Koronabirusa

Eskoletan ere, Gabonen ajea

Sumatu dute izurriaren hirugarren olatua ikastetxeetan ere. Zenbait zentro eta ikasgela itxi dituzte, baita ikasleak konfinatu ere; horretarako irizpideetan badira zalantzak.

Donostiako Herri Ametsa ikastolako jolastokia, ikasleak ez nahasteko prestatuta, irailean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gabonen ondorengo COVID-19aren hirugarren olatuak ikastetxeak ere blaitu ditu: urtarrilean ikasgeletara itzultzean, gora egin zuten positiboek. «Kasuak igo dira, eta intzidentzia handiagoa da eskoletan», onartu du Arrate Iturralde Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol programaren koordinatzaileak.

Baina zenbateraino sartu da birusa ikasgeletan? Ezinezkoa da zehazki esatea. Eusko Jaurlaritzak BERRIAri ez dio eman kutsatutako ikasleen datu zehatza, baina egunero argitaratzen duten txostenetik jakin daiteke irailaren 7tik orduan itzuli ziren ikastetxeetara gehienak 0 eta 18 urte arteko 22.246 umek eta gaztek eman dutela positibo. Iparraldeko daturik ere ez dute jakinarazten. Nafarroan, berriz, zehatzagoak dira: gobernuak duela astebete emandakoen arabera, ikasturte hasieratik 7.641 ikaslek eman dute positibo; horietako 304k azken hamar egunetan. Horrez gainera, bestelako datuak ere eman dituzte: adibidez, 806 irakasle kutsatu dira, eta 25.706 ikaslek berrogeialdia pasatu behar izan dute. Aldiz, ez dute eskolarik guztiz itxi.

Datuak datu, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berretsi du eskolak «leku seguruak» direla. Haren hitzetan, baliabideak jarri dituzte,aurrez aurreko jarduerarekin jarraitzeko. Hain zuzen, sailburuaren arabera, mila irakasle baino gehiago kontratatu dituzte, baita garraiorako, jangeletarako eta garbiketarako beste mila langile ere. Baina datuek erakusten dute positiboak badirela. Batzuetan, kontaktu estuak identifikatzen saiatu arren, baheketak egin behar izan dituzte zentroetan, Iturraldek azaldu duenez. Kasurik larrienetan, ikastetxea osorik itxi behar izan dute. Erabaki hori hartzeko dituzten irizpideak askotarikoak dira: kasu kopurua, eraso tasa, positiboen ehunekoa, ikastetxearen ezaugarriak, hirian edo herrian dauden datu epidemiologikoak... «Egoera oso txarra bada, azkenean, ixtea erabakitzen da».

Aizarnakoa (Zestoa, Gipuzkoa) da aurrez aurreko jarduera eten behar izan duten zentroetako bat. «34 ikasle ditugu, eta horietako hiruk eman zuten positibo», azaldu du Aitor Zeberio zuzendariak. Ikastetxe osoa burbuila bat izanik, online eskoletara itzuli behar izan zuten ikasleek, baina erabakia hartzeko bidea ez zen erraza izan. Zeberiok azaldu duenez, kontaktuan jarri behar izan zuten beraien ESI erakunde sanitario integratuan hezkuntzarako duten erreferentziazko pertsonarekin: «Guk ez dugu oso harreman ona eduki ESIkoekin, kosta egin zaigu komunikazioa». Ez dira izan horrelako kritika egiten lehenak. Aurrez aurreko jarduera eten behar izan zuten orain aste batzuk Gasteizko Judimendi eskolan ere, eta klaustroak salatu zuen aurrez aurreko eskolak eten arte egoera «oso kezkagarria» eta «nahasia» bizi izan zutela, eta «gainezka» eta «babesik gabe» sentitu zirela Osakidetzak erabakiak «gaizki» eta «irizpiderik gabe» hartu zituelako. Beste arazo bat ere ikusi du Zeberiok: irakasle bakarrari egin zioten testa, «Beti argudiatu izan dut kontaktu estuak denok garela: denok gaude ikasle horien inguruan».

Iruñeko Iturrama institutuan ere nabaritu dute Gabonen ondorena, Arantxa Irisarri zuzendariak azaldu duenez: «Kasu gehiago izan ditugu, baina ez da izan izugarria ere». Azaroan «nahiko lasai» ibili ostean, hiru kasu izan zituzten abenduan —oporretan guztiak—, sei urtarrilean eta orain arte bost otsailean. «Kontuan izanda 800 ikasle daudela gurean, ez da hainbeste ere».

Kasuen jarraipena

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bi bidetatik izan dezake eskolak positiboen berri: positiboaren familiaren bidez edo Osakidetzatik. «Ikusten dugunean, adibidez, positibo bat 15 urtekoa dela, lehenesten ditugu kasu horiek, eta galdetzen diegu: 'Eskolara joan zara edo ez?'. Baietz esaten badute, eskolara mezu bat bidaltzen diegu esanez zein datu behar ditugun», azaldu du Iturraldek.

Nafarroan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta Batxilergoan desberdin jokatzen dutela azaldu du Irisarrik: «Bigarren hezkuntzan printzipioz gelarik ez dute ixten». Kontaktuestuak identifikatzeko orduan, berriz, DBHkoekin eta Batxilergokoekin ez dute berdin jokatzen, Irisarriren hitzetan. Horrela azaldu du arrazoia: «DBHko ikasleak atsedenaldian ez dira ateratzen ikastetxeko eremutik kanpora, eta Batxilergokoek aukera daukate, eta ateratzen dira. Atsedenaldia momentu kritikoa da hamaiketakoa jaten dutelako. DBHko ikasleen artean ez dago arazorik hamaiketakoa gela bertan jaten dutelako». Irisarrik ikasleen laguntza nabarmendu du: «Oso barneratuta daukate maskara beti eta ondo jantzita erabiltzea, aireztatzea...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.