COP27. Elkarrizketa. Anna Perez Catala. IDDRIko ikerlaria

«Isuriak ez dira izan lehentasun COP27ren antolatzaileentzat»

«Argi izpi bakarra» utzi du COP27 goi bilerak, zientzialariaren iritziz: estatu zaurgarrienen kalte ordainerako funtsa. Salatu du gainerakoan akordioak «iazko hizkuntza bera» erabili duela.

JON URBE / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
COP27 klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen goi bileran parte hartu du Anna Perez Catala ingurumen zientzialari eta IDDRI Parisen egoitza duen think tank-eko ikerlariak (Badalona, Herrialde Katalanak, 1990). IDDRI trantsizio energetikoa bultzatzea helburu duen elkarte bat da, eta haren ordezkari gisa «negoziazioetan eragiten» saiatu da Perez Catala Egipton egin den goi bileran, «lobby positibo baten rola» jokatuz. Azken akordioak gehiago du ilunetik argitik baino, haren esanetan.

Zer iruditzen zaizu COP27 bileran estatuek sinatu duten akordioa?

Nire ustez dezente etsigarria da, eta aurrerapauso gutxi eman ditu beste COPetan hartutako konpromisoekin alderatuta. Goraipatu diren adierazpenetako asko aurreko urteetan adostutakoak dira. Ez da goi bilera handia izan.

Lehenengoz adostu dute «herrialde zaurgarrienentzako» funts bat eratzea, klima aldaketak eragindako galeren eta kalteen ordainerako.

Hori da argi izpi bakarra. Hala ere, ez dago argi nolakoa izango den. Proposamen askoz ere zehatzagoak egin ziren joan den astearen hasieran, eta lausotu egin dituzte, akordio bat lortu ahal izateko. Argitzeko dago nork jasoko duen laguntza, nola, zenbatekoa, nondik aterako den dirua.

Zer zehaztu da orain arte?

Sortuko dutela jakitea garrantzitsua da bere horretan, herrialde zaurgarrienek eta gizarte zibilak urte luzez egin duten eskaria delako. Oso garrantzitsua da galeretara eta kalteetara bideratzea modu bereizian, eta ez beste funts baten menpe edota beste helburu batekin nahasita: herrialdeen egokitzapenarekin, esaterako. Oraingoz dakiguna da trantsizio komite bat sortuko dutela, eta talde horrek bilerak egingo dituela hurrengo goi bilerara bitartean, funtsaren xehetasunak zehazteko.

Egipton, agerikoa izan da zein urrun dauden herrialde aberatsenen eta garabidean daudenen arteko jarrerak. Espero izatekoa da trantsizio komitean negoziazio gogorrak izango direla?

Bai. Komitean iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen ordezkaritzak egongo dira. Ikusiko dugu jarrerak gerturatzen dituzten ala ez. Europako Batasunak [EB] proposamen bat egin zuen COP27n; ez zen onartua izan, baina balio du ohartzeko zein den EBren jarrera. Proposamenak zera zioen: «Dirua jarriko dugu, baina nahi dugu Txinak ere dirua jartzea». Txina normalean ez da herrialde emailea, laguntzen hartzailea baizik. EBk dirua biltzeko metodologia zabaltzea ere proposatu zuen, garapen bankuei dirua eskatuz [Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari, nagusiki] edo zerga berritzaileren bat sortuta: abiazioaren gainekoa, adibidez. Ikusi beharko da zein den aukera errealista bat.

Herrialde aberatsenek indar handiz exijitu dute berotegi gasen isuriak azkarrago murriztea.

