Albistea entzun

Nora Alberdi. Zuzendaria

«Lantaldearen garrantzia hobeto ulertzen dut orain»

EITBk eta Gazteak 'Daniel/a/' websaila sortu dute, narrazioak bide desberdinetatik eskaintzeko eta gai sozialak jorratzeko asmoz. Nora Alberdik zuzendu du.
NORA ALBERDI Tamaina handiagoan ikusi

Alex Uriarte Atxikallende -

2021eko irailak 26

Nora Alberdik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1997) esperientzia du ikus-entzunezkoen munduan. Baina orain arteko erronkarik handiena oraintsu izan du, Daniel/a/ proiektuaren zuzendaritza lanetan ibili baita.

Nor da Daniel/a/, eta zer du kontatzeko?

Daniela Londresera hiru urterako alde egiten duen gaztea da, Daniel bezala itzultzen dena. Orduan, unibertsitateko bere lagun Ipar aurkitzen du, eta bien arteko pasadizoak abiatzen dira; halaber, Danielen aitaren rola ere azpimarragarria da, etxeko errealitatearen agerkari delako.

Gai aldetik, gazteentzako websail bat da, ala publiko zabalago batengana zabalduko zenuke hauspoa?

Ez dut uste gazteentzat soilik diseinatutakoa denik: genero nortasuna, etxeko arazoak, prekaritatea, onarpena eta klase soziala mugimenduan dauden kezkak dira: belaunaldi ugariri eragiten dieten eguneroko gaiak dira.

Zer izan da zuretzat proiektu berritzaile hau zuzentzeko ardura hartzea?

Fikziozko lehen lana dut, eta izugarri disfrutatu dut; hori bai, dena astebetean grabatu genuen, eta horrek sekuentzia grabaketa oso estresagarria izatea ekarri zuen, aurrekontu apalarekin, gainera.

Daniel/a/ transmedia proiektu bat da, hau da, euskarri desberdinetan eskaintzen da; zeintzuk dira formatuok?

Hasteko, sei ataleko telesaila dago; halaber, hiru aleko podcasta eta fikziora eraman dugun zuzeneko kontzertu erreala daude.

Narrazio bat transmedia formatuan eskaintzea moldatzen al zaio kontsumitzaileak bizi duen zapping aroari eta edukiak hainbat iturritatik jasotzeko egungo joerari?

Baiezkoan nago; esango nuke geroz eta telesail gutxiago ikusten ditugula telebistan. Horren ordez, esaterako, sareko plataformetako websailak eta podcastak kontsumitzen ditugu, eta, pertsonalki, uste dut badela garaia euskarazko edukiek ere egungo formatu berrietara urratsa egiteko.

Esango zenuke lan honek bat egiten duela zure nortasunarekin eta kezka artistikoekin?

Guztiz. Niri ikus-entzunezkoen mundua betidanik gustatu izan zait, baina gehien ukitu nauena trans errealitate bat lantzea izan da. Protagonistak bizi dituen egoeretako asko nik neuk ere lehen pertsonan bizi izan ditut; horrek egitasmoarekiko nolabaiteko atxikimendua ernaldu zidan hasiera-hasieratik.

Zuzeneko kontzertu bat ere grabatu duzue, Laudion. Horren bidez, saioaren azken ataleko kontzertu bat errealitatera ekarri duzue, gero berriz ere fikziora eramateko. Zer konta zenezake grabazio horri buruz?

Istorioan, protagonistetako batek, Iparrek, musikaria izan nahi du, eta websailean ere kontzertu bat ematen du; beraz, emanaldi hori benetako ikusleen aurrean grabatu genuen. Niretzat, kontzertuak habitat oso bereziak dira, nire bizitzako esperientzia eztienetako asko kontzertuetan jazo dira ,eta, horregatik, kontu zinez polita izan da hori grabatzeko parada suertatu izana. Grabazioaren ostean, gainera, Sua taldeak ere kontzertua eman zuen, zati hori websailean agertuko ez den arren.

Zein irakaspen atera duzu websailaren ekoizpen prozesutik?

Sortzen jarraitu nahi dudala eta fikzioari beldurra galdu diodala. Bestalde, ikus-entzunezkoak sortzeko, pasioz eta elkarlanez funtzionatzen duen jendea ezagutu dut: sormena biziki maite duten langileak.

Nola aldatu da Daniel/a/-ren itsasoan murgildu zen Nora Alberdi hura, behin egitasmoa bukatuta?

Lantaldearen garrantzia hobeto ulertzen dut orain. Nigan sinistearen beharraz eta jende onez inguratzearen esanguraz jabetu naiz. Indarra hartu dut datozen lanei heldu eta sortzen segitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Kritika soziala egiten duen komedia bat. ©SERIESLAND

Umorezkoak, euskaraz ere bai

Urtzi Urkizu

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Orein arrak, norgehiagoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna