Xose Candel. Asturieraren defentsarako elkarteko kidea

«Hezkuntza sisteman txertatzea da asturiera ezagutzeko modua»

Hizkuntzaren ofizialtasunaren alde larunbatean egindako manifestazioa «arrakastatsua» izan zen. Erkidegoko gobernua hastear da estatutua erreformatu eta, modu horretan, asturiera ofizial egiteko bidea.

NATALIA SUAREZ RIOS.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Arrakastatsua» izan zen, Xose Candelen (Valdes, Espainia, 1964) esanetan, asturieraren ofizialtasuna eskatzeko XPDLLA Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturianak joan den larunbatean Oviedon egindako manifestazio jendetsua. «Giro positibo bat igartzen zen. Itxaropentsu gaude», esan du elkarteko kideak. Egun asturiarren %25 gai dira asturieraz hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko, eta Asturiasko biztanleria osoaren erdia baino gehiago da hizkuntza ulertzeko eta hitz egiteko gai. «Asturieraren ezagutzaren gaineko kontzientziazio handiagoa dago». Eta estatutua erreformatuz, hizkuntza ofiziala bihurtzeko bidea hasi du Asturiasko Gobernuak. «40 urteko atzerapena daramagu», nabarmendu du Candelek, ikusita zein den asturieraren egoera katalanarekin, euskararekin eta galegoarekin alderatuta.

Asturierak estatus ofiziala izan dezan, aurrena Asturiasko Estatutua erreformatu behar da. Talde parlamentarioak orain aste batzuk hasi ziren erreforma negoziatzen. Nola doa prozesua?

Iragarri zuten elkarrizketak hasi dituztela; oraingoz, ez dute beste ezer jakinarazi. Erreforma bat hauspotzeko hainbat modu daude, eta, agian, errazena litzateke gobernu kontseiluak bultzatzea [FSA-PSOE dago gobernuan]. Hori gertatu da.

Estatutua erreformatzerakoan beste gai batzuk ere badaude mahai gainean, bai, baina egiazki ofizialtasunarena da gai polemikoa, zeresana ematen ari dena.

Estatutua erreformatzeko Asturiasko Parlamentuan hiru bostenaren gehiengoa behar da; hau da, 27 boto. PSOE, Podemos eta Izquierda Unida ofizialtasunaren alde daude: 26 boto. PP, Ciudadanos eta Vox, aldiz, kontra. Horrenbestez, Foro Asturiasek du giltza.

Foro Asturias zatikatuta dago, [Francisco] Alvarez Cascosek alderdia utzi zuenetik. Bi diputatu ditu, eta horietako batek ofizialtasunaren alde egingo duela dirudi.

Harekin hitz egin duzue?

Guk dakigunez, pertsonalki oso zaila egingo zaio halako zerbaiten kontra bozkatzea; pentsatzen duenarengatik, esaten duenarengatik... Baina presio handia jasaten ari da, eta publikoki seinalatu berri dute. Errepideetan publizitatea jartzeko panel batean haren aurpegia jarri dute, haren izenarekin, eta haren ahoan gurutze gorri bat marraztu diote. Ondoan jartzen du Adrian Pumares saldua, edo horrelako zerbait. Alderdi politiko batek sinatu du kartela [Voxek], ez anonimo batek.

Adrian Barbon Asturiasko presidentearen esanetan, ofizialtasunaren ereduak «adeitsua» eta «borondatezkoa» izan behar du.

Uste dugu horiek esan zituela ofizialtasunaren adierazpenera sinpatiak erakartzeko edo... Gure ustez, eskubideak aitortzen dituzten lege guztiak dira adeitsuak...

Eta ez inposatzearena... Ikusteko dago hezkuntza sisteman nola txertatuko duten: ea murgiltze eredu bat egongo den, edo elebiduna izango den, edo ikasgai baten bidez irakatsiko den... Eredu asko daude; are, elkarrekin bizi daitezke eredu horiek. Biztanleriari aukeratzeko askatasuna eman nahi bazaio, biztanleria horrek aukerak ezagutu behar ditu; eta asturiera ezagutzeko modua da hezkuntza sisteman sartzea. Nola txertatuko da? Ofizialtasuna garatuko da, edo lege berri bat idatziko, momentuko gehiengo parlamentarioen arabera.

Zer eredu nahi du PSOEk?