Hor ere ikusi da herrialde garatuenen eta garabidean daudenen arteko talka. Arreta kalte ordainean jarri da gehienbat, hegoaldeko herrialdeek duten beharrean. Eta iparraldeak arreta jarria du isurien murrizketan. Horrek eskatzen du goi bileretako agenda orekatua izatea, bi zutabe horien artean. Egia da konferentzia honetan akordiorako proposamenak bitxiak izan direla, Glasgowko [Eskozia] konpromiso batzuk urardotzen zituztelako. Glasgown [COP26 bileran] 1,5 graduko berotzearen langa ez gainditzeko konpromisoa berretsi zen, eta ikatzaren erabilera murriztea adostu. Azkenean, iazko hizkuntza berbera erabili du aurtengo akordioak. Isuriak ez dira izan lehentasun COP27ren antolatzaileentzat, ezta estatu askorentzat ere.

Erregai fosil guztien erabilera murrizteko eskatu zuen 80 estatutik gorako aliantza batek, India buru, baina Errusiak, Saudi Arabiak eta Iranek ez zuten onartu. Ez da garai geopolitikorik onena gai hauei buruz eztabaidatzeko.

Eta gainerako estatu kutsatzaileek hartu al dute konpromiso nabarmenik isuriak gutxitzeko?

EB kexatu egin da, baina baditu etxeko lanak. Iragarri du %2 areagotuko duela isurien murrizketa: %55 ez, baizik eta %57 gutxituko duela [2030 urterako, 1990 urteko kopuruekin alderatuta]. Aldea txikia da. Nire ustez, G20koak dira isuriak gutxitzeko planak aurkezteko ardura handiena dutenak. Horiek dira boterea eta baliabide ekonomikoak dituztenak, eta gehien isurtzen dutenak. Aldiz, estatu oso zaurgarri batek, ia isuririk gabekoak, egokitzea behar du. Hor dago biltzarrek behar duten oreka.

Iaz, estatuek onartu zuten isuriak gutxitzeko planak prestatzea Lurraren berotzea ez dadin 1,5 gradutik gorakoa izan. Iragarritakoa bete al dute?

Oso estatu gutxik bete dute, eta hori izan da goi bileraren alde etsigarrienetako bat. Herrialde batzuek, nahikoa baliabide dituztenek, plan horiek berritzeko aukera dute, denbora eskatzen badu ere, ekonomiaren sektore guztiak hartu behar baitira kontuan. Baina ulertu behar da beste herrialde batzuek ez dutela gaitasunik beren planak berraztertzeko. EBk, adibidez, ez du plan berririk aurkeztu.

Uste duzu oraindik posible dela berotzea 1,5 graduko langatik behera mantentzea?

Aukera gero eta gutxiago daude. Ez diot itxaropena galtzeko. Azkenean, berotzea 1,6koa bada 1,5ekoa izan beharrean, askoz ere hobea izango da bi gradukoa baino. Gradu ehunen bakoitza oso garrantzitsua da. Berotzearen eta kalteen arteko harremana ez da proportzionalki zuzena, esponentziala baizik.

Salatu dute energia fosilen enpresetako ordezkari askok parte hartu dutela goi bileran. Sumatu duzu halakorik?

Zaila da esaten, askotan ezin direlako atzeman. Baina dezente harritu nauena da karbonoa biltegiratzearen aldeko ordezkari ugari izan direla. Aldarriak oso lotura estua du erregai fosilen enpresen interesekin. Lobbysta horiek eskatu dute atmosferatik karbonoa biltzeko teknologiak —oraindik existitzen ez direnak eta frogatu gabe daudenak— akordioan gehitzeko eta finantzatzeko, era horretan erregai fosilak kontsumitzen jarraitzeko. Inoiz ez dut ikusi horrelako bultzada indartsurik zientzialari askoren esanetan irtenbide faltsuak diren horien alde. Ez diot usain onik hartu.

Datorren urtean, COP28 Dubain egingo da, Arabiar Emirerri Batuetan. Zer eragin izan dezake petrolio ustiatzaile handia den estatu batean antolatzeak?

Gai batzuetan zaila ala ezinezkoa izango da aurrerapausoak ematea, estatu horren interesengatik; erregai fosilen kontuan, bereziki. Azkenean, presidentetza batek erabakitzen du zein elementu jarri mahai gainean eta zein ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.