Albistea entzun

Luis Ocampo. Izquierda Castellanako bozeramailea

«Legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzungo dugu»

Espainiako justiziak Izca legez kanporatzeko auziarekin segitzea erabaki zuen, Estatuaren Abokatutzaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra. Soilik «jarrera demokratiko faltak» azaldu dezake egoera, eledunaren ustez.
NOS DIARIO Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko urtarrilak 22

Izca Izquierda Castellana alderdia legez kanporatzeko mehatxutik salbu geldituko zela zirudien joan den abenduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak deitua zuen ahozko saioa bertan behera utzi zuenean. Baina prozesuarekin jarraitzea erabaki zuen bi aste geroago, Estatuaren Abokatutzak eta fiskaltzak auzia artxibatzeko aurkeztu zuten eskaera baztertuta. Alderdien Legea urratzea leporatu zion Espainiako Barne Ministerioak Izcari, eta alderdiak estatutuak egokitu zituen legearen baldintzak betetzeko. Ez da nahikoa izan. Luis Ocampo alderdiko bozeramailearen (Vigo, 1952) iritziz, «bultzada politiko bat» dago erabakiaren atzean, eta azaldu du Izcak sortu zenetik jasan duela «kriminalizazio prozesu bat».

Nola ikusten duzue duzue Auzitegi Nazionalaren ebazpena?

Esan genuen hoberena espero genuela ahozko saioa bertan behera gelditu zenean, joan den abenduaren 14an, baina okerrenerako prest geundela. Ez gaitu ustekabean harrapatu Auzitegi Nazionalak azkenean hartu duen erabakiak. Harrigarria bada, fiskaltza eta Estatuaren Abokatutza prozedura artxibatzearen alde agertu zirelako auzi saioa bertan behera gelditu eta gero. Gure estatutuak 2015eko Alderdien Legera egokitu gabe zeuden, hori konpondu zen, alderdi politikoen erregistroak aldaketak onartu zituen, balekoa eman zien estatutuei, eta fiskaltzak eta Estatu Abokatutzak idatziz adierazi zuten kasua artxibatu egin behar zela, haien iritziz. Baina epaileak kontrakoa erabaki du.

Zer argudiotan oinarritu du bere erabakia auzitegiak?

Barne Ministerioak prozedura horren bidez Izquierda Castellanaren legez kanporatzea bilatzen zuela, eta eskari hori ez dela bete. Ez geneukan inolako zalantzarik auziaren atzean bultzada politiko bat dagoela, eta azken ebazpenarekin oso agerikoa bihurtu da. Justiziaren eta, bereziki, Auzitegi Nazionala bezalako salbuespenezko egitura baten jarrera demokratiko faltak azaldu dezake soilik halako erabaki bat. Errealitate hori ezaguna zaigu aspalditik, eta ez gaitu harritzen.

Zeri erantzungo lioke Izquierda Castellana legez kanporatzeko bultzada politikoak?

Gu 2000. urtean sortu ginen, eta eratu ginenetik babestu dugu proiektu apurtzaile bat, errepublikanoa; trantsizioa salatu dugu, prozesu demokratiko baten gabezia islatzen duelako; internazionalismoa babestu dugu, bai espainiar estatutik kanpo, baina baita estatu barruan ere, haren barruko herrien subiranotasunaren eta autodeterminazio eskubidearen defentsaren bidez. Hasieratik ezagutu dugu Izcaren kontrako kriminalizazio prozesu bat. Dozenaka atxiloketa jasan ditugu, eta dozenaka epaiketa gure ekintzailetza esparruarekin lotuta. Legez kanporatzeko saiakera bat ere izan zen 2008. urtean, Manos Limpias sindikatuaren salaketa baten ondorioz. Aurretik, beste salaketa bati egin genion aurre. [Espainiako] monarkiari iseka egitea egotzi ziguten, eta [Baltasar] Garzon buru zuen epaimahaiak instruitu zuen kasua. Hark artxibatu zuen. Kartel batzuetan salatu genuen erregea frankismoaren krimenen konplize dela. Auzi saioan baieztapen hori frogatzeko aukera izan genuen, eta auziarekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuen epaileak.

Ebazpenaren ostean adierazi zenuten ez zinetela gatazka juridikoetan katramilatuko. Nola erantzungo diozue legez kanporatzeko arriskuari?

