Claudia Pujol. 'Sàpiens' aldizkariko zuzendaria

«Sorginen historia ezagutaraztea betebehar bat da»

Kataluniako 'Sàpiens' aldizkaria XV. eta XVIII. mendeen artean sorgin ehizaren bidez jazarriak izan ziren emakumeen memoria berreskuratu nahian dabil iaztik. 12.000 ekarpen inguru jaso dituzte orain arte.

CLÀUDIA PUJOL.
Miren Mujika Telleria.
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Sàpiens Kataluniako historia ezagutarazten duen aldizkari bat da, eta Claudia Pujol (Olot, Katalunia, 1976) da zuzendaria. XV. eta XVIII. mendeen artean gertatu zen sorginen ehiza abiapuntutzat hartuta, kanpaina bat jarri zuten martxan iazko martxoan, sorgin horien guztien memoria berreskuratzeko asmoz. 12.000 bat ekarpen lortu dituzte gaur arte.

Zer gairen inguruko informazioa argitaratzen du Sàpiens aldizkariak?

Argitaratzen dugun informazioa Kataluniako historiari buruzkoa da oro har. Baina historia unibertsalari buruz ere argitaratzen dugu. Aldizkariak oso garrantzitsuak diren bi adar ditu. Batetik, historiaren dibulgazioa; uste baitugu historiak ez duela zertan aspergarria izan, dibertigarria eta erakargarria izan daiteke. Gizakiak lurraren gainean eginiko abentura da historia. Beraz, barkaezina litzateke historia modu atseginean ez kontatzea.

Bestetik, ikerketa da beste adarra. Mundu osoko artxiboetan gure historiarekin zerikusia duten gaiei buruz egiten diren argitalpenei adi egoten gara beti.

Sorginekin lotutako kanpaina bat jarri zenuten martxan. Zer helbururekin?

Iazko martxoan hasi genuen kanpaina, XV. eta XVIII. mendeen artean Kataluniako ia berrehun udalerritan sorginkeria leporatzen zieten mila sorgin baino gehiagoren oroimena berreskuratzeko asmoz. Torturatu egin zituzten, eta, ondoren, exekutatu. Horrenbestez, gure historiako lehen feminizidioaz hitz egiten ari gara.

Auziak eragin zuen sarraskiaz harago, gaur egun ere emakumeek pairatzen duten diskriminazioaren eta zapalkuntzaren oinarriak sendotzeko balio izan zuen sorgin ehiza horrek. Uste dugu historia hori ezagutaraztea eta sorgin horien historia aldarrikatzea betebehar historiko bat dela.

Zenbatek parte hartu dute kanpainan?

Uste dugu egitasmo hau oso lurraldekoa eta parte hartzailea dela. Manifestu bat egin genuen Herrialde Katalanetako 150 historialarirekin, eta nahi duten guztiek har dezakete parte. Gaur egun arte 12.000 atxikimendu inguru lortu ditugu.

Ia urtebete da kanpaina abiarazi zenutela. Zer eboluzio izan du?

Hainbat plazari eta kaleri sorginen izena jartzen ari dira. Guk, gure aldetik, hitzaldiak eta ikastaroak antolatu ditugu Kataluniako hainbat herritan, eta ikerketa horrekin lotutako antzezlanak ere bultzatu ditugu. Dokumental bat ere egin dugu TV3rekin batera, Bruixes, la gran mentida [Sorginak, gezur handia] izenekoa. Lehengo astean estreinatu zen.

Eskozian, Europako beste zenbait lekutan bezala, antzeko kanpaina bat jarri zuten abian.

Bai. Jakin genuen Eskozian beren sorginak aldarrikatzeko egitasmo bat jarri zutela martxan, eta aitorpen ekitaldi bat egin zutela, gainera. Iruditu zitzaigun zentzukoa zela Katalunian antzeko zerbait egitea; sorginkeriaz akusatutako emakume gehien zeuden Europako tokietako bat izan baitzen.

Lehen sorginkeria prozesuak Kataluniako pirinioetan aurkitu ziren, XV. mendean. Horregatik jarri genuen martxan kanpaina. Pau Castell historialariaren ikerketa historiko bati esker, lehen aldiz jarri zaizkie izenak emakume horiei guztiei, eta kasu horiek lurralde osoan geolokalizatzeko bidea eman du ikerketa horrek.

Izen eta kopuru horiek guztiak zuen webgunean ikusgai duzuen Atlas batean adierazi dituzue, ezta?

Hori da. Castellek eskuratu ditu kasu horiek guztiak. Zazpiehun emakumeren izenak ditugu, baita Kataluniako zein tokitan epaitu zituzten ere. Horrek esan nahi du zazpiehun aurkitu badira mila emakume baino gehiagori eragin ziela feminizidio horrek. Atlasean kasu horiek mapan geolokalizatu ditugu, eskura dugun informazioa erabiliz. Kasu batzuetan, epaituak edo exekutatuak izan ziren emakumeen izenak eta data lortu ditugu soilik. Horrela, zazpiehun izen baino ez ditugu oraingoz.



Ez dira gutxi.

Ez dira, ez. Castellek hamabost bat urte eman ditu prozesu judizialetako artxiboak ikertzen, sorgin ehiza izan zen astakeria horri guztiari izenak eta zifrak jarri ahal izateko.

Katalunian erreprimitu zituzten emakumeei indultua eman berri diete.

Urrats handia da. Erreparazio hori Kataluniako Parlamentuan onartu da, baina, era berean, gobernuari eta udalei eskatu behar zaie gertakari historiko horren eta emakume horien guztien benetako arrazoiei buruzko sentsibilizazio ekintzak egiten jarrai dezatela, jasan zuten misoginia eta kriminalizazioa onartzeko. Horregatik uste dugu urrats garrantzitsua dela sorgin haien oroimena ezagutzea, gogoratzea eta kontatzea.

Sorgin izateagatik epaitzen zituzten, ez emakume izateagatik.

Existitzen ez zen krimen batengatik epaitzen zituzten, gainera; sorginkeria krimenagatik, alegia. Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizio horretan, uste zen edozein zoritxarrek jatorri gaiztoa izan behar zuela. Kasu horietan, mundu guztiak susmatzen zuen lehenago emakume batengatik gizon batengatik baino. Izan ere, garai horretan jendeak uste zuen emakumeak gaiztakeriarako joera handiagoa zuela.

Hiruzpalau mende lehenago, emakumea bazinen eta gainera pobrea, alarguna edo etorkina, ez zen harritzekoa auzokideek sorgintzat jo, inolako berme prozesalik gabe epaitu eta urkatuta amaitzea.

Non gertatzen ziren gehienbat horrelakoak?

Boterea deszentralizatua zegoen lekuetan: Katalunian, Eskozian, Suitzan eta Alemaniako leku batzuetan. Nafarroan eta Aragoin ere horrelako kasu asko gertatu ziren. Leku horietan handiagoak izan ziren emakumeekiko jazarpenak, boterea oso zentralizatua zegoen herrialdeetan baino.

Topikoetako bat ere desmitifikatzen dugu gure kanpainarekin eta webgunean jarri dugun atlasarekin. Izan ere, beti esan izan da sorginak inkisizioak erretzen zituela, baina gure kasuan ez zen horrela izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.