Publikoki esan dute galizieraren ereduan oinarrituko direla. Galizieraren legeak barnebiltzen du, hain zuzen, atal hori esaten duena pertsonak aske izango direla erabili nahi duten hizkuntza hautatzerakoan, eremu pribatuan zein publikoan. Ondo iruditzen zaigu.

Baina Galizian hainbat hezkuntza lege egon ziren, ezberdinak haien artean: batzuek murgiltze gehiago dute, beste batzuek gutxiago... Nolabait, eredu elebidun bat jarraitzen dute.

Areago joan nahi dugu. Derrigorrezko hezkuntzan asturiera irakatsi behar da, baina galdutako belaunaldiak ere berreskuratu behar dira, helduentzako alfabetatze kanpainekin-eta. Gu asturiera ikastaroak ematen ari gara, salatzeko administrazioak ez duela egiten.

Iruditzen zaigu, gainera, ikastaroak egin beharko zirela era guztietako profesionalentzako, egunerokoan asturiera erabiltzera animatzeko. Pizgarriak eman behar zaizkie hori egiten dutenei, gehiegizko militantziarik gabekoek ere sarbidea izan dezaten.

Asturieraren sustapenerako eta erabilerarako legea, 1998koa, zertan izan da baliagarria hizkuntzarentzat?

Lege horren alderdi zekenenak, murriztaileenak, nabarmendu ohi ditugu. Hori eskuan, adibidez, Asturiasko Gobernuaren kontseilari bati parlamentuan asturieraz hitz egitea debekatu zitzaion. Lege paralizatzaile bat izan da. Konformismo handia dago, eta, are, PPk erabiltzen duen legea da, «dena eginda dago» esateko. Gobernuan zeudenean onartu zen. Baina 1998az geroztik gauzak asko aldatu dira. Internet etorri zen, telebista autonomiko bat [2006koa], zeinean asturierazko programazioa hutsaren hurrengoa den...

Hau dena 2017an aldatu zen, PSOEk aitortu zuenean ofizialtasunaren eta hiztunen eskubideen aldeko apustua egin behar zela.

Epe luzerako ikusten duzue ofizialtasuna indarrean sartzea?

Ez, ez. Elkarrizketen ondoren, zenbait aste barru, publiko egin beharko lukete ea akordioren bat ba ote dagoen zerbaiten inguruan. Eta iruditzen zaigu urtarriletik aurrera eztabaidatu egin beharko litzatekeela, eta udaberrirako onartua egon beharko lukeela. Hurrengo pausoa litzateke Espainiako Gorteek berrestea.

Estatutuko laugarren artikulua aldatu nahi dugu, zeinak esaten duen asturiera babestu egin behar dela, eta hori aldatu, asturiera ofiziala izango dela jar dezan. Eta artikulu horretan blindatu nahi dugu gero normalizaziorako lege bat idatzi eta onartzeko obligazioa. Galiziak ere badu. Finean, ez litzateke oso ezberdina izango Katalunian edo Euskadin dagoenarekin alderatuta.

2018an kaleratutako ikerketa soziolinguistiko baten arabera, herritarren %53 zeuden ofizialtasunaren alde. Nola interpretatzen duzue zenbaki hori?

Ofizialtasunak, agian, arbuio artifizial bat eragiten du. Izan ere, inkesta horretako beste galdera batean galdetzen da ea nahi dioten asturierari eman estatuko beste hizkuntza batzuek duten babes bera, eta %80k baietz diote.

Hizkuntza bat hezkuntza arautuan txertatzea beharrezkoa da hizkuntza bat bizirik egoteko. Nola txertatu nahiko zenukete?

Orain hiruzpalau urte, proiektu pilotu bat aurrera eraman zen, Haur zein Lehen Hezkuntzako bost ikastetxetan sistema elebidun bat ezarriz eta hainbat irakasgai, bizpahiru uste dut —momentuz, formatutako irakasleen mende gaude—, asturieraz emanez. Arrakasta handia eduki zuen bai parte hartzean, boluntarioa zelako, baita akademikoki ere, emaitzak homologatzeko modukoak izan baitziren. Hori eredu on bat litzateke hasteko, bai Lehen Hezkuntzan, bai Bigarren Hezkuntzan. Ikastetxe gehienek egin ahal izango lukete. Orain borondatezko irakasgaia da curriculumean.

Bestetik, hizkuntza propio bat duen autonomia erkidegoko curriculumarekiko eskumen handiagoa du erkidegoak berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.