere, «logikotzat» jo du. Oso garrantzitsu deritzo politikoki egungo formulari eusteari.

Aurten, tentsioa goratu egin da gobernu barruan. Noraino tenkatu da soka?

Beharrezkoa zen tenkatzea. Legealdiko lehen bi urteetan pandemian murgilduta egon gara, eta ondorio ekonomikoei, sozialei eta politikoei aurre egitera zuzendu dugu esfortzu guztia. Behin hori gainditzeko bidean geundela, beste gaiek bereganatu dute berriz arreta, eta horietan izan dugu desadostasuna PSNrekin.

Desadostasun horien artean daude lan erreformaren inguruko UPNren eta PSOEren arteko akordioa, Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma, euskara planak, trafiko eskumenaren atzerapena, AHTaren lotura... Zein nabarmenduko zenuke?

Adibidez, autogobernuaren kontuan haien ikuspegia eta gurea ez da berdina. Alderdi federaltzat dute beren burua, baina praktikan oso zentralistak dira. Madrilen egindakoaren arabera hartzen dira erabakiak hemen, pandemiari, Ukrainako gerrari eta fiskalitateari buruz. Beti Madrilera begira daude. Guk uste dugu hemen hartu behar direla erabakiak, hemengo ikuspegiarekin. Hor talka egin dugu. Federalismoa ez dute praktikan jartzen. Zentralismoa hezur-mamiraino barneratuta daukate. Horren beste adibide bat Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma izan zen. Harropuzkeria galantaz egin zuten. Iazko abenduan ekarri zuten parlamentura hain garrantzitsua den legearen aldaketa, aldez aurretik gobernuko alderdiekin hitz egin gabe.

Geroa Bai eta EH Bildu oso kritiko agertu zineten akordio haren letra txikiarekin, etorkizunean finantza eta zerga autonomiaren ikur den lege horren aldaketak aukera irekirik utzi zuelako parlamentuaren onespenik gabe egiteko.

Gure iritziz parlamentuak galtzen zuen bere erabakitzeko ahalmen bat. Haiek diote ez dela horrela, baina 1990eko legea bultzatu zuen Jose Antonio Asiain buruzagi sozialista ohiak iritzi artikulu batean esan zuen ez zela beharrezkoa aldaketa hori. Beharrezkoa ez bada, zergatik aldatu dute?

Desadostasunen gainetik, egonkortasunaren alde egin du apustu Geroa Baik aurrekontuen aurreproiektua adostuta gobernu barruan. Zergatik?

Beti egonkortasunaren alde egin dugu apustu. Bestela, zer dago? Nahiz eta zailtasunak, gabeziak eta akatsak izan, halako gobernu bat mantentzen ez badugu, eskuina etorriko da. Arrisku hori dago. Bi arima horiek elkarbizitzen ari dira oraindik PSNren barruan, eta, ziurrenik, batzuk prest izango lirateke UPNrekin batera boterera itzultzeko.

Arrisku hori oso presente duzue gainerako indarrek? Zenbateraino baliatzen da PSN?

Ez dakit baliatzen duten hori, baina denok jabetzen gara nondik zetorren, non egon den 40 urtez, eta zer nahi dugun beste guztiok. Hori saihesteko, desadostasunen gainetik prest gaude egonkortasunaren alde egiteko. PSNren bi arimak apurtu, akitu, bukatu, suntsitu behar ditugu, eta denon artean lortu behar dugu bat nagusitzea.

Oraindik bidea dago egiteko?

Ikusten da zer motatako udala dugun Iruñean, eta Eguesibarren, eta Burlatan. Han mantendu da beste arima hori, Iruñean eta Burlatan UPNk gobernatzen baitu PSNri esker.

Zer neurritaraino izango dira garrantzitsuak bozak?

