Libiako atxilotze guneko bonbardaketatik ihes egin nahi zutenei tiro egin zieten

NBEren txosten batek dio guardiek migratzaileen kontra jo zutela. 80 bat etorkin desagertuta daude Tunisian ontzi bat hondoratu eta gero

Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Jada 53 dira herenegun Tripoliko atxilotze gune baten kontra egindako bonbardaketaren ondorioz hildakoak. OCHA Gai Humanitarioetarako Koordinazio Bulegoak eman zuen datua, atzo. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak, gainera, txosten bat kaleratu zuen, eta, horren arabera, atxilotze guneko guardiek migratzaileei tiro egin zieten, aire erasotik ihes egiteko ahaleginean ari zirela.

Txostenak dioenez, bi aire eraso gertatu ziren herenegun goizaldean, Libiako hiriburuaren ekialdean, Tajuran. Bonbetako bat hutsik zegoen garaje batean lehertu zen, eta bestea, biltegi batean. Saharaz hegoaldeko Afrikako 120 bat etorkin zeuden han.

Base militar batetik gertu dago atxilotze gunea. Aintzat hartu behar da Libian gerran daudela. NBEk babesten du Tripoliko gobernua, eta Khalifa Haftar jenerala buru duen Libiako Armada Nazionalak hiriburua hartzeko erasoaldia hasi zuen orain dela hiru hilabete. Haftarren indarrek Tripoliko gobernuaren posizioak bonbardatu zituzten joan den maiatzaren 7an, eta atxilotze gunean zeuden bi etorkin zauritu zituzten. NBEren agentziaren txostenak azpimarratzen du agintari libiarrek jarraitzen dutela, hala eta guztiz ere, migratzaileak hara eramaten.

Guneak ixteko asmoa

Tripoliko gobernuak ez du txostena komentatu nahi izan, baina NBEren Libiarako mandatariak nabarmendu zuenez, Fathi Ali Baxagha Barne ministroak ez du baztertzen atxilotze guneak ixtea eta horietan preso dauden migratzaileak aske uztea. Sudan, Somalia, Eritrea, Etiopia eta beste hainbat herrialdetako 6.000 bat migratzaile daude Libiako dozenaka atxilotze guneetan.

NBEk babestutako gobernuak Haftarren indarrei egotzi die herenegungo erasoa; jeneralaren miliziaren bertsioaren arabera, ordea, gobernuaren kanpamentu bati eraso egin zion, gobernuaren soldaduek bonbardatu egin zituen atzera, eta orduan eman zioten atxilotze guneari. Michelle Bachelet Giza Eskubideen NBEren goi mandatariak herenegun adierazi zuenez, «gerra krimentzat» har daiteke erasoa.

Horri buruz galdetu zioten, atzo, Maja Kocijancic EB Europako Batasuneko Atzerri gaietarako bozeramaileari, eta, nolabait, hitz beste egin zuen. Libiako kostazainak entrenatzeko akordioa egin zuten Bruselak eta Tripolik duela bi urte, eta hori defendatu zuen Kocijancicek. «Formakuntza bat ematen diegu, giza eskubideak errespetatu ditzaten». Izan ere, NBEk eta giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat taldek kritikatu dituzte bai atxilotze guneetako baldintzak, baita itsasoan atxilotzen dituzten migratzaileekin kostazainek izaten duten jarrera ere.

Bestalde, herenegun 86 migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu zen Tunisiako kostaldean, eta, hango Ilargi Gorriko bozeramaile baten arabera, horietako 80 desagertuta daude. Iheslarientzako Nazio Batuen Italiarako Goi Mandatariak jakinarazi zuenez, sei erreskatatu zituzten —horietako bat ospitalean hil da—, eta beldur da besteak ez ote diren hil. Ontzia Libiatik atera zen, orain egun batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.