AEBetako hogeitik gora estatutan debekatu dezake abortua Auzitegi Gorenak

Filtratutako dokumentu baten arabera, auzitegiko magistratu gehienak haurdunaldia eteteko eskubidea indargabetzearen alde daude

Abortuaren aldeko ekintzaile bat, atzo, Gorenaren parean. Atzean ditu eskubidearen aurkakoak. SHAWN THEW / EFE.
Nagore Arin - Paulo Ostolaza
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Baliteke abortatzeko eskubide konstituzionalean atzera egiteko prest egotea AEBetako Auzitegi Gorena. Hori filtratu du, behintzat, Politico hedabideak: erabakiaren lehen zirriborro bat dirudiena zabaldu zuen herenegun gauean. Zirriborro horretan, Samuel Alito epailearen sinadura ageri da, eta gorteko bederatzi magistratuetako bosten iritziak jasotzen ditu. Duela hainbat hamarkada, auzitegi horretan bertan onartu zuten haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala, 1973. urtean, Roe v. Wade izenez ezagun egin zen epai historikoan.



Testuak ez du interpretaziorako tarte handirik uzten: otsailean emandako boto pribatu horren arabera, Gorenaren gehiengo kontserbadore bat 1973an onartutako eta 1992an Planned Parenthood v. Casey auzian berretsitako aurrekaria indargabetzearen alde dago. «Roe oso oker zegoen hasieratik», adierazi du, idatziz, Alito epaileak. «Haren motibazioa bereziki ahula izan zen, eta erabaki hark ondorio kaltegarriak izan ditu. Abortuaren inguruan adostasun nazionala lortu beharrean, Roe eta Casey sententziek eztabaida leundu zuten, eta zatiketa sakondu», nabarmendu du filtratutako zirriborroan.

Dokumentuak 98 orrialde ditu, eta, azpimarratu dutenez, «lehen» zirriborro bat da. Behin betiko epaia ez da espero ekainaren amaierara arte edo uztailaren hasierara arte. Gorena ordezkatzen duen gehiengo kontserbadore handia aintzat hartuta —sei epaile kontserbadore eta hiru aurrerakoi, Donald Trumpen azken izendapenen ondorioz; presidente ohiak 2016an argi utzi zuen abortu eskubidea zuela jomugan—, aurreikus daiteke gaiak zer norabide hartuko duen. Zirriborroan, Clarence Thomas, Brett Kavanaugh, Amy Coney Barrett eta Neil Gorsuch epaile kontserbadoreak ageri dira —John Roberts falta da—.

BAT-BATEKO ERREAKZIOAK

Albisteak berehalako erreakzioak eragin zituen Washingtonen. Politico hedabideak dokumentuaren berri eman eta minutu gutxira, dozenaka lagun bildu ziren Washingtonen, Auzitegi Gorenaren eraikinaren aurrean, protesta egiteko. Izan ere, Pew Research Center zentroak duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, hamar estatubatuarretik ia zazpi daude Roe v. Wade epaia indargabetzearen aurka.

Edukiak ez ezik, eduki hori bera filtrazio baten bidez zabaltzeak ere erreakzioak sortu ditu, ez baitago jasota, aurrez, horrelako zirriborro bat kasu bat aztertzen ari ziren bitartean filtratu denik.

DEBEKUAK NORI ERAGINGO DIEN

Lege hori indargabetzen denean, legez kanpokoa izango da abortatzea AEBetan? Ez. Estatu bakoitzaren araberakoa izango da. Haietako bakoitzak erabakiko du legezkoa izango den, eta zein egoeratan. Estatu askok baimentzen jarraituko dute, eta baimenduko ez dituztenetan bizi diren emakumeei laguntzeko asmoa ere erakutsi du estatu batek edo bestek.

Legez behintzat, euren estatuetan abortatzea debekatuta daukaten emakumeek posible izango dute hori egitea beste estatu batzuetan. Dena den, nabarmena da legea indargabetzen badute murriztu egingo dela abortu kopurua. Erabaki hori hartzen duten andre asko txiroak dira, eta ezingo dituzte ordaindu beste estatu batera joateko gastuak. Abenduan egindako ikerketa baten arabera, abortu kopurua %14 murriztuko da Gorenaren erabakiarengatik.

Guttmacher Institutuaren arabera, egungo legediarekin, AEBetan, lau emakumetik batek behin behintzat abortatu du bere bizitzan. Gehien abortatzen duen emakumearen profila ere zehaztu du : ezkongabea, 20-29 urte bitartekoa; diru sarrera gutxi duena; lehendik seme edo alaba bat baduena; beltza; eta, nagusiki, demokratek agintzen duten estatu batekoa. Begi bistakoa da, beraz, legeak nori egingo dion kalte handiena. Kasuen %43tan haurdunaldiaren lehen sei asteetan izaten dira abortuak; %36tan, zazpigarren eta bederatzigarren asteen artean.

NON DEBEKATUKO DUTE ABORTUA?

Adituen arabera, abortatzeko eskubidea kenduta, abortua legez kanpo utziko dute estatuen erdiek, gutxi gorabehera. Ugalketa Eskubideen Zentroaren ustez, 24 izango dira abortatzea debekatuko duten estatuak: Alabama, Arizona, Arkansas, Georgia, Idaho, Indiana, Kentucky, Louisiana, Michigan, Mississippi, Missouri, Nebraska, Ipar Carolina, Ipar Dakota, Ohio, Oklahoma, Pennsylvania, Hego Carolina, Hego Dakota, Tennessee, Texas, Utah, Mendebaldeko Virginia eta Wisconsin. Guttmacher Institutuaren ustez, berriz, 26 izango dira; ez ditu zerrendan sartu Ipar Carolina eta Pennsylvania, baina bai Florida, Iowa, Montana eta Wyoming.

Gorenak 1973ko legea bertan behera uzten badu, abortua automatikoki debekatzeko legeak indarrean dituzte jada Arkansasek, Idahok, Kentuckyk, Louisianak, Mississippik, Missourik, Ipar Dakotak, Oklahomak, Hego Dakotak, Tennesseek, Texasek, Utahk eta Wyomingek.

KOLOKAN IAZTIK

Abenduan hasiak ziren ugaritzen abortatzeko eskubidearen etorkizunari buruzko usteak. Ia mende erdi zen abortua lurralde osoan legeztatu zela, baina, efemeride hori bete aurretik, indartu egin ziren eskubide hori bertan behera geratuko zela ziurtatzen zuten susmoak. Izan ere, Mississippiko estatuak lege murriztaile bat ezarri zuen gaiaren inguruan, eta Gorenari eskatu zion haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionalean atzera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.