Ander Arzak. Radio Euskadiko 'Boulevard' saioko esataria

«Entzuleen babesa dugula jakitea da lanean jarraitzeko erregaia»

CIESek azken zazpi urteetako daturik onenak eman dizkio Radio Euskadiri: 216.000 entzule. 'Boulevard' goizeko albistegia gidatzen du Arzakek, eta uste du irratiak aukera ematen duela jendearekin konektatzeko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Iazko irailaz geroztik, astelehenetik ostiralera goizeko ordu bietan altxatzen da Ander Arzak (Irun, Gipuzkoa, 1982). Autoa hartu, eta Bilborainoko bidea egiten du, EITBren egoitzara heldu arte. Bertatik gidatzen du Radio Euskadiko Boulevard saioa. Lau orduz, Arzaken ahotsak ematen die entzuleei aktualitatearen berri. Esatariak aitortu du eguneroko martxa nekagarria dela, baina gogotsu dago irratiari eta gaur-gaurko gaiei lotuta segitzeko.

Dani Alvarezi lekukoa hartuta, 2020ko irailetik gidatzen duzu Boulevard, goizeko albistegia. Dagoeneko neurria hartu diozu lanari?

Neurria hartzen ari naiz oraindik ere. Profesionalki sekulako erronka da lau orduko saio bat egunero zuzenean elikatzea eta orain arte eduki duen mailari eustea. Lau hilabete pasatuta, egiten dudan balantzea gazi-gozoa da. Gozoa, maila profesionalean: oso lan talde ona dago; oso ohituak daude Boulevard-ek eskatzen duen erritmoan lan egitera, eta emaitzak onak izan dira, bai edukien aldetik, bai entzuleek eman diguten babesari dagokionez. Gazia, ordutegia oso gogorra delako. Irunen bizi naiz, eta Bilbon egiten dut lan. Goizaldeko ordu biak aldera jaikitzen naiz egunero. Nekagarria da.

2020an, CIESek azken zazpi urteetako daturik onenak eman dizkio Radio Euskadiri: 216.000 entzule. Nekea arintzen dute horrelako albisteek?

Radio Euskadik makalaldi bat izan zuen kaleratzeak egon zirenean, baina, datu hauekin, gainditutzat emango nuke krisi hori. Lortu da berriz ere entzuleekin konektatzea. Entzuleen babesa dugula jakitea da lanean jarraitzeko erregaia; babes horrek hauspotzen gaitu.

Zer eduki mota estimatzen dute entzuleek?

Boulevard saiatzen da oreka bat bilatzen. Gure irratia Radio Euskadi da, eta Euskal Herrirako egiten dugu irratia. Saiatzen gara hemen albiste zer den begiratzen eta horri arreta jartzen. Radio Euskadik eduki behar dituen edukiak landuta eta erabat Euskal Herrian egiten den irratia izanda, bereziki pozten nau jakiteak arrakasta daukagula. Pozgarria da ikustea goizetan Euskal Herriko entzule gehienek entzuten gaituztela.

Goizean goiz hasita, lehenengoetarikoak zarete albisteak ematen. Abantaila ala traba da hori?

Gauzak berri-berriak direnean, zuk daukazu aukera gauza horien berri emateko; baina, beste batzuetan, zuk egin behar duzu apustua, eta arriskatu. Zaila da goizean goiz gai batzuen aldeko apustua egitea eta asmatzea.

Boulevard-en zabiltzanetik, koronabirusak markatu du gaurkotasuna. Nolako esperientzia izaten ari da pandemia betean saioa gidatzea?

Saioaren gidaritza irailean hartu nuen, eta ordurako bageneramatzan hilabete batzuk pandemian.Nabaria da gaiak nekea sortzen duela, eta zaila da helduleku berriak aurkitzea. Bestelako gaiak sortzen direnean nabaritzen da oxigenazio bat dagoela eta bestelako interesa sortzen dela.

Telebistan bide luzea eginda, irratian lur hartu zenuen duela bost urte. Alde handia dago telebistaren eta irratiaren artean?

Lan egiteko moduak ezberdinak dira. Aldaketa handienetarikoa, beharbada, hizkuntza izan da. Telebistan, Gaur Egun aurkezten nuenean, euskaraz egiten nuen lan; gazteleraz lan egitera pasatu naiz irratian. Orduan konturatu naiz askotan euskarazko produktu batek, hobea izanda ere, ez daukala gaztelaniazko batek bezainbesteko oihartzuna.

Aukeran, zer hedabide duzu nahiago?

Entzuleekin enpatizatzeko eta elkar ulertzeko, telebistan baino gaitasun handiagoa dago irratian. Telebistan, artifizialagoa da komunikazioa. Kalera kamera batekin ateratzea arma batekin ateratzearen modukoa da: jendeak ihes egiten du. Irratiarekin, ez.

Etorkizunera begira, zein da Boulevard-en erronka nagusia?

Solasaldietan oreka lortzea, parekidetasuna, lurraldetasuna, eta maila ideologikoan ere gauzak orekatuta egon daitezela. Horrek sekulako buruhausteak sortzen dizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.