Dantza eta musika, Balentziaga museoaren udako proposamena

Askotariko ekitaldiak izango dira uztailean eta abuztuan, museoaren hamargarren urteurrenaren karietara. Gazteak erakarri nahi dituzte

Museoko arduradunak atzo, udako programazioaren aurkezpenean. BERRIA.
aitor biain
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Balentziaga museoak hamar urte bete ditu aurten, eta bisitariekin ospatu nahi du urtemuga hori. Getariako museoak (Gipuzkoa) hilaren hasieran osatu zuen erakusketa proposamena, eta orain, udako kultur eta aisialdi programa ere indartu du: musika, dantza, moda eta gastronomia uztartuko dituzten askotariko ekitaldiak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako.

«Bisita dantzatuak» eskainiko dituzte aurten lehen aldiz, Dantzaz konpainiarekin batera, «bildumako pieza estatikoen eta dantzaren mugimenduaren arteko elkarrizketa» sortzeko asmoz. Uztailaren 18an eta 25ean egingo dituzte soilik, halere. Dantzaz konpainiak Gesala ikuskizuna ere taularatuko du uztailaren 3an, eta mugimenduari buruzkotailer bat ere eskainiko du. Metrokoadroka eta Tranpola konpainiek, ostera, Txilin-hotsak antzezlana emango dute uztailaren 30ean, umore absurdoa ardatz duen antzezlan laburra. Eta Nerea Garmendiak bakarrizketa bat eskainiko du abuztuaren 8an.

Musika kontzertuak ere izango dira museoko terrazan, abuztuko ostiral iluntzetan; Kutxa Kultur Musika eta Katapulta Tours programako taldeak eta bakarlariak ariko dira bertan. Musika elektronikoko saio bat ere izango da, formatu digitalean, Dan—tz laborategiaren eskutik. Azkenik, Moda Zuzenean ekimenari lotuta, Kutxa Kultur Moda programako bost diseinatzailek beren proposamenak erakutsiko dituzte abuztuko asteburuetan. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da museoaren webgunean.

Gazteengan arreta

Udako programazioarekin museoa beste publiko bati zabaldu nahi diote; gazteak erakarri nahi dituzte, batez ere, Miren Vives museoko zuzendariak azaldu duenez, «museoa bisitatzeko joera gutxien dutenak» direlako. «Programan, adin eta jatorri guztietako lagunek gozatzeko moduko aukerak daude, baina, batez ere, gazteengan jarri nahi izan dugu arreta», esan du Vivesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.