Europako Kontseiluak Turkiaren aurkako prozedura hasiko du

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena bete ez izana egozten dio Europako Kontseiluak. Ankarak helegitea jar dezake

Turkiako abokatuak eta oposizioko diputatuak, Osman Kavalaren aldeko elkarretaratze batean, Istanbulen. T. BOZOGLU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Lau urte daramatza Osman Kavala enpresari eta filantropoak espetxean, haren aurkako epai irmorik gabe, eta joan den astean Istanbulgo auzitegiek ebatzi zuten hala jarraituko zuela. Egozten dizkioten karguak dira 2016ko udan gertatutako estatu-kolpe saiakeraren bultzatzaileetako bat izatea eta espioitzan aritzea. Europako Kontseiluak egin zuen atzo urratsa, eta iragarri zuen Turkiaren aurkako prozedura abiatuko duela, Kavala preso edukitzeagatik. Hala, auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren esku utziko du, iritzita Ankarak huts egin duela bere betebeharretan.

2019ko abenduan Europako auzitegiak ebatzi zuen Kavala aske utzi behar zuela Turkiak, argudiatuta «froga nahikorik gabe» atxilotu zutela. Auzitegiaren esanetan, Kavala atxilotu izanaren helburua litzateke hura «isilaraztea» eta, bide batez, giza eskubideen aldeko eta oposizioko beste kideak ere «beldurtzea». Hala, auzitegiak iaz eskatu zion Ankarari amai zezala oposizioko kidearen atxiloaldia, eta berma zezala haren askatasuna.

Orain, Europako Kontseiluak Turkiari leporatu dio auzitegiaren ebazpena ez betetzea, eta, beraz, jakinarazi dio datorren otsailean haren aurkako prozedura abiatuko duela. Orain, Ankarak hilabete luke erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Ituneko 46. artikuluaren arabera, Europako Kontseiluko kideak derrigortuta daude auzitegiaren erabakiak betetzera.

Erabaki «partziala»

Ankara ez zen bat etorri Estrasburgoren argudioekin, eta eskatu zion «inpartzialtasunez» joka dezala. «Justiziaren independentzia oinarri hartuta, eskatzen diogu Europako Kontseiluari ez ditzala hartu gure justizia oztopatzen duten erabakiak», ohartarazi zuen Turkiako Atzerri Ministerioak, ohar batean. Turkiako Gobernuak nabarmendu zuen badakiela zeintzuk diren kontseiluarekiko dituen betebeharrak, eta ohartarazi haren aurkako prozedura «argudio politikoek» bultzatutakoa dela, eta horrek kontseiluaren «izen ona zikindu» dezakeela.

Kontseiluaren prozedurak luzeak izan ohi dira, urte eta erdi ingurukoak, eta, Turkiak arauak urratu dituela ebatziko balute, boto eskubiderik gabe gera liteke kontseiluan —Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren lana gainbegiratzea da kontseiluaren eginbehar nagusietako bat—. Turkia 1950etik da Europako Kontseiluko kide, baina Kavalaren inguruko auziak erakundetik kanpo utz dezake herrialdea, eta horrek zaildu egingo luke Ankara Europako Batasunean sartzeko egiten ari den bidea.

Erdoganek «terrorista» deitu izan dio behin baino gehiagotan Kavalari, eta behin eta berriz esan izan du harremana dagoela George Soros milioidunaren eta Kavalaren artean —2018ra arte Turkiako Open Societyko kidea zen Kavala, Sorosek finantzatutako erakundekoa—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.