Bayonak jaso du Bilboko Fant zinemaldiaren ohorezko saria

Zinemagile katalanak azpimarratu du neurriak hartu behar direla plataforma digitalei eta zinema aretoei, biei eutsi ahal izateko

Bayona zinemagilea omendu du Fant jaialdiak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Fantasia errealitatea azaltzeko erabiltzen duela dio Juan Antonio Bayona zinemagileak (Bartzelona, 1975): «Zinema fantastikoa egiten duen zuzendaritzat dut nire burua». Zinema jaialdi sonatuetan hainbat sari jasotakoa da Bayona, baina txikiagoak eta xumeagoak diren zirkuituen beharra azpimarratu du behin eta berriz. «Sitgeseko zinemaldian hazitakoa naiz ni, baina jaialdi mota guztietan sinesten dut: handiak zein txikiak, denak dira beharrezkoak. Zenbat eta pluraltasun gehiago, orduan eta aberasgarriagoa izango da zinemagintza sistema». Atzo bukatu zen Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. aldia, eta Bayonak ohorezko saria jaso zuen, Guggenheim museoan egindako bukaera ekitaldian.

Besteak beste, El orfanato (2007), Lo imposible (2012) eta Un monstruo viene a verme (2016) filmak zuzendu ditu Bayonak, eta haren lanek arrakasta nabarmena izan dute zinema aretoetan. Hala ere, azpimarratu du sektorea beheraldian dagoela. «Askok plataforma digitalen indarrarekin lotzen dute zinema aretoen ahultzea. Baina ez nago ados, plataformek zinemagintza inoiz ez bezala hedatzea ekarri baitute: filmak eraman dituzte inoiz iritsi ez diren tokietara». Bayonaren iritziz, gaur egun sektoreak duen erronka nagusia zera da: nola babestu zinema aretoak plataforma digitalen eskaera indartsuaren aurrean. «Kontua ez da plataforma digitalen alde edo kontra egitea. Arriskuan den sektore bat nola babestu da gakoa, gero eta herri gehiagotan ari baitira zinema aretoak ixten. Elkarrekin bizi daitezkeen munduak dira, zinemagintzari ekarpena egiten baitiote biek ala biek».

Azaldu du Katalunian sektorearen atzeraldia sumatzen duela. «Produkzioa dezente murriztu da: banatzaile ugari desagertu dira, eta Bartzelonan erreferenteak izan diren areto askok itxi egin dituzte ateak. Kontsumoak ere behera egin du; nabarmen, gainera». Iradoki du herrialdean dagoen gatazka politikoak ere eragina izan duela apaltze horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.