AEBetan 50 lagun inguru hil dira elur ekaitz baten eraginez

'Elliot' denboraleak herrialdeko biztanleen %60ri eragin die nolabait. Japonian gutxienez hamazazpi pertsona hil dira elurtearen ondorioz

AEBetako Buffalo hiria, elurtuta. JALEN WRIGHT / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetan gogor jo du neguak. 50 lagun inguru hil dira azken egunotan Elliot deituriko elur ekaitzaren eraginez. AEBetako biztanleen %60 inguruk jasan dute elur ekaitzaren ondorioren bat. Izan ere, Ozeano Artikotik joandako haize fronteak elurrez estali du herrialdea, Kanadako mugatik Mexikokoraino. NWS AEBetako Meteorologia Zerbitzu Nazionalak atzo adierazi zuen herrialdea «izoztuta» egongo dela oraindik ere, baina gaurtik aurrera Artikoko fronteak «moderaziorako joera» izango duela.

Azken hamarkadetako negurik hotzena da oraingoa, NWSren arabera. Esaterako, Eguberri egunean zero azpitik 10,5 gradu izan zituzten New Yorken (AEB); 1872tik erregistratutako tenperaturarik hotzena da. Ondorio latzenak Buffalo hirian jasan dituzte. Gutxienez hamasei lagun hil dira han, eta gorpuak etxeetan, autoetan eta kalean aurkitu dituzte. AEBen iparraldeko, ekialdeko eta erdialdeko hamabi estatutan izan dira hildakoak. Hotzagatik, ibilgailuetatik atera ezinik geratu izanagatik eta izotzak eragindako trafiko istripuen ondorioz hil dira asko.

Gainera, 100.000 herritar inguru elektrizitaterik gabe daude ipar-ekialdeko Maine eta New York estatuetan. Dena den, sistema elektrikoa berrezartzeko lanetan dihardute; guztira 1,7 milioi lagun egon dira argirik gabe. Elurraren eta urakan haizearen eraginez joan da argia.

Joe Biden AEBetako presidenteak «adi egoteko» eta «prebenitzeko» eskatu zien estatubatuarrei aurreko astearen amaieran. «Bidaiatzeko asmorik baduzue, irten orain. Ez da txantxa bat», esan zuen ostegunean Etxe Zurian egin zuen prentsaurrekoan. Izan ere, aurreikusitakoa bete zen. Gabon egunean, esaterako, herrialde osoko hegaldien %20 bertan behera geratu ziren eguraldi gogorraren ondorioz.

Oraindik ere «arriskutsua» da errepideetan ibiltzea, NWSk atzo adierazi zuenez. Hala ere, meteorologia agentziak iragarri du astea aurrera joan ahala egoera meteorologikoa hobetu egingo dela.

Japonian ere negu latza

AEBetan ez ezik, Japonian ere jasaten ari dira elur ekaitza. Elurrak eta hotzak gutxienez hamazazpi lagun hiltzea eragin du. Hilaren 17an hasi zen elur ekaitza Japonian, eta, ordutik, herrialdearen iparraldeko eta ekialdeko zenbait eskualdetan urte osoan batez beste izan ohi duten elurra halako hiru izan dute.

Hamazazpi hildakoez gain, 90 zauritu inguru ere eragin ditu elur ekaitzak Japonian. Gainera, herrialdeko sistema elektrikoari ere eragin dio, eta etxebizitza ugarik ez dute argirik izan neguaren hasieran.

Dena dela, Japoniako Meteorologia Agentziak atzo iragarri zuenez, elur ekaitzak goia jo du dagoeneko, eta datozen egunetan uhartediko eremu menditsuetan bakarrik izango dituzte elurteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.