Beñat Sarasola. 'Sautrela' saioaren azken zuzendari eta aurkezlea

«'Sautrela' aingura bat izan da literatur ekosisteman»

Sarasolak lekukoa hartu zion Hasier Etxeberria saioaren 'alma mater'-ari iazko denboraldian. Besteak beste, literatur sistema bertatik bertara ezagutzen lagundu dio 'Sautrela'-k.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Sautrela-n lehen aldiz, elkarrizketatu modura azaldu zen Beñat Sarasola (Donostia, 1984). Hasier Etxeberriak elkarrizketa egin zion Kaxa huts bat lehen poema liburua atera zuenean, 2007an. Urtebete geroago, 2008an, kolaboratzaile bihurtu zen, eta irakurketa batzuk egin. Gero, urte dezenteren ondoren, liburu zaharrei buruz hitz egiten hastea proposatu zion Etxeberriak berak, eta hartan jardun zuen bi denboraldiz, 2013tik aurrera. Iaz, Etxeberria gaixo zelarik, berak hartu zuen saioa zuzendu eta aurkezteko ardura.

Sautrela zer izan da euskal komunitatearentzat? ?

Telebistaren bilakaera ikusita, oasi txiki bat izan da Sautrela. Ez agian hainbeste sortu zen garaian, baina bai ETBk azken urteetan izan duen bilakaera ikusita...

Kultur edukiak dituzten saioak apenas izan direlako?

Bai, hori da. Kultur edukiak dituzten saioak gero eta gutxiago direlako, gero eta baliabide gutxiagorekin eginak, gainera. Horrez gain, oasi txiki bat zen, bere erritmo pausatuagatik, tonu lasaiarengatik; gaur egun, zaila da estilo horretako saio bat ikustea telebistan.

Zer izan da idazle eta literaturazaleentzat?

Nik uste dut izan duen jarraikortasunak erreferentzialtasun bat eman diola. Nik neuk gogoratzen dut idazten hasi nintzenean eta literatur munduan sartzen hasi nintzenean galtzen ez nituen programa horietako bat zela. Orduan bazeuden BERRIAko kultura atala eta iruzkinak, bazeuden Argia-ko elkarrizketak eta iruzkinak. Baina literatur ekosisteman aingura garrantzitsua izan da Sautrela.

Euskal idazle guztiak agian ez, baina ia guztiak igaro dira bertatik, eta baita kanpoko ahots interesgarri ugari ere...

Bai, oso gogoan ditut bai bertako eta bai kanpokoei egindako elkarrizketak. Eta nabarmenduko nuke, halaber, estetikoki oso programa landua izan dela. Ez daukat batere arazorik aitortzeko azken urteetan horrek beherantz egin duela, ia ezinbestean, baliabide kontuengatik. Arlo estetikoa asko zaintzen zuen, eta horrekin lotuta irakurketak, erreportajeak, mahai-inguruak...

ETBk adierazi dio BERRIAri ziklo bat amaitu dela, eta ez duela baztertzen aurrerago literaturarekin lotutako beste saio bat egotea. Literatur saio bat behar du telebista publiko batek?

Bai, behar du. Baina ez literatur saio bat bakarrik. Iaz Sautrela-ren zuzendaritza hartu nuenean, gauza bera esan nuen. Niri erabat harrigarria egiten zait nola den posible urteetan ez egotea zinemari buruzko taxuzko saio bat, edo musikari buruzko bat. Hau da, ez da literatura bakarrik, ez dezagun korporatibismoa landu. Batzuetan, iruditzen zait ETB ez dela jabetzen musika interesatzen zaion jendea badagoela, zinema interesatzen zaion jendea badagoela, eta horiei ere zerbitzu publiko bat eman behar zaiela; nire ustez, mota horretako saioak ezinbestekoak dira.

Zuri zeuri zer eman dizu Sautrela-k?

Niretzat zoragarria izan zen Hasier Etxeberriarekin lan egitea, askatasun eta konfiantza handia eman baitzidan. Oso gustura egon nintzen lanean Sautrela-n. Azken etapan, zuzendari eta aurkezle modura, esperientzia gazi-gozoa izan zen, ordea. Argia-n egin zidaten elkarrizketan azaldu bezala, oso baliabide eskasekin lan egin baikenuen. Nekosoa izan zen. Bizirik irautea izan zen helburua. Lantaldeak eta nik bagenituen ideia batzuk saioari buelta bat emateko; uste dut saioak behar zuela beste buelta bat, aldaketa batzuk, berrikuntza batzuk. Ilusio hori genuen, eta, nahiz etaguk proposatzen genituen aldaketak begi onez ikusten zituzten, ETBk beti esaten zigun dirurik ez zegoela. Eskatzen genuena erredaktore bat izatea zen, ez askoz gehiago...

Literatur sistema bertatik bertara ezagutzeko parada izan duzu.

Niretzat oso inportantea izan da Sautrela alde horretatik ere. Nire belaunaldiko beste zenbait bezala, unibertsitatearen esparrutik nator. Sautrela sekulako eskola izan da niretzat. Hankak lurrera jaitsi eta literatur sisteman bertan lan egitea ahalbidetu dit, eta hor lortzen duzun jakintza ez duzu beste inon lortzen; harremana izan behar baituzu idazleekin, editoreekin... Sautrela talaia polita zen literatur sistema ikusteko, eta baita bertan lan egiteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.