PSOEk Madrilen ere aitortu du EH Bildu mintzakide gisa

Sanchezek iragarri du harekin ere batzartuko direla bere inbestidurarako. Talde subiranistak oraindik ez du bilerarako jakinarazpenik jaso

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea, herenegun, Moncloan. FERNANDO VILLAR / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan du PSOEk jendaurreko harreman instituzionalik normalizatuena EH Bildurekin, PSE-EEren bitartez. Nafarroan oraintxe ekin dio PSNk, Maria Txibite idazkari nagusi eta gobernuburuak datorren urteko aurrekontuei buruzko bilera sailean EH Bildu ere sartu baitu —Txibitek egin du bilkura publiko bat: azaroaren 27an, Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz parlamentarioekin—. Madrilen ere PSOE bide hori hastera doala dirudi, Pedro Sanchez idazkari nagusi eta Espainiako gobernuburugaiak iragarri baitu bere alderdiak Kongresuko talde guztiekin hitz egingo duela inbestidurarako; hau da, EH Bildurekin ere bai. Sanchez presidente denetik, PSOE eta EH Bildu batzartu izan dira gorteetan, baina sozialistek sekula ez dute aitortu ofizialki. Orain, bai. Hala ere, ikusteko dago kamerekin edo gabe egiten den bilera.

Felipe Borboikoa Espainiako erregeak asteazken iluntzean proposatu zuen Sanchez inbestidura saiorako, eta PSOEko buruak berehala jakinarazi zuen zein izango den bere bileren agenda. EH Bilduk uste du berri ona litzatekeela beraiekin ere biltzea gobernuburugai eta jarduneko presidentea, baina oraindikez du batzar baterako jakinarazpenik jaso. Adriana Lastra PSOEko bozeramaile parlamentarioak egingo ditu bilera horiek. Sanchez bera Pablo Casado PPko presidentearekin eta Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatuarekin elkartuko da, astelehenean.

Santiago Abascal Voxeko presidente eta diputatuak protesta egin du PSOE EH Bildurekin batzartuko delako, eta jakinarazi du horregatik bere taldea ez dela eseriko sozialistekin. «Ez dugu Bildu zuritzen lagunduko», idatzi du Abascalek, Twitterren. PSOE talde katalan independentistekin biltzen aritzea ere ez du gustukoa, «Espainiaren arerioak baitira».

Aukera emateko prest

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, bere taldea ez da «oztopo bat» izango PSOEk, UPrekin batera, gobernua osatzeko, baldin eta haiek «agenda demokratizatzailea» badute. Murrizketa sozialei aurre egiteko eta «gatazka politikoak konpontzeko» apustua egingo balute, EH Bildu prest legoke «aukera bat» emateko.

Espainiako Gorteetarako joan den azaroaren 10eko hauteskundeetako emaitzei esker, EH Bilduk —2011n, Amaiur— aurreneko aldiz lortu du Kongresuan talde propioa. Bost diputatu dauzka. EAJk, sei. Koldo Mediavilla EAJren EBBko Politika Instituzionaleko arduradunaren arabera, Sanchezen inbestidura urtarrileko lehenengo astean izan daiteke, PSOEk eta ERCk «aurreratuak» dituztelako elkarrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.