Albistea entzun

Maite Ruiz de Larramendi. Ados Pilotako ordezkaria

«Lehiatik harago, pilotariak zaintzea da gure helburua»

Sei hilabete igaro dira Ados Pilota sortu zenetik, emakume pilotarien lehen klub profesionala. Ruiz de Larramendi izan zen sustatzaileetako bat. Gustura daude orain arteko bidearekin.
GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2021eko abenduak 31

Kantxan ez ezik, kantxatik kanpo ere geraezina da Maite Ruiz de Larramendi pilotaria (Beasain, Gipuzkoa, 1973). Asteak eman ditu Iera Agirrerekin batera Ados Pilotaren Binakako Txapelketa antolatzen, eta gaur berak egingo du debuta txapelketan, Etxekolenearekin batera, Iantzi-Etxenikeren kontra. «Gogotsu gaude».

Binakako Txapelketa antolatu duzue lehen aldiz. Asteburuan jokatu zen lehen jardunaldia Latasan. Zer moduz joan zen?

Denbora asko eman dugu hau antolatzen. Eta, ziurrenik, lehen jardunaldi hori izan zen antolatzen errazena. Ondo ateratzea nahi genuen, eta polita izatea. Azkenerako, hala izan zen. Ederra eta berezia izan zen neska txikiak jokatzen ikustea, eta, gero, gainera, jaialdia oso txukuna izan zen. Latasan izateak asko lagundu zuen. Izan ere, Ados sortu aurretik ere, hango udalak apustu argia egiten zuen emakumeen pilotaren alde. Beste udal batzuekin hizketan segitzen dugu, nahiz eta pandemiak dena zaildu. Baina harrera oso ona izaten ari da.

Txapelketa bat baino gehiago da antolatu duzuena, ezta?

Hala da. Honen bidez, pilotariok aukera dugu bi hilabetez segidan jokatzeko, eta, partida bat galdu arren, lehian segitzeko. Orain arteko txapelketak askoz motzagoak ziren, eta, partida bat galduz gero, kalean zinen. Gainera, emakume pilotarioi ikusgaitasuna ematen digu. Horrez gain, aipatu bezala, pilota eskoletan dauden neskatoek ere jokatzen dute jaialdien aurretik. Eta hori ere polita da. Balio die elkar ezagutzeko, batuta egoteko, lehen mailako pilotariekin egoteko...

Egiten ari zareten lanarekin neskato horien erreferente bihurtu zaretela sentitzen duzue?

Egiten ari garen lana ez da guretzat bakarrik, baita atzetik datozenentzat ere, bai erreferentzialtasunari begira, bai berdintasunari eta lan eskubideei begira. Ni hasi nintzenean, nahiko nuke egungo egoera izatea. Mutilekin jokatu behar izaten nuen; ez zegoen neskarik. Nire erreferenteak gizonezkoak ziren. Retegi eta Galartza bezalakoa izan nahi nuen. Orain, berriz, pixkanaka ari gara emakumezko erreferenteak sortzen, eta hori oso inportantea da. Izan ere, emakumeek pilotarekin duten lotura aspaldikoa da. Hor daude erraketistak.

Profesionalizazioan mugarri bat izan daiteke txapelketa?

Hala espero dugu. Ikusgaitasunaren aldetik, udan antolatu genuen Plazaz Plaza txapelketa oso garrantzitsua izan zen, batez ere herrietako plazetan jokatu genuelako. Baina argi esan genuen gure helburua Binakako Txapelketa bat antolatzea zela, eta lan handiarekin lortu dugu. Baina, horrekin batera, pilotariak zaintzea ere bada gure helburua.

Hau amaituta beste txapelketaren bat antolatzea aztertzen ari zarete? Lau eta erdikoa edo banakakoa, adibidez?

Guretzat, helburu nagusia binakakoa antolatzea zen. Pilota mistoarekin gero eta gehiago jokatzen ari gara, eta hori ere beste urrats bat da. Ezin dugu dena egun batetik bestera egin. Egokiago ikusten dugu Plazaz Plaza bezalako txapelketa bat. Izan ere, lau eta erdikoak eta banakoak entrenamendu asko eskatzen du.

Sei hilabete dira kluba martxan jarri zenutela. Zer balorazio egiten duzu?

Lan askoko hilabeteak izaten ari dira, Iera Agirre eta nire artean ari baikara dena kudeatzen: babesleekin hitz egitetik, pilota eskolako eta gure jokalarien entrenamenduak kudeatzeraino. Hori guztia, gure lanarekin uztartuz. Baina emaitzak lortzen ari gara, eta aberasgarria da.

Nola doa egiten ari zareten teknifikazio lana?

Oso ondo doa. Ados sortu aurretik jada konturatu ginen elkarrekin entrenatzen genuenean lortzen genituela emaitzarik onenak teknikan. Izan ere, pilota eskoletatik harago, gu berez autodidaktak gara. Ni izan naiz pilotari askoren entrenatzailea. Baina, berez, ni jokalaria naiz. Ez dut horretarako prestakuntzarik. Hori dela eta, urrats hori egitea erabaki genuen. Juan Martinez de Irujorekin egiten dugu teknifikazioa, eta Patxi Eugik ere asko laguntzen digu. Gainera, Ivan Azanza asko laguntzen ari zaigu. Adibidez, pilota mistoarekin jokatzen hasi ginenean, takoak jartzen. Latasan biltzen gara.

Eta lan eskubideen inguruan zer urrats egin dituzue?

Orain arte pilotariari ez zitzaion ezer iristen. Zerbait jasotzeko, finalen batera iritsi behar genuen, eta kasu batzuetan hori ere ez. Garbi izan genuen horrek ezin zuela horrela jarraitu. Hala, Ados sortu zenean, partida bakoitzean pilotariari alta ematen zitzaion Gizarte Segurantzan. Txapelketa honekin beste pauso garrantzitsu bat eman dugu, iraun bitartean soldata bat izango baitugu, eta Gizarte Segurantzan alta emanda egongo gara. Aseguru bat ere badugu, lesionatuz gero.

Baiko edo Aspe jarri dira zuekin harremanetan bide horretan zuei laguntzeko? Aukera hori aztertu duzue?

Nahiko balute, zergatik ez bide hori aztertu? Guk hau klub moduan kudeatzen dugu, eta, elkarlanen bat egiteko modua izango bagenu, zergatik ez? Baina, aldi berean, orain arte gure gauzak guk kudeatu ditugu, eta garbi dugu autonomia horrekin jarraitu nahi dugula; gure bidea egin nahi dugu. Horretan sinesten dugu.

Beste modalitateetan ari diren pilotariekin baduzue harremanik elkarlanean aritzeko?

Asko gustatuko litzaiguke. Pentsa, ni palan hasi nintzen, eta, eskura pasatu banintzen, palan jokatzeko oso aukera gutxi zegoelako izan zen. Gizonezkoetan bezala, eskua da nagusi. Baina oso lan polita egiten ari dira beste modalitateetan ere, eta nik noski nahiko nukeela haiekin elkarlanean aritu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.