Erabat garrantzitsuak. Argi dago gizartea aurrerakoia eta ezkertiarra dela, baina gobernuari sinesgarritasun puntu bat falta zaio hori ikusarazteko. Hirugarren aldiz UPN gobernutik kanpo geratuz gero, agian gogorra da ondorioztatzea behin betiko izango dela, baina PSNren barruan eskuinarekin akordiora iritsi nahi duten indar horiek desagerrarazi daitezke poliki-poliki.

EH Bildurekin akordioa lortu aurretik, gobernu barruan adostu behar izan da. Uste baino errazagoa izan da?

Beti daude zailtasunak departamentu guztien artean, eta ez soilik Geroa Baiko departamentuen artean. Ulergarria da, denek nahi dutelako diru gehiago euren politikak aurrera atera ahal izateko, baina bakoitzak dagoen diruarekin jokatu behar du. Guk, logikoki, planteamendu kritikoa egin genuen: Europako funtsak gehituta edo kenduta erabat desberdin ateratzen zen. Europako funtsak kenduta, gure departamentuak diru gutxiagorekin geratzen dira. Tirabira logikoak izan ditugu, baina gobernu barruan akordioa lortu genuen.

Aurrekontuetan non dago Geroa Bairen lorratza?

Gure departamentuekin erlazionatutako funtsak azpimarratzen ditugu. Adibidez, Lurralde Antolamenduko Departamentuan etxebizitza politika indartu nahi dugu, eta 2015ean hasitako politikarekin jarraitu, bereziki diru gutxien dutenentzat laguntzak bultzatuz etxebizitza publikoa alokatzeko eta saltzeko. Garapen Ekonomikoan, ikusi behar dugu zer behar dagoen energiaren inguruan: non gauden eta zer gerta daitekeen energiarekin eta energia berriztagarriekin. Beharrezkoak dira laguntza zuzenak eta zerga bidezkoak. Herritarrekiko Harremanetako departamentuan batez ere euskara bultzatzeko laguntzak ugaritu dira Euskarabidearen bidez. Landa Garapenean, garrantzitsua da klima aldaketaren legea, indarra emateko eta abian jartzeko.

Iragan astean lortu dute akordioa Madrilgo eta Iruñeko gobernuek 2020-2024ko eperako ekarpenari buruz. Zer iruditu zaizu?

Gogoratu behar dugu Nafarroak estatuari ordaintzen dion ekarpena aurrekontuetako diru sailik handiena dela [%11 ingurukoa]. Akordioak egonkortasun ekonomikoa eta finantzarioa ematen dio Nafarroari. Bertan jasotzen denez, 137 milioi eurotik gorako soberakina dago, eta Geroa Baitik eskatu dugu zati bat Osasunbideko itxaron zerrenden arazoa arintzera bideratzeko. Era berean, Elma Saiz Ogasun kontseilariak emandako datuak nahiko korapilatsuak izan ziren, eta espero dugu hark eskatutako Parlamentuko agerraldian argituko dituela.

Iaz Hitzarmen Ekonomikoaren erreformarekin gertatu bezala, azken orduan jakin zenuten.

Gai guztiak gobernu barruan landu beharko lirateke, baina bakoitzak baditu bere lan egiteko moduak. Kasu honetan, Elma Saiz kontseilariaren gaiak bereak dira. Edukia gurekin negoziatu gabe ekarri du, gobernuan dagoen alderdi batekin hitz egin gabe.

Akordio horretako diru soberakinak itxaron zerrendak murriztera bideratzeko eskatu duzue. Zer gertatzen ari da?

Ulergarria da pandemian itxaron zerrendak handitzea, baina, behin hura gaindituta, uste dugu kudeaketarekin badagoela zer edo zer, erlazionatuta dagoela. Beste motatako neurriak har daitezke. Lehentasuna izan behar luke honek. Diruak balio behar luke espezialitate gehiago kontratatzeko, jardunaldiak luzatzeko, arratsaldeetan ordu gehiago sartzeko... Ez da dena dirua, baina ondo erabilita arazoa konpon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.