Erantzun politiko bat prestatzen ari gara. Manifestu bat egin dugu, sinadurak biltzen ari gara, eta atxikimenduak gure webgunean argitaratzen hasi gara. Katalunian, estaterako, 150 lagunek baino gehiagok sinatu dute; horietako asko esparru subiranistako ordezkari politikoak eta gizarte ekintzaileak dira. Astero, jasotako atxikimenduen berri emango dugu. Auzi saioa hurbiltzen denean, prozedura salatzeko ekintzak egingo ditugu kalean, eta, azkenean legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzuteko estrategia jarriko dugu abian, neurri juridikoak alboratu gabe. Ziurrenik [Espainiako Auzitegi] Gorenera joko genuke.

Aldi berean, Doris Benegas fundazioa erregistratzeko prozesuan zaudete —Benegas Izcaren sortzaileetako bat izan zen, eta Ocamporen bikotekidea; 2016an hil zen—. Hor ere trabak izan dituzue.

Duela urtebete fundazioa erregistratzeko dokumentazioa aurkeztu genuen. Estatuko legediak eskatzen du 30.000 euro aurkeztea. Guk erdiaren ekarpena dirutan egin genuen, eta beste erdia fundazioaren egoitza bihurtu nahi dugun higiezinaren bidez. Enpresa ezagun batek azterketa egin zuen eraikina balioztatzeko, baina Justizia Ministerioak dio eraikinaren balioa 15.000 euro baino gutxiagokoa dela, inolako txostenik aurkeztu gabe. Erabaki horri helegitea aurkeztu diogu. Uste dugu fundazioaren erregistroa geldiarazteko ahalegin bat dela.

Zer ondorio izango luke Izca legez kanporatzeak Gaztelako ezkerrarentzat?

Errealitate politikoa argitzeko elementu bat izango litzateke, Barne Ministerioak zertara jokatzen duen agerian utziko lukeena. Gure erakundea jardun politikoan eta sozialean oinarritzen da, eta horretan jarraituko dugu. Errepresio neurri gehiago hartu nahi badituzte, haiek ikusi beharko dute zer nahaspilatan sartuko diren. Militantzia sendo dago, eta uste dugu prozesu horrek eragingo lukeen bakarra espiritu hori indartzea izango litzatekeela.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Euskal Herriari eskertu nahi diogu askatasunaren alde egin duen borroka historikoa, autodeterminazio eskubidearen aldekoa, eta aitortza egin nahi diegu legez kanporatzeko arriskuan gaudenean babesa agertzea erabakitzen duten herri mugimenduko lagun guztiei. Espero dugu 2022an euskal presoak, gutxienez, Euskal Herrira itzultzea eta, ahal den neurrian, aske gelditzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, Suediaren eta Finlandiaren eskaerekin. ©JOHANNA GERON / POOL

Suediak eta Finlandiak jada igorri dute NATOn sartzeko eskari ofiziala

Nagore Arin

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak «urrats historiko» gisa deskribatu du bi herrialdeek erabaki hori hartu izana. «Aliatu guztiak bat datoz NATOren hedapenaren garrantziarekin», esan du.

Bero olde bat pairatz ari dira Pakistanen. Argazkian, pertsona bat beste bati bustitako xukadera bat kopetan, jartzen, herenegu Karatxin. ©EFE

Klima larrialdiarekin lotutako lau adierazlek markak hautsi zituzten, iaz

Igor Susaeta

Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren datuek «argi» erakusten dute «giza ekintzak ari direla mundu mailan aldaketak eragiten Lurrean, ozeanoan eta atmosferan, eta horiek ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak dituztela garapen jasangarrirako eta ekosistementzako».

Kenyako Gabra komunitateko artzain bai, lehorteak hildako bere ganaduari begira, joan den urtarrilean. ©Daniel Irungu, EFE

Afrikako Adarrera laguntza bideratzeko beharraz ohartarazi dute, giza hondamendia eragozteko

Gorka Berasategi Otamendi

Oxfam Intermon eta Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 23 milioi pertsona daude muturreko gosea pairatzeko arriskuan. Eskualdeak azken 40 urteetako lehorterik gogorrena bizi du.

 ©BERRIA

«Oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugu»

Jon Ordoñez Garmendia

Pustilnickek esan du Txileko Konstituzio berriaren zirriborroak gizartearen eskaerei erantzuten diela, eta eskubide sozialetan eta berdintasunean jarri du arreta, baita jatorrizko herrien aitortzan ere

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.