GIBaren aldaera oso gaizto bat identifikatu dute Herbehereetan

CD4+ zelulak ohi baino bi aldiz azkarrago gutxitzen dira, eta lasterrago gara dezakete hiesa. Garaiz atzematearen garrantzia oroitarazi dute

Ikertzaile bat GIB birusaren inguruko probak egiten, laborategi batean. FERNANDO BIZERRA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Science zientzia aldizkariak jakinarazi du GIB giza immunoeskasiaren birusaren aldaera oso gaizto bat hauteman dutela Herbehereetan, Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketa baten arabera. VB deituriko aldaerarekin kutsatutako pazienteek3,5 eta 5,5 aldiz birus karga handiagoa dute odolean, beste aldaera batzuekin kutsatu direnekin alderatuta. Hala, CD4+ zelulak ohi baino bi aldiz azkarrago gutxitzen dira, eta lasterrago gara dezakete hiesa.

Hala eta guztiz ere, ikerketak egiaztatu duenez, VB aldaera zuten pazienteek, erretrobirusen aurkako tratamendua hartu ondoren, «immunitate sistema berreskuratu zuten, eta GIBaren beste aldaera batzuekin kutsatutakoen antzeko iraupena izan zuten».

VB aldaerak sistema immunitarioa «bizkorrago» ahultzen duela eta, Christophe Fraser ikerketa taldeko buruak «diagnosi goiztiarraren garrantzia» gogorarazi du, tratamenduarekin ahalik eta lasterren hasteko. Gisa horretara, birusa transmititzea «eragotziko» litzateke.

Ikertzaileek adierazi dutenez, VB aldaera 1990eko hamarkadan sortu zen Herbehereetan, eta beste aldaera batzuk baino bizkorrago hedatu zen 2000. urtean; 2010. urtetik aurrera, aldiz, hedatzeak beheranzko joera hartu du. VB aldaera duten 109 kasu atzeman dituzte Europako herrialde horretan, eta bana Belgikan eta Suitzan. Ikerketaren arabera, VB aldaerarekin kutsatutakoen %82 gizonezkoekin sexu harremanak izan dituzten gizonezkoak dira. Proportzioa beste aldaeraren batekin kutsatutakoenaren antzekoa da.

GIBa duela 40 urte agertu zen, eta, ordutik, 79,3 milioi lagun infektatu dira harekin, eta 36,3 milioi hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, Unaids GIB-hiesari Buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak emandako datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.