Martin Zubimendi. Realeko jokalaria

«Oraindik ere zaila da lortu dugunaz jabetzea »

Zubimendik loria dastatu du Realarekin jokatu duen estreinako finalean, eta bide horretan sakontzeko prest agertu da: «Zaila da azaltzen. Donostiarra naiz, eta Realekoa. Ametsetan ikusten nuen hau».

REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Realak Espainiako Kopako garaikurra jaso berritan, taldeak osatutako abesti zerrenda bat entzun zen Cartujako bozgorailuetatik. Txuri-urdin ereserkia izan zen lehendabizikoa. Brigade Loco taldearen Bultzada izan zen bigarrena: «Haur baten ilusioa, aurpegiko irribarrea» dio zati batean. Haurra ez, baina gaztea da Martin Zubimendi jokalaria (Donostia, 1999). Partida osoa jokatu zuen harrobikoak bere lehen finalean.

Aurpegiko irribarrea aipatzen du kantuak. Bi egun geroago, ezkutatu al zaizue?

Ez, ez (barrez). Gainera, neuk hautatu nuen abesti hori. Iraungo digu irribarre horrek, oraindik ere.

Zure lehendabiziko finala zen, eta irabazi egin zenuen. Zer sentitu zenuen?

Nik neuk ez dut Reala inoiz txapeldun ikusi, eta pribilegiatu bat sentitu naiz. Sentipen onak izan nituen; saiatu nintzen gozatzen; ardura handia genuen, baina, horren gainetik gozatzera joanda, lortu nuela uste dut.

Gozamena ekarri duzu hizpidera. Neurketa amaitu ordukoa zoramen eztanda bat izan zen, ez?

Bada, bai. Edozein besarkatu nuen; denak oso lagunak gara, elkarrekin egoten baikara. Oso harreman estua dugu.

Ez zenuten sasoiko partidarik ikusgarriena egin, baina ondo egituratu zenuten partida. Hori al da balio duena?

[Barrez]. Bai, gerora lagunek esan zidaten oso pozik zeudela, baina partida astuna izan zela. Proposatutako partida bikain atera zitzaigun: baloi jabetzan, dakigun hori eginaz, eta gero oso indartsu egonda. Haiek, Athleticekoek, jokalari azkarrak dituzte erasoan, eta uste dut oso ondo moldatu ginela.

Reala txapeldun egin duzue, 34 urteren buruan. Zer sentitzen da halakoetan?

Zaila da azaltzen, gutxitan gertatzen baita. Ni donostiarra naiz, txikitatik Realekoa, eta klubean nago ordutik. Ametsetan bakarrik ikusten nituen momentu horiek. Inoiz ez nuen pentsatu horraino iritsiko nintzenik, eta gutxiago final bat jokatuko nuenik. Badakigu jendea dugula atzetik; lortu dugu, eta poza handia da.

Festak ere askorako emango zuen, noski.

Bai, bai. Egia esan, lo gutxi egin genuen. Afaria ere berandu hasi zen [02:30 aldera], eta hortik aurrerakoa... Pentsa dezakezu.

Jokalari batek hala esan zuen hotelean: «Hau hasiera besterik ez da». Hala iruditzen al zaizu?

Nahiko nuke! Nire lehen urtea da, eta espero dut azkena ez izatea. Uste dut ongi jokatzen ari garela, eta etorkizuna oso polita izan daitekeela. Esango nuke bide onean gaudela; bai ni, eta baita Reala ere.

Partidari erreparatuta: zer pentsatu zenuen epaileak zortzi minutuko luzapena adierazi zuenean?

Zortzi minutuko luzapena adierazi zuenean zera pentsatu nuen: «Ea, zortzi minutu gehiago». Baina Athleticek azkenaldian amaieretan erakutsi duena kontuan izanda, kontuz aritu behar genuen.

Athletic hizpidera ekarri duzu. Zuri-gorriak dotore aritu ziren amaitu ostean, ezta?

Bai, bai. Geure artean aipatu genuen. Batez ere [Iker] Muniainek, eta Iñigo Martinezek izan zituzten detaileengatik. Jokoan ere igarri genuen, derbi bat zela, baina derbi garbi bat. Ez ginen arazoetan sartu, eta alde horretatik ere pozik geratu ginen.

Dena den, bihar elkarren aurka ariko zarete berriz ere. Larunbateko garaipenak bultzada emango al dio Realari?

Bai. Zaila izango da orain txipa aldatzea, baina egin beharreko zerbait da. Denboraldia luzea da oraindik, eta helburu argi bat dugu: Europan jokatzeko sailkatzea. Nik uste Kopak indartuko gaituela, eta ea nola amaitzen dugun denboraldia.

Azken astean kezka iturri izan zinen zaleentzat, saihetseko arazoak zirela eta. Finalean, ondo?

Bai, presioa eta urduritasuna banituen, baina uste dut ondo kudeatu nituela. Batez ere, partidaren aurretik nituen urduritasunak. Gero ondo aritu nintzela esango nuke.

Bai: partidatzarra jokatu zenuen.

Eskerrik asko, baina taldearen lana ere ona izan zen.

Realak ondo lotu zuen Athletic. Asko aztertu al zenituzten?

Haiek erasoan jokalari onak dituzte, buruz burukoan ondo moldatzen direnak, eta, hor, ondo moldatu beharra geneukan. Uste dut lortu genuela; bai atzeko lerroan, bai defentsako lan osoan.

Lehen esan duzu zuk hautatu zenuela Brigade Locoren abestia. Honela dio aurrerago: «Txuri-urdin koloreak, harrotasunez eramanda». Joan bai, baina noraino? Zer helburu duzue orain?

Behin [Espainiako] Kopa irabazita, batek pentsa dezake edozeini egin diezaiokegula aurre, baina pixkanaka osatu behar dugu bide hori. Ez dugu helburu handiegirik jarri behar, bideak ekarriko baitizkigu,

Lehengo harrotasun horri distira pinporta batzuk gehitu dizkiozue, ordea. Hala sentitzen duzue?

Bai. Nire kasua aipatuko dizut: Bigarren Mailan zegoela hasi nintzen segitzen ni Reala, eta orain hor ikustea, garaikur bat irabazten, bada arrazoi bat harrotasun hori handitzeko.

Egoera hala behartuta, ez zen ospakizun publikorik egin. Nola kudeatu duzu zuk?

Ni oso lasaia naiz. Etxera joan nintzen, familiarekin egoteko, eta, gero lagunengana. Oso lasai eraman nuen dena.

Jabetzen al zara, ordea, Realaren historian zure izena idatzi izanaz?

Egia da gaur egun oraindik ez dela erraza horretaz jabetzea, baina uste dut aurrerago jabetuko garela; gutxik lortu baitute hori orain arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.