Jon Azkue. Bidasoako jokalaria

«Lehiakorrak izan nahi dugu, bestela ez dugu ezertxo ere gozatuko»

Bidasoak bihar ekingo dio Txapeldunen Ligari, Eslovenian, Tatran Presoven aurka (18:00). Historikoa izango da lehia, 1996an aritu baitzen azken aldiz lehiaketa horretan. 2 urte besterik ez zituen Jon Azkuek.

IMANOL SAIZ / OARSOBIDASOAKO HITZA.
Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bidaiatzen egin dute egun osoa Bidasoako kideek. Nekeza izan da Irundik (Gipuzkoa) Presovera (Eslovakia) joatea. Baina gustuko tokian aldaparik ez. Eta eskubaloi jokalari batentzat ezer gutxi da Txapeldunen Ligan aritzea baino erakargarriago. Ez da harritzekoa, beraz, Jon Azkue (Orio, Gipuzkoa, 1994) jokatzeko «irrikan» egotea.

Buelta asko eman dizkiozue Bartzelonaren aurkako partidari?

Ez, oso partida ona jokatu baikenuen. Berriro erakutsi genuen gure lana ondo egiten badugu gero eta gertuago gaudela Bartzelonarengandik. Oso pozik gaude lehia osoan nor baino nor gehiago aritu ginelako, eta azkenera arte borrokatu ginelako.

Bartzelonak hankapean ibili ohi ditu Asobal ligako talde gehienak. Zuen aurka, ordea, gogotik sufritu du azkenaldian. Pentsaezina zen halakorik duela gutxi.

Badira bi urte lan handia ematen diogula Bartzelonari. Duela bi sasoi, Palaun, azken minutura arte izan genuen aukera punturen bat lortzeko [29-26 irabazi zuen Bartzelonak]. Artalekun jokatu dugun azken bietan, berriz, lau eta hiru golengatik bakarrik galdu dugu. Gero eta gertuago gaude.

Aurrerapauso handia eman duzue iaztik hona.

Hala da, eta oinarri sendoa dugu bide horri eusteko; izan ere, aurreko denboraldiarekin alderatuta, ia ez da aldatu taldea, eta hori abantaila handia da, are gehiago kontuan hartuta zeinen lan bikaina egin zuen talde honek azken sasoian. Lan asko eginda ekin genion denboraldi-aurreari, eta garai honetan hori asko igartzen da, talde gehienei asko kostatzen baitzaie jokalariak egokitzea.

Bihar jokatuko duzue horrenbeste denboran itxarondako partida. Txapeldunen Ligan ariko zarete berriro, lehiaketa hori azken jokatu eta 24 urtera. Zer sentitzen duzue?

Izugarrizko gogoa dugu. Aurreko sasoian egindako lan bikainari esker ariko gara bertan. Saria da, baina saria izanagatik ez diogu borrokatzeari utziko.

Lehen aldia izanda, urduri zaudete?

Ez, lasai gaude. Argi dugu gure lana egiten badugu edozein areriori aurre egin diezaiokegula. Konfiantza handia dugu geure buruarengan. Hori oso garrantzitsua da.

Zer itxura hartzen diozu Tatran Presoven aurkako partidari?

Oso lehia gogorra izango da. Etxean ariko da Tatran Presov, eta ziur kosta ahala kosta irabazi nahiko duela, are gehiago lehen neurketa izanda. Baina berriro diot: lan ona egiten badugu, azkeneraino borrokatuko gara. Hamar partida jokatuko ditugu ligaxkan; asko dira. Beraz, lehen partidako bi puntuak ez dira horren erabakigarriak. Bai, ordea, gol aldea. Dena ondo badoa, saiatuko gara ahal den alde handienaz irabazten, eta, aldiz, partida okertzen bada, saiatuko gara ahal den alde txikiagoz galtzen.

Zer dakizue aurkariaz?

Orain arte, arreta osoa Asobal ligako norgehiagokatan izan dugu. Gaur eta bihar [atzo eta gaur] hasiko gara Tatran Presov zehatz-mehatz aztertzen. Ziurra dena da talde indartsua dela. Hala behar du izan Txapeldunen Ligan ari den talde batek.

Zein da helburua ligaxkan?

Partida guztietan lehiakor izatea da, azkenera arte bete-betean sartuta egotea. Hori eginda, ikusiko dugu lehen bi sailkatuen artean gauden edo ez.

Jacobo Cuetarak hiru mailatan banatu ditu aurkariak: koska gorenean, Sporting; maila bat beherago, Savehof eta Tatran Presov; eta gero, Cocks, Eurofarm, eta zuek [Savehofek 25-30 irabazi zion herenegun Cocksi]. Iritzi bera duzu?

Bai. Zozketa egindakoan taldean izan genuen sentipena izan zen partida askotan borrokatu ahalko ginela. Oso garrantzitsuak izango dira etxeko lehiak. Bidasoa, Bidasoa baldin bada, asko kostako zaie guri irabaztea.

Cuetarak eman du abisua: «gozatu egin nahi dugu, baina, gozatzeko, lehiatu beharra dago».

Erabat ados nago. Jokalariok oso argi dugu gozatu egin nahi dugula baina gozatzeko lehiakor izan behar dugula. Hori egin ezean, ez dugu ezertxo ere gozatuko.

Espainiako lehiaketetan, berriz, oso goian jarri zenuten langa aurreko sasoian. Atzera ez egitea da asmoa?

Bai, baina argi dugu zaila izango dela aurreko denboraldian egindako lana errepikatzea, eta zer esanik ez hobetzea. Lehen itzulian norgehiagoka asko jokatuko ditugu, Asobal eta Txapeldunen ligetan ariko baikara aldi berean. Horrek, noski, nekea eragingo digu. Beraz, gure asmoa da Gabonak iritsi bitarte ligan ahal den goien egotea, eta, behin atseden hartuta eta freskoago egonda, bigarren itzulian aurrerapausoa ematea. Ea lehengo sasoian egindakotik gertu gauden.

Presio handiagoa nabaritzen duzue?

Ez dakit jendeak kanpotik zer irudipen duen, baina guk oso barneratua dugu oso zaila izango dela aurreko sasoian egindakoa berriz egitea, batez ere hamar partida gehiago jokatuko ditugulako lehen itzulian. Gu lasai gaude, eta uste dut gauzak ez badira horren ondo ateratzen ere lasai egongo garela.

Taldeak lan bikaina egin zuen aurreko sasoian, baina zuk min hartu zenuen eta galdu egin zenuen azken txanpa. Orain, aldiz, jokatzen ari zara. Bada aldea.

Bai. Aurreko sasoian pistatik kanpo bizi behar izan nituen une eder asko. Ez zen samurra izan. Baina jada osatuta nago, taldeari laguntzeko prest.

«Onena iristeko dago». Horixe esan zenuen iaz, beste bi urterako berritu zenuenean. Bete-betean asmatu duzu. Aurki hasi beharko duzu berriro hizketan klubarekin. Zeir asmo duzu?

Nik beti esan dut Bidasoa izango dela nire lehen aukera. Etxean nago, etxean bezala sentitzen naiz Irunen, eta azkenaldian izaten ari garen esperientziek indar asko eman diote horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.