Iñaki Ortiz de Villalba. Modus Operandiko abeslaria

«Diskoa zuzenean defendatu behar da; hori falta zaigu»

Aurten emandako kontzertuetan, dantzatzeko ezohiko behar bat sumatu du entzuleengan Ortiz de Villalbak. Hutsune hori du berak ere, eta emankizun gehiago antolatzeko eskatu du.

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
2018an sortu zuen Iñaki Ortiz de Villalbak (Gasteiz, 1971) Modus Operandi taldea, izen bereko lehen diskoa argitaratzearekin batera. Aurkezpen bira arrakastatsu baten ondoren «45 kontzertu baino gehiago eman genituen lehen uda hartan, eta hori asko da talde berri batentzat», bigarren bira indartsu baterako prestatzen ari ziren. Baina pandemia iritsi zen, eta bertan behera utzi behar izan zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Suitzan iragarriak zituzten kontzertuak. Itxialdia sormenerako baliatu zuten, ordea, eta bigarren diskoa kaleratu zuten urte amaieran: Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga).

Kontzertuak bertan behera, taldekide batzuk joan eta berriak etorri, itxialdia... Nola gailentzen da sormena horren gainetik?

Talde bat baduzu, aurrera egin behar duzu edonola; talde bat ez daukazu geldi egoteko. «Gogoko tokian aldaparik ez» esaten da, ezta? Egia da, dena eten zen bat-batean, eta zapuztu ziren gure ametsak, baina argi ikusi genuen zailtasun ugari izan arren aurrera egin behar genuela, ezin genuela esperantza galdu. Eta hortik hasi ginen hurrengo diskoan pentsatzen eta hura prestatzen.

Baikortasunerako disko bat da. Egoerak izan du zerikusirik?

Esango nuke egoerak ez duela baldintzatu diskoa; guztiz kontrakoa: lehendik genituen ideiak indartzeko balio izan digu. Kantuak aukeratzerakoan argi nuen aurreko diskoaren aldean ezberdinak izan behar zutela, eta beste ildo batzuk jorratu behar genituela: ez bakarrik ska, baizik eta rock, dance, funk, pop... Baina ideia horiek bagenituen pandemia iritsi aurretik.

Taldekide berriak egoteak nola eragin du diskoan?

Asko; disko ezberdin bat da, hasieratik bukaerara. Eta hor zutabe garrantzitsu bat izan da Josu Erbiti, diskoa jantzi duelako goitik behera, jakin izan duelako zer-nolako soinuak behar zituzten kantuek une oro. Ez da bakarrik gure soinua; jantzi eta atondu egin du bestelako soinu askorekin: gitarrak daude, perkusio elementuak, teklatuak, base elektronikoak... Nik buruan nuen nolakoak izan behar zuten kantuek, eta Josuk berehala hartu zituen ideiak. Kantu guztiek irabazi dute haren produkzioari esker.

Zalantza egin zenuten diskoa kaleratu edo ez. Durangoko Azokari begira ere egon zineten. Kalean da jada: asmatu duzue?

Oraindik ez dakit. Baina uste dut abestiak zaharkituak gera zitezkeela, eta hozkailuan uztea ere ez zela batere eraginkorra. Askotan, grabatu eta gorde egiten dituzu kantu batzuk, eta, tarte bat igarota berriz entzutean, zerbait aldatzeko gogoa izaten duzu. Horren beldur baginen. Baina uste genuen ekoizpen berri bat eman behar geniela entzuleei. Kontzerturik ez daukagu, baina tira, diskoa erantzun ona izaten ari dela esango nuke. Agian beste erantzun bat izango zukeen egoera bestelakoa balitz. Baina zarata atera behar da egoera edozein izanik ere, bizirik zaudela adierazi nolabait, eta diskoa zen horretarako bide bat.

Baina nola defendatzen da disko bat egoera honetan?

