HDPren aurkako epaiketa. Murat Sarisaç. HDP alderdi kurduko diputatua

«AKPk bultzatutako konspirazio bat da 'Kobane auzia'»

Vaneko diputatuak argi du Erdoganen estregiaren parte dela alderdiko zuzendaritzaren aurkako epaiketa: «presioek eta erasoek emaitzarik izan ez dutenean» geratu zaien bidea.

O. C.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Murat Sarisaç HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatua da Vanen, Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiek gogorren jotako Ipar Kurdistango eskualdean. Nekaezin, Sarisaçek etengabe salatzen ditu eskualde horretako herritarrek jasaten dituzten bidegabekeriak, errepresioa, giza eskubideen etengabeko urraketak. Horietan azkena, alderdi kurduko zuzendaritzaren aurka atzo hasitako auzia, 2014an Kobanen protestara deitzeagatik.

Hasi berri dute HDPko zuzendaritzako 108 kideren aurkako epaiketa. Zergatik alderdi kurduaren aurkako kanpaina horiek?

Kapitalismo basatiak badu lege bat: norbaitekin lan egin ahal izateko, lehenik haren antzekoa izan beharra dago politikoki, baina batez ere moralki. Norbaitek bere lerro politikoaren eta balio moralen arabera jokatu nahi badu, etsai bilakatzen da. AKPk, eta zehazki Erdogan presidenteak, kurduak kontrolpean hartu nahi izan dituzte beti. 2015eko ekainaren 7ko hauteskundeak inflexio puntu bat izan ziren. Kurduak faktoreizateari utzita aktore bihurtu izana ez da inoiz AKPren gustukoa izan.

Horregatik jasan duzue azken sei urteotan halako jazarpena?

Bai, gure presidente ohiak Figen Yuksekdag eta Selahattin Demirtas, ehunka diputatu eta HDPko milaka kide atxilo hartu dituzte, edo debekatu egin diete lan egitea. AKPren helburua HDP geldiaraztea zen. Baina, hala ere, HDPk Turkiako herri guztien babesa lortu du. Alderdi kurduari inoiz botorik ez diotela emango diotenak ez dira %30 ere.

Presioek eta erasoek emaitzarik izan ez zutenean, AKPk beste bide batzuk bilatu behar izan zituen. Orduan zabaldu zuen Kobaneauzia, baina horrek ere ez dio ezertarako balioko.

Kobane auzia ez da giza eskubideen aurkako epaiketa bat bakarrik: AKPk bultzatutako konspirazio bat da. Eta gu prest gaude aurre egiteko. Ehunka abokatu, giza eskubideen aldeko erakunde eta ordezkarik erne erreparatuko diote epaiketari. Gure asmoa zera da, epaiketa baliatzea HDPren aurkako errepresio politikak salatzeko.

Uste duzu nazioarteko erakundeak euren esku dagoen guztia egiten ari direla HDPren alde?

EB Europako Batasuna bere balioetatik urrunduz joan da denbora luzez. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak bete beharrekoak diren arren, entzungor egiten die. Giza eskubideak baztertu egin dituzte herrialdeen interesen mesedetan. EBren balioak higatzen diren heinean, batasuna ahulduz doa. EBk amore eman dio errefuxiatuen xantaiari.

Hitz egin dezagun Vanen duzuen egoeraz. Nolakoa da, Turkiak ikuskatzaile bat izendatu ondotik?

AKPk zuzendutako gobernua, hain zuzen, bere irudimenean zuen erregimena eraikitzeko lanetan aritu da, eta, aldi berean, erregimen hori betikotzeko irtenbideen bila. Vanen ezarri diren neurriak ez ditugu beste inon ikusi. Eskualde zabal bateko hiriburua da Van, Serhatekoa, eta herri kurduaren erresistentzia eta askatasun gosea islatzen ditu. Hiri bizia da Van, biztanleria gaztea duena. Horregatik, duela sei urtetik hona, larrialdi egoeran dago.

2016ko azaroaren 17an ezarri zuten lehen aldiz larrialdi egoera, alkatea atxilotu ostean, lehen ikuskatzailea izendatu zutenean. Udal gobernuak desegin zituzten, eta modu aske eta legezkoan aukeratutako hautetsiak atxilotu; labur esanda, udalen baliabide ekonomikoak arpilatu zituzten. Lau egun geroago, manifestazio, martxa eta ekintza demokratiko eta baketsu oro debekatu zuten.

1.600 egun baino gehiago egin ditugu debeku horien menpe. Noski, debeku horiek oposizio demokratikoa dute jopunt;, zehazki, kurduen oposizioa. Askatasunari eta herriaren borondateari ezarritako hipoteka da ikuskatzailea, kolpe politiko bat.

Vanen badaude sei espetxe, baina AKP beste bat eraikitzen ari da Ercisen.

Munduko txoko askotan, espetxeetan hasi dira aldaketak: Hegoafrikan gertatu da, Ipar Irlandan eta Latinoamerikan. Presoek 1980ko hamarkadan hasitako erresistentzia kanpainak gaur egun arte iraun du. Egun oraindik bakartzearen, torturaren eta giza eskubideen aurkako erresistentzia gune nagusia dira espetxeak. Baina AKPren gobernua ez da ohartzen horretaz: ez du memoria historikorik, eta horregatik uste du askatasunaren aldeko borroka eten ahal izango duela gu espetxeratuta.

Beti diozu Vanen tortura guztiz eta erabat onartzen dela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Tamalez, maiz salatzen ditugu tortura eta giza eskubideen urraketa kasuak gure espetxeetan eta haietatik kanpo. Zigorgabetasuna nagusitu egiten da, eta urraketa horien goi erantzuleek babestuta jarraitzen dute. Gertakari horietatik azkena zera izan da, bi nekazari kurdu torturatu eta helikoptero batetik bota dituztela Çataken. Haietatik batek, Osman Sibanek, oroimena galdu du gertatutakoaren ondorioz; eta bestea, Servet Turgut, hil egin da. Gertatutakoa salatu zuten kazetariei sei hilabeteko espetxealdia ezarri diete.

Azken sei urteotan 20.000 lagun inguru atxilotu dituzte; horietatik 6.000 bat HDPko kideak dira. COVID-19a espetxeetan mehatxu bilakatu den arren, preso politikoak ez zituzten sartu zigorra etxean bete zezaketenen artean. Egun gaixo dauden 1.400 preso daude; horietatik 400 inguru larri daude. Eta 0 eta 6 urte arteko 800 bat haur daude espetxeetan.

Milaka daude gose greban.

Bai, espetxeetako egoeraren eta Abdullah Ocalanen bakartzearen aurka egiten dute protestak. Gizarte oso bat bakartu dute zentsuraren eta zapalkuntzaren bidez. Hori salatzeko, milaka preso politikok 150 egun daramatzate gose greban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.