Albistea entzun

Maria Loroño. BC3ko ikerlaria

«Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko»

Zenbait hiritan, martxan jartzen ari dira klima aldaketari aurre egiteko planak. Eredu horiek aztertuz egokitzapenaren kontzeptua definitu nahian dabil ikerlari talde bat, neurri zehatzagoak hartzeko.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin - Isabel Jaurena -

2023ko ekainak 7

Uholdeak, tenperatura igoerak eta, orokorrean, muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira. Horren adibide dira duela aste batzuk Nafarroan izandako euri jasak. Klima larrialdiaren ondorio dira guztiak. Imagine Adaptation lanean, aztertu dute nola egokitu daitezkeen hiriak krisi horri aurre egiteko, eta Maria Loroño ikerlaria (Bilbo, 1989) horri buruz mintzatu da BERRIAren Kinka podcastean. Argi du: «Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko».

Zertan datza, zehazki, esku artean duzuen ikerketa?

Hiri askok klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko plan espezifikoak dauzkate, baina, zehaztu gabe dagoenez zer den egokitzapen egokia, askotan esfortzu horiek ez dute helburu argi bat. Horregatik, ikerketa honen helburua da egokitzapena definitzea eta zehaztea. Ehun hirirekin lan egingo dugu, jakiteko zer ikuspegi duten egokitzapenaren inguruan.

Adituen ikuspegia kontuan hartu duzue, baina zer diote herritarrek?

Esango nuke gero eta ageriagoak direla klima aldaketak dakartzan ondorioak, eta, beraz, herritarrak badira kontziente horretaz. Badago nahi orokor bat, baina, askotan, esfortzu pertsonalak egin behar ditugu klima aldaketari aurre egiteko.

Adibidez?

Gure hiriak autoetarako prestatuta daude, baina errepideek eta zementuzko azpiegiturek beroa gordetzen dute, eta tenperatura igotzen dute hirietan. Hortaz, trantsizio bat egon behar da: autoa gutxiago erabili behar da, eta errepideak gune berdeekin aldatu behar dira. Izan ere, gune berdeek tenperaturak erregulatzen dituzte, eta, horrela, beroaldiak kontrolatzen dira, baina horrek mugikortasun ezberdin bat dakar: autoa alde batera utzi behar da, eta, oraindik, herritar asko ez gaude prest hori egiteko.

Zer egin behar dute instituzioek?

Denbora eta baliabideak direla eta, instituzioen agendan egokitzapena ez dago lehenengo lerroan. Gainera, klima aldaketari aurre egiteko, uztartu egin behar dira adituen eta herritarren ezagutza; premiazkoa da herritarren ezagutza eta perspektiba politiketan aplikatzea. Horretarako, politika egiteko modua aldatu behar da: behetik gora egin behar da, eta hori beti ez da erraza.

Egokitzapen egokiarekin, beraz, onura nabarmenak egonen dira?

Tenperaturak epeldu, uholdeak gutxiagotu eta, orokorrean, klima aldaketaren efektuak kontrolatu edo murriztuko lirateke. Horrez gain, onura zehatzagoak ere egongo lirateke. Adibidez, gune berdeek tenperaturak kontrolatzen dituzte, eta airearen kalitatea hobetzen dute. Gainera, kirola [egitea] sustatzen dute, eta, hortaz, biztanleria osasuntsuagoa izaten laguntzen dute, bai fisikoki eta baita mentalki ere.

Eraikinak hobetzea estrategikoa da prozesu horretan; nola egin daiteke hori?

Estruktura berdea egotea garrantzitsua da: kanpoko estrukturan edo teilatuan lorategiak jartzeak tenperatura kontrolatzen laguntzen du. Gainera, lorategien lurrak eta begetazioak euria xurgatzen du, eta uholdeak kontrolatzen laguntzen du. Eraikinek ere ondo isolatuta egon behar dute, eta orientazio egokia izan behar dute. Horrela, ez dugu energiarik beharko horiek berotzeko, beharrezkoa ez denean.

Isolamendu lan horretan, garrantzitsuak dira eraikina egiteko erabilitako materialak, ezta?

Badaude material batzuk hobeak izan daitezkeenak beroa ez harrapatzeko, egurra eta kortxoa, adibidez. Inportantea da erabiltzen ditugun materialak jasangarriak izatea. Badago kasu bitxi bat Amsterdamen: uholdeekin arazo larriak dituzte, eta orain hasi dira eraikin berri batzuekin saiatzen, eraikin anfibioekin. Uretan daude; beraz, uholdeak ez dira arazo bat, urarekin batera gora eta behera egiten baitute.

Horrek guztiak inbertsio ekonomiko handia eskatzen du. Nork finantzatzen ditu proiektuak?

Eraikin berriekin ez dago hainbeste problemarik; normalean, kudeatzeko zailagoak dira lehendik hor dauden eraikin zaharrak. Etxeak hobeto isolatzeko, badaude ekimen publiko-pribatuak; gobernuek parte bat kudeatzen dute, baina jabeek finantzatu behar dute beste partea. Horrez gain, badago aukera eraikinean aldaketak egiteko finantzaketa jasotzeko, eta etxebizitzaren prezioari deskontatzen zaio gero, etxea saldu edo heredatzen denean.

Egokitzapen egokia lortzeko beste modu batzuk ere badaude.

Eraikinak badira garrantzitsuak, baina badaude beste era asko. Azpiegitura berdeak hirietan ere oso garrantzitsuak dira. Uholdeetatik defendatzeko azpiegitura garatzea ere premiazkoa da; batzuetan, elementu naturalekin egin ahal da, eta, beste batzuetan, ingeniaritza beharrezkoa da, hormak instalatzeko, adibidez.

Funtsean, egokitzapena bera nola egiten den da garrantzitsua, ezta?

Bai. Garrantzitsua da konturatzea inportantea ez dela bakarrik ondorioa, baizik eta prozesua ere bai. Adibidez, garrantzitsua da biztanleria ikerketan eta politiketan inplikatzea, ezagutza koproduzitzea. Garrantzitsua da kolektibo zaurgarrietan arreta handia jartzea: adineko jendearengan, baliabide ekonomiko eskasekoengan, eta abar. Izan ere, askotan, klima aldaketak ondorio okerragoak izaten ditu kolektibo horiengan, eta egokitzapenak konpentsatu egin behar du hori. Gure proiektuarekin, hori ikertu nahi dugu.

Egitasmoren bat nabarmenduko zenuke?

Kopenhagen, adibidez, ekaitzekin eta uholdeekin arazo larriak dituzte. Baina hirian zehar ura pilatzen den puntuetan, gune berde txikiak jarri dituzte. Lehor dagoenean, parketxoak dira, eta, ekaitzak daudenean, euri ura gordetzen dute, uholdeak kontrolatzen laguntzeko. Oso ondo kudeatzen dituzte espazio publikoak; herritarrek aukera dute kanaletan bainatzeko, eta horrek komunitatea sortzen du, eta kirola egitea bultzatu.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.