El Salvadorrek aske utzi du abortatzeagatik akusatuta zegoen emakume bat

Imelda Cortezek urtebete eta zazpi hilabete egin ditu preso. Epaiak aurrekari bat ezar lezake abortua guztiz debekatzen duen herrialdean

Imelda Cortez Palacios, herenegun, aske utzi ostean, Usulutanen, El Salvadorren. Epaiketa egin bitartean kartzelan eduki dute. RODRIGO SURA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Imelda Cortez Palaciosek urtebete eta zazpi hilabete eman ditu preso egin ez zuen delitu batengatik. Haren kartzelaldia, baina, neskatoa zenean hasi zen. Haren amaren bikotekide ohiak 12 urte zituenetik bortxatzen zuen, eta 17 urte zituenean haurdun geratu zen. Etxeko komunean erditu zen. 2017ko apirilaren 17 hartan, beste amesgaizto bat hasi zen. Umea onik zegoen, baina ama ospitalera eraman behar izan zuten, erditzean odol jario handi bat izan zuelako eta konortea galdu zuelako. Jiquiliscoko medikuek poliziei deitu, eta hilketa saikera egotzi zioten. Ministerio Publikoak hogei urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, zilbor hestea moztu eta haurra hiltzen saiatu zelakoan.

Epaiketa egin bitartean kartzelan egon da Cortez. Herenegun, amesgaizto batetik esnatu zen.El Salvadorko Hugo Noel Garcia epaileak errugabetu egin du 20 urteko gaztea. Deliturik egin izana ukatu egin du epaileak. Sententziaren arabera, gazteak ez zuen doloz jokatu, eta, medikuen txostenen arabera, erditu ostean amak kontzientziaren nahasmendu larria izan zuen.

Cortezen kontrako prozesuak beste norabide bat hartu zuen azken unean. Epaiketa zazpi bider atzeratu da; azkeneko aldiz, iragan azaroaren 12an, baina herenegungo saioan epaiketa azkarra egitea eskatu zuen fiskaltzak. Delituaren tipifikazioa ere aldatu zen: hilketa saiakeraren akusazioa utzi, eta adingabe bat babesik gabe uzteaz akusatu zuten. Cortezek, epaiketa azkarra onartu, eta alaba une hartan abandonatu egin zuela aitortu zuen.

«Oso pozik gaude»

Cortezen sententziak aurrekari bat ezar lezake El Salvadorren. Auziak oihartzun zabala izan du, eta sententzia ere azkar zabaldu da. Bertha de Leon gaztearen abokatua pozarren azaldu zen epaiaren berri izan eta berehala: «Oso pozik gaude; izan ere, orain arte inoiz ez da izan horrelako sententziarik». Herrialdeko justizian aurrerapauso bat eman dela uste du De Leonek: «Auzi honek erakutsi du agintari judizialek emakumeen eskubideak beste modu batean aztertzeari ekin diotela. Emakume ugari modu injustuan zigortu dituzte orain arte».

El Salvadorren abortua guztiz debekatuta dago. 1988ko Zigor Kodeko 133. artikuluak jasotzen duenez, bi eta zortzi urte arteko kartzela zigorra ezar daiteke abortatzeagatik, nahiz eta arauak ez duen abortua zer den definitzen. Instrukzioan akusazio aldatu egiten dute askotan, giza hilketa larritzat joz, eta, orduan, emakumeak 30-40 urtera kondenatzen dituzte. 1988tik 2017ra gutxienez 129 emakume epaitu dituzte abortatzeagatik, eta 24 zigortu dituzte.

Giza Eskubideen Amerika Arteko Batzordeak abortu legea aldatzeko eskatu dio El Salvadorri. Cortezen auziak mugarri bat ezar lezake alde horretatik. Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileen ustetan, epaia urtetako borroka isilaren eta gogorraren emaitza da. Cortezek emakume ugari zituen zain kartzelaren atarian. Morena Herrera feminista historikoa zen horietako bat: «Justizia posible dela erakusten du honek, borrokek eta ahaleginek emaitza bat dutela eta emakumeak salbatzeko balio dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.