Iñigo Elosegi. Movistarreko txirrindularia

«Baldintza zorrotzak izango ditugu, eta arraroa izango da»

Lehiara itzultzeko gogoz dago Elosegi, baina, aldi berean, uste du «oso zaila» izango dela koronabirusak behartutako egoerara egokitzea. Klasikoen egutegiari jarriko dio arreta.

MOVISTAR.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
World Tourrean debuta egiteko sasoi zaila egokitu zaio Iñigo Elosegiri (Zierbena, Bizkaia, 1998). Orain arte hamabost lasterketa egun baino ez ditu egin Movistarren maillotarekin. Edonola ere, «ilusioa eta hazteko gogoa»edukitzen jarraitzen du. «Noraino irits naitekeen ikusi nahi dut».

Gertu duzue jada denboraldiaren hasiera. Gogoak amorratzen al zaude?

Oso urte arraroa da, eta seinale ona da lasterketak begi bistan izatea. Motibazioa gorantz doa pixkanaka. Fisikoki ondo nago. Gainera, orain Andorrara joango naiz, garaieran entrenamenduak egitera. Taldekide askorekin egingo dut topo han. Oso sasoiko egon behar dugu aurten, denboraldi oso motza izango delako, eta ohi baino lasterketa gutxiagotan lehiatuko garelako. Kale eginez gero, kosta egingo da gero mentalki buelta ematea.

Nolako entrenamenduak aritu zara egiten konfinamendua amaitu zenetik?

Ordu askoko saioak, batez ere. Intentsitatea ere landu dut, baina ez hainbeste. Niri ordu asko egitea eta desnibel asko metatzea gustatzen zait, erritmo konstante batean. Asko eskertu dut berriz ere naturara itzuli ahal izatea, eta mendateak bata bestearen atzetik kateatzea. Ez zait gustatzen lasterketa moduko entrenamenduak egitea; lehia lasterketetarako uzten dut. Txinparta pizteko ez dut presarik izan. Bestela, arriskua dago abuztura erreta iristeko.

Lehen urtea duzu profesionaletan, eta dezente aldrebestu zaizu. Nola kudeatu duzu egoera?

Psikologikoki, ziurgabetasuna da okerrena. Ez jakitea zer gertatuko den bihar. Lehiatzen hasi eta aurrerantzean dena normal joango balitz… Baina ez dakigu hala izango den. Ez da erraza. Gure lanbideak sakrifizio handia eskatzen du, eta lasterketarik egin ezean, zaila da lan egiteko motibazioari eustea. Etxean gustura egon naiz, gauza asko eginditut. Interes asko ditut, eta oso pozik nago alde horretatik. Baina kosta egin da ekinean jarraitzea.

Hasiera batean, klasikoetan aritzekoa zinen. Helburu desberdinak izango dituzu orain?

Oraindik ez dut plan jakin bat. Taldeak hiru bloketan banatu behar dira, eta nire blokea, printzipioz, klasikoena da. Besteek itzuli handiak egingo dituzte. Egun bakarreko proba askotan izango naiz, eta gero, agian, Etorkizuneko Tourrean lehiatzea tokatuko zait. Egutegia murritza denez, halako irtenbideak topatu behar dira. Klasikoez aparte, pare bat itzulitan ere parte hartu nahiko nuke, erritmoa ez galtzeko.

Eta zer helburu izango duzu jomugan? Dena lan egitea izango da, ala distira egiteko tartea ere eduki nahiko zenuke?

Klasikoetan, taldeko gizona izango naiz. Horrekin batera, sasoia fintzen saiatuko naiz. Eta gero, Etorkizuneko Tourrera banoa, sailkapen nagusia izango dut jomugan. Ahalik eta posturik onena lortzen saiatuko nintzateke.

Erreparoa ematen dizu gaitza oraindik gure artean dela lehiara eta tropelera itzultzeak?

Beldurra beti dago, eta ez bakarrik tropelean egoteko. Kalera irtetean eta jende asko ikustean, beti datorkizu gogora koronabirusa. Norbaitek badio ez duela beldurrik, nire ustez, ez da egia. Oso zaila izango da dena ondo eramatea. Baldintza zorrotzak izango ditugu, kutsatzerik gerta ez dadin. Arraroa izango da. Pazientzia edukitzea besterik ez zaigu gelditzen.

Kolpean egin duzu jauzi amateur mailatik World Tourrera. Bertigorik sentitzen duzu?

Ez, bertigorik ez, ilusioa eta hazteko gogo handiak baizik. Ikusi nahi dut noraino irits naiteken txirrindulari moduan. Eta horretarako, World Tourrean egon behar dut nahitaez. Oso polita da lasterketa bakoitzaren ostean hobea zarela ikustea.

Zer moduz hartu zaituzte Movistarren? Taldea gaztetu izanak egokitzapena erraztu dizu?

Oso ondo hartu naute, baina ez gaztetu egin delako. Alejandro [Valverde] da helduena, eta lagun bat bezalakoa da hasieratik. Harremana oso ona da ziklista guztienartean. Gainera, oso giro ona dugu mekanikariekin, zuzendariekin… Gustura egiten da lan talde honetan. Gainera, sekulako egitura dauka. Hau eliteko kirola da, eta munduan gauza gutxi alderatu daitezke halako egitura batekin. 22 urteko mutiko batentzat, esperientzia zoragarria da.

Jose Antonio Momeñe zena izan zen zure aitona, 60ko hamarkadan profesional izana. Harro egongo zen biloba maila horretan ikusita, ezta?

Ziur nago horretaz. Berak bazekien zeinen zaila den ziklista profesional izatera iristea, eta lasterketarik onenetan lehiatzea. Niri bere bideari jarraitzea gustatuko litzaidake. Nire motibazioen artean, handiena da nire aitonaren arrastoari segitzea, eta berak niri istorio liluragarriak kontatu zizkidan bezala, nik ere beste horrenbeste egin ahal izatea etorkizunean. Gelditzen den ondarea da hori, eta oso polita iruditzen zait.

Harengatik bihurtu zinen ziklista, ezta?

Bai. Umetan futbolean hasi nintzen, eta aitona oso pozik zegoen horrela. Berak bazekien zeinen gogorra den txirrindularitza. Futbola ez zeukan gauza horren sakrifikatutzat. Baina ziklista izateko ametsa hor neukan nik, aitona eredutzat neukalako. Kadete mailan ziklismoan jarri nuen arreta osoa, eta aurrera egin dut geroztik, aitonak egindakoa beti presente edukita.

Hura goi mailan aritu zen itzuli handietan; adibidez, irabaztear izan zen 1966ko Frantziako Tourra. Soslai bereko txirrindularia al zara zu?

Jendeak uste du klasikozale ezaugarriak ditudala, altua naizelako. Baina itzuli handiak egokiagoak dira niretzat. Etapa eta kilometro asko korritzea, mendate luzeak igotzea eta indarberritzea garrantzitsua izatea gustatzen zait. Ez naiz arnasa laburreko txirrindularia. Hori bai, klasikoetan ere proba egingo dut, noski. Ez dut aterik itxi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.