Bertsolaritzaren inguruko ikerketan sakondu du 'Jakin'-en monografikoak

Harkaitz Zubiri soziologoak xehatu ditu azterketaren datuak; Jone Miren Hernandez antropologoak, berriz, generoaren atalari begiratu dio

Bertsolaritzaren hainbat alderdi aztertu dituzte Jakin-en. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bertsolaritza ardatz duen zenbaki monografikoa plazaratu du Jakin aldizkariak. Gaiari heltzeko, Bertsozale Elkarteak eta EHUko Harkaitz Zubiri eta Xabier Aierdi soziologoek bertsolaritzaren gainean eginiko ikerketa hartu du abiapuntu. «Bertsoari neurria hartu nahi izan diogu, bertso munduan azken urteetan aldaketa esanguratsu eta sakonak gertatzen ari direlako, eta, bereziki,bertsolaritza (ere) badelako euskal gizartea eta kultura ulertzeko ispilu, eta, horrenbestez, pentsa genezake, baita gizarte eta kultur aldaketetan eragile ere», azaldu du aldizkariak. Harkaitz Zubiri soziologoak, Jone Miren Hernandez Garcia antropologoak eta Andoni Egan?a, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolariek izan dute gaia hizpide Jakin-en 231. zenbakian.

Zubirik laburbildu ditu ikerketako datuak eta bertsolaritza gizarte mugimendu gisa definitzeko arrazoiak, Kulturgintzari begiratzeko betaurreko berriak. Bertsolaritzatik ikasten izenburua duen testuan. Soziologoaren iritziz, kultura kontsumogai hutsa baino gehiago dela erakusten du bertsolaritzak. Haren hitzetan, kultur adierazpide txikiek proiektu soziokulturalak doitu behar dituzte arnasbideak topatzeko, are gehiago geroeta globalizatuagoa den agertokian: «Horregatik sortu zuten bertsolaritzaren proiektu soziokultural bat, kultur adierazpide txiki batentzat espazioak eraikitzea lehenetsi zutelako». Eta lortu ere lortu zuten, ikertzailearen ustez.

Hernandez Garciak, berriz, azterketaren generoaren atalari begiratu dio Hutsuneak du hitza artikuluan. Bertsolaritzak bere izaera eta praktika definitzeko eta birdefinitzeko garaian agerian uzten dituen «genero-tentsioak» ditu hizpide bere testuan antropologoak. Haren ustez, «bertsolaritzak etorkizuna izango du, neurri batean bertan dagoen dibertsitatea artikulatzen asmatzen bada». Hau da, emakumeen artikulazioa gertatzen bada. Horretarako, orain arte egon den «hutsuneari» eta horren ondorioei erreparatu die artikuluan, eta «orain arte egindako loturak des-artikulatu eta desegin» behar direla ondorioztatu du, «oinarri berri batekin abiatzeko».

Mahai ingurua

Gaia ixteko, Miren Amuriza, Andoni Egan?a eta Maialen Lujanbio bertsolariak Miren Rubio Iturria kazetariak gidatutako mahai inguruan parte hartzera gonbidatu zituen aldizkariak. Hiru belaunaldiren ordezkari, azterketaren emaitzak norbere esperientzietatik aletzen dituzte, datuen atzean dagoenaz egiten dute gogoeta, beren bizipenekin erkatuz, eta bertsolaritzaren etorkizunari begira ere jartzen dira. Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak Kontrako eztarritik (Susa, 2019) liburuan jasotako hamabost emakume bertsolariren testigantzek ere zeharkatzen dute solasaldia.

Azkenik, Egunen gurpilean atalean, Itziar Ugarte Irizarrek, Jaime Altunak eta Alba Garmendiak testu bana izenpetu dute. Eta, ohiko moduan, Unai Iturriagak egin du aldizkariaren kontrazaleko irudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.