Juan de Diego. Tronpeta jotzailea

«Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori jaso»

Pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun, lauko formatuan ondu du 'Grebalariak' diskoa. 1919ko La Canadencaren greba oroitu nahi izan du lanarekin. Plentziako Agorri Jazz jaialdian aurkeztuko du lana, gaur.

JUAN DE DIEGO.
aitor biain
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
La Canadencaren greba historikoa ekarri nahi izan du gogora Juan de Diego tronpeta jotzaileak (Bilbo, 1968) Grebalariak diskoarekin. 1919an, Bartzelonako enpresa batean 44 egun iraun zuen greba hari esker, zortzi orduko lanaldia ezartzea lortu zuten, besteak beste. «Borroka» hartan parte hartu zutenak omendu nahi izan ditu musikariak, bada. Lehen aldiz, gainera, lau musikariz osatutako taldearekin grabatu du diskoa: pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta. Iazko urrian kaleratu zuen lana, eta emanaldiz emanaldi aritu da aurkezten harrezkero. Plentzian (Bizkaia) izango da gaur, Agorri Jazz jaialdian (22:00etan).

Nola otu zitzaizun diskoa sortzeko ideia? Zer egin nahi zenuen?

Grebaren ehungarren urteurrena gogoratzeko ekitaldi bat antolatu zuten, eta bertan jotzeko deitu ziguten. Polita iruditu zitzaidan, eta kantu bat propio sortzea erabaki nuen, bertan jotzeko. Hala egin nuen Greba kantua. Pandemia etorri zen gero, ordea, eta itxialdian ginela pentsatu nuen kantu hura sortzen jarraitzeko oinarri gisa hartzea. Eta, horrela, bata bestearen atzetik etorri ziren gainerakoak.

Aurrez beste gai edo kezka soziopolitiko batzuei ere eskaini dizkiezu lanak.

Bai. Erbestea (2012) nire aitita-amamei eskainitako lana da, 1936ko gerran Frantziara ihes egin zutelako nire amarekin batera, hura txikia zela. Eta Uda labur hori (2016), bestalde, Buenaventura Durruti anarkistaren inguruko lana da. Gustatzen zait horrelako gaietan sakontzea.

Musikari talde bat bildu, eta grabatzea erabaki zenuen, aurrez kontzerturik eman gabe. Nolatan?

Normalean egin ohi denaren kontrakoa egin dugu. Ohikoena izaten da taldea antolatu ostean kontzertuak eta entseguak egitea, eta gero sartzea estudio batean diskoa grabatzeko. Oraingoan, alderantziz izan da: urtarrilean grabatu genuen diskoa, aurretik kontzerturik eman gabe, eta abendura arte itxaron behar izan genuen disko hori zuzenean aurkeztu ahal izateko. Guztiz desberdina izan da bidea, bai.

2021eko urte hasieran grabatu zenuen. Nola izan zen hura?

Bartzelonan grabatu genuen, eta, jazzean egiten den moduan, bi egunetan grabatu genuen diskoa, Underpool estudioan. Laurok elkarrekin jotzen genuen bitartean grabatu genuen, horrela egiten dugu jazzerook. Gainera, entseatzeko oso denbora gutxi izan genuen; Bartzelonan oso zaila da musikariak entseatzeko biltzea. Guk hiruzpalau saio baino ez genituen egin grabatu aurretik. Ongi atera zen, zorionez.

Urteak dira Kataluniara lekualdatu zinela, baina Euskal Herriko zigilu batekin argitaratu duzu disko hau ere: Errabalekin.

Bai, aurrez ere haiekin lan egindakoa naiz; aurrenekoz Panza de Burro (2008) diskoa argitaratu nuen haiekin, eta beste hainbat etorri dira gerora. Ez da batere erraza disko bat grabatzea, eta, zorionez, guri ateak zabaldu zizkiguten. Harreman ona daukagu, eta horregatik erabaki dugu berriz haiekin argitaratzea diskoa.

Laukote formatuan grabatu duzu estreinakoz diskoa, pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun. Zergatik formatu horretan?

Bai, lehenengo aldia dut formatu horretan. Jazzeko formatu klasikoa da, baina nik oso gutxi erabili dut. Hirukote gisa jardun dut gehiago, gitarrarekin eta bateriarekin edo kontrabaxuarekin. Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori disko batean jaso. Zeren, zuzenekoetan agian bai, baina disko batean inoiz ez baitut soinu hori erabili, beste formatu batekin egin izan ditudalako. Hori izan zen nire asmoa.

Toni Vaquer, Pere Loewe eta Ramon Prats dituzu ondoan. Aurrez aritu dira zurekin?

2000. urtetik jardun dut Loewerekin; proiektu asko egin ditugu elkarrekin. Eta gainerako biekin ere aritu izan naiz; ez proiektu jakinetan, baina kontzertuetan jo izan dugu elkarrekin. Horregatik deitu nien, banekielako zer gaitasun zuten. Hala ere, orain zuzenekoetan beste kide batzuekin jardun dut.

Hamar kantu bildu dituzu diskoan. Nolakoak dira?

Nik uste dut oso ugariak direla. Badaude kantu lasaiak, baladak, azkarrak, eta baita punk kutsua dutenak ere; Antimateria, esaterako. Hala esan zidan kazetari batek. Gustatzen zait diskoak kontrastea izatea. Ez dakit kontzienteki egindako zerbait den, baina emaitza askotarikoa dela esango nuke. Edo hori da nire ustea behintzat; kanpotik agian bestelako itxura hartuko dio entzuleak.

Zure aurreko diskoen aldean, zer dauka desberdina disko honek? Zer bide egin du zure musikak?

Ez da erraza horri erantzutea, baina esango nuke badagoela aldaketa bat. Orain egiten dudan musikak badu heldutasun apur bat. Kantuei lasaitasun puntu bat antzematen diet, adibidez. Baina zaleek edo kritikariek esan beharko lukete hori.

Baduzu beste kontzerturik edo proiekturik hurrengo asteetan?

Tira, udan kontzertu asko izan ditugu, eta atseden hartzeko garaia da orain. Plentzian aritu ostean, Gorlizen joko dut anaiarekin, hilaren bukaeran, baina lasai ariko gara. Gustura nago taldeak lortu duen konplizitatearekin, eta horretan sakondu nahiko nuke. Gainontzean, Bartzelonan topatu duten film mutu bati musika jartzeko deitu didate. Irailean egingo dute proiekzioa, eta zuzenean joko dugu guk. Proiektu polita dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.