Mirari Etxeberria. Iruñeko Gazte Orkestrako zuzendaria

«Musika klasikoak elitista dirudi; hori aldatu nahi dugu»

Iruñeko Gazte Orkestra gogoari eutsi ezinean da, urte berriak zer ekarriko; hala dio orkestrako zuzendari Mirari Etxeberriak. Ikuskizun batekin hasi dute 2022a: Iruñeko Gaiarren jo dute.

JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ez dira garai errazak Iruñeko Gazte Orkestrako kideentzat, nahi baino proiektu gutxiagorekin eta ziurgabetasun handiagoarekin ari baitira bidean aurrera egiten. Baina gehien maite duten eran hasi dute urtea: oholtza gainean, harmailetako besaulkiak ikuslez josirik. Igandean emanaldia egin zuten Iruñeko Gaiarren: Handitzean musikari izan nahi dut!. Ikuskizun koloretsua izan zela azaldu du orkestrako zuzendari eta sortzaile Mirari Etxeberriak (Andoain, Gipuzkoa, 1998).

Azken urteak aski ilunak eta gorabeheratsuak izan dira kulturan. Zuek, baina, agertoki gainean eman diozue hasiera 2022ari. Zer ekarri zenuten?

Handitzean musikari izan nahi dut! ikuskizuna obra sinfoniko askoko programa da, eta Mikel Donazarrek zuzendu du. Oso kontzertu dinamikoa izan zen, oso musika bizia izan zuen, kolore askokoa, eta emanaldian garrantzi handia izan zuen publikoaren eta gure arteko hartu-emanak, elkarrizketak.

Zein da gakoa publikoaren eta musikarien arteko tartea estutzeko? Bada trikimailurik?

Zortea daukagu. Gure orkestrako gehienak Iruñeko goi mailako kontserbatorioko ikasleak dira, hor barruan zenbait espezialitate daude, eta horietako bat musikologia da. Hain zuzen ere, gure kideetako hainbat oso onak dira adar horretan, dibulgazioan. Horri esker, ahalegina egin, eta lortzen dugu obrak testuinguru jakin batean kokatzea, eta hori publikoari azaltzea. Teatro pixka bat ere egin ohi dugu, eta musika klasikoan erabiltzen den hiztegia apur bat erlaxatu.

Zergatik da premiazkoa musika klasikoa jendeari aurkezteko modua laxatzea?

Bestela, batzuetan gerta daiteke oso elitista ematea; hori aldatu nahi dugu. Gauzak beste hitz batzuekin esplikatuz askoz errazagoa izan daiteke musika ulertzea eta hartaz gozatzea. Guk horixe lortu nahi dugu: denek gozatzea musikaz guk bezainbeste.

Zerk elikatu du elitismo hori?

Esango nuke protokoloak zerikusi handia duela horrekin. Kontzertu batera joatean, oro har, isilik egon behar duzu, eta, besteak beste, elegante jantzi. Nire ustez, bada garaia gauza horiek guztiak puskatzeko. Beste faktore asko ere aldatu dira jada. Ez da lehen bezala: prezioak ere aldatu dira. Batzuetan, prezio bera izan dezakete taberna bateko kaña batek eta musika klasikoko kontzertu baterako sarrerak. Zertarako halako elitismoa? Iruditzen zait guztion mesederako dela hori aldatzea. Bitartean, gu saiatzen gara horren elegante ez joaten, eta publikoari zuzenean hitz egiten.

Oro har, zer aurreiritzi dago orkestra musikaren inguruan?

Batzuek diote aspergarria dela, edo ez dela denontzako egina. Nik uste dut hori desinformazioagatik pentsatzen dutela. Musikaren atzean dagoen historia ulertzen baduzu, aise senti zaitezke identifikatua musika klasikoarekin. Lotu dezakezu, adibidez, memoria batekin. Musika oso gauza humanoa da. Nire ustez, ezinezkoa da ez gustatzea. Kostatu egiten zait pentsatzea hori posible denik.

Jendeak ematen dio aski aukera musika klasikoari?

Esango nuke hori dela problema. Gainera, ez genuke ahaztu behar musika klasikoaren barruan gauza mordoa dagoela. Adibidez, has zaitezke gauza erraz batekin, eta horri aukera bat eman. Akaso, egokiena ez da hiru orduko opera batekin hastea. Agian, hobe litzateke lehen aldi hori beste zerbaitekin egitea: ordubeteko kontzertu batekin, elkarrizketa bat duen emanaldi batekin… Lehen pausoa inportantea da, eta gu horretan eragiten saiatzen gara: hasierako pausoa ahalik eta errazen bihurtu nahi dugu jendearentzat.

Orkestrak 2018an hasi zuen bidea. Zu zeu izan zinen sortzaile. Zer hutsune bete nahi zenuen?

Esan beharra dut bidearen hasiera oso desinteresatua izan zela nire partetik. Garai hartan, zuzentzen ikasi nahi nuen, eta, azken finean, orkestra izan zen hori lortzeko aurkitu nuen erreminta modukoa. Halere, berehala ikusi genuen Iruñean hutsune bat zegoela, eta ohartu ginen guk bete genezakeela hutsune hori, gazte orkestra batekin.

Zein zen gabezia, zehazki?

Iruñean, bada kontserbatorio profesionala, baita goi mailakoa ere, eta, hala eta guztiz ere, uste dut ez zaizkiela ematen behar beste aterabide. Iruditzen zait Iruñeko bizitza kulturalak asko egin duela hobera azken urteotan, oso bizi dagoela, baina toki bat egin beharko litzaieke musikari gazte horiei guztiei. Ez dute bermatua horretarako aukera.

Askotariko generoak lantzeko apustua egin izan duzue maiz.

Bai. Gogoan dut musika klasikotik aparte egindako lehen proiektua: bideo jokoen musika grabatu genuen. Gero, adibidez, bira bat egin genuen heavy talde batekin, eta metal sinfonikoa deitzen zaion genero bat landu genuen haiekin. Gainera, opera eta rapa uztartzen dituen proiektu batean ere aritu gara. Azken batean, asko gustatzen zaigu genero artean ibiltzea, eta oso aberasgarria iruditzen zaigu; batez ere, publiko gaztea kontuan hartuta.

65 partaide inguru zarete. Kopurua goraka ari da pixkanaka?

Kontua konplikatua da. Beste faktore askok eragingo ez balute, askoz gehiago ginateke, seguru. Baina ehun lagun inguruko talde bat oso proiektu jakin batzuetarako da egokia, eta, gainera, inguruan ez dago hainbeste musikari biltzeko azpiegitura nahikorik.

Nola eragin dizue pandemiak?

Gertatu izan zaigu, adibidez, gure arteko batek positibo emateagatik kontzerturen bat bertan behera utzi beharra. Bestalde, gaur egun oso zaila da entsegu toki egoki bat edukitzea, aireztatze ona edukiko duena, leku nahikoa… Dirua behar da horretarako.

Hainbeste oztopo edukita, lehengo erritmoari ezin eutsi zaiola ikusita, erronka handia da motibazioari eustea?

Motibazioari eustea gero eta zailagoa da, batez ere orain, proiektuak eta kontzertuak oso noizbehinka egiten baititugu, edo, behintzat, lehen baino askoz gutxiagotan. Garai batean ohituak geunden ia astero lanean ibiltzera. Hori bai: elkartzen garenean izaten dugun energia hamar aldiz handiagoa da orain. Gogoa askoz ere nabarmenagoa da. Hori oso positiboa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.