Lau kontzertu jo ditugu orain arte, eta jendearen feedbacka oso ona izan da; nik pentsatzen nuen baino askoz hobeto joan dira, eserita eta baldintza zailetan izan badira ere. Jendearen feedbacka beste modu batera jasotzen duzu; esango nuke jendea erneago dagoela zutik dagoenean baino. Eta horrekin ez dut esan nahi nahiago dudanik kontzertuak eserita izatea. Baina lehen ere jendea ez zen zoratzen, ez zen dantzatzen: oso gutxitan dantzatu du Euskal Herriko publikoak; batzuek oina mugitzen zuten, eta nahiko! Orain badirudi denek nahi dutela dantza egin. Tira, pozgarria da gogo hori badagoela ikustea, gutxienez.

Zuen moduko talde batentzat, kontzerturik ez izateak eragiten du kezka gehien?

Erabat. Gu jaio berriak gara; bi urte besterik ez ditugu. Bideoklipak egin ditugu gure musika ezagutarazteko, eta ongi, baina zuzenekoetan demostratu behar da zer zaren. Eta guk hori egin nahi dugu: ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi dugu. Eta, horretarako, kontzertuak behar ditugu, oholtzan beste talde batzuekin batera egon behar dugu, jendeak ikus gaitzala. Lokalean geratzeko, ez du zentzurik disko berri bat ateratzeak; guk diskoak egiten ditugu zuzenekoetan defendatzeko. Eta hori falta zaigu. Erakundeei eskatuko nieke konpromiso estuagoa izateko; batez ere, herriak eta hiriak animatuko nituzke kontzertuak programatzera, rock-and-rollak ere bizirik iraun behar baitu, eta ez soilik folkak edo kantautoreek.

Modus Operandi talde berri bat da, baina lehen urteetan bide esanguratsu bat egitea lortu duzue. Zer esan nahi du zuretzat proiektuak?

Erronka bat zen niretzat, hori argi daukat. Eta, egia esan, inoiz ez dut pentsatu izen bat izateagatik izango nuela gauza bat edo bestea. Baina asko kosta zitzaidan taldea osatzea, egia da. Hasieran, jendeak ez zuen nahi musika estilo ezberdinak nahastea: ematen zuen batzuentzat sakrilegioa zela hori egitea. Eta horregatik jo nuen Enrikko [Rubiños] eta Rubenengana [Anton], hain zuzen. Eta haiek erabaki zuten Vendetta utzi gabe Modusen proiektura batzea, bietan batera aritzea. Modu oso natural batean osatu genuen taldea.

Baina, zure kasuan, Betagarriren etiketa kentzen aritu zarela esango zenuke? Jendeak ulertu du beste proiektu bat dela?

Jendeak askotan ez du nahi izaten zuk gainean duzun sanbenito hori kentzea, edo izan zinena ahaztea. Badakit Betagarrirekin amaitu ondoren ere antzeko musika egin izan dudala, baina bestelako estiloak ere jorratu ditut. Eta jendeak ere egin behar du ahalegin bat ulertzeko gauzak ez direla betiko. Betagarrirekin nuen amodioa amaitu zen, beste harreman bat bilatu dut orain. Eta, nire uste apalean, bandak oso ongi funtzionatzen du. Eta hala esan digu jende askok ere: zuzenekoak oso ongi funtzionatzen duela, eta aurrera jarraitzeko animoak ematen dizkidate. Beste batzuek, agian, ez didate barkatu aldatu izana; beste zerbait egin izan banu, erabat desberdina, igual ulertuko zuketen, baina zer egingo diogu ba.

Zama bat izan da etengabe desberdintzen aritzea?

Nik egin dut orain, momentu honetan, egin nahi dudana eta lantalde honekin egin nahi dudana. Proiektua hasi baino lehen, Habeas Corpusekin banuen beste proiektu bat. Zortzi abesti grabatu genituen; oso bestelakoak ziren: oso rockeroak, stoner ildokoak. Baina nik apustua egin nuen Modus Operandiren alde. Diskoetxearekin ere hitz egin nuen, eta ikusten genuen horrelako proiektu batek egon behar zuela. Eta lehentasuna honi eman genion; pozik gaude emaitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.