Pandemiak gogor erasan die zahar etxeei, eta hilabeteotan ozendu egin dira egoitza horiek antolatzeko ereduen inguruan gogoeta sustatzeko eskeak. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, atzo, Eusko Jaurlaritzak horretarako atondu duen hausnarketa prozesua aurkeztu zuen. Horren bidez, «zahartze egokia eta betea garatzeko aukera» emango duen eredu bat garatu nahi dute.
Sailburuaren arabera, eredua hobetzea da helburua, eta, aldi berean, «jasangarritasunari» nola euts dakiokeen aztertzea. «Gai izan behar dugu nahi dugun etorkizuna ikusteko, herritarren behar eta nahiekin bat datorrena, dauden baliabide eta lege testuinguruen esparruan», adierazi zuen. Espero dute urtea amaitu aurretik jasotzea gogoeta prozesutik ateratako gomendioak.
Gogoeta ezinbestekoa da arloan loratzen ari diren errealitate berriei erantzuten asmatzeko. «Adinekoen soslaia aldatzen ari da», onartu zuen atzo Artolazabalek: «Asertiboagoak eta komunikatiboagoak dira beren beharren inguruan, prestakuntza handiagoa dute, eta kontsumitzaile zorrotzen trebetasunak garatu dituzte». Horren araberako erantzun egokiak prestatu behar direla nabarmendu zuen, eta lehen lerroan jarri behar direla adinekoen eskakizunak: «Etxean bizitzea da gehienek nahi izaten dutena, eta, posible ez denean, etxe baten ezaugarriak dituen bizitoki batean».
Hainbat alorretako adituak
Prozesuan hainbat arlotako adituak batuko dira, hamahiru pertsona guztira. Atzo, horien ordezkari Brigida Argote erizain gerontologoa eta antropologoa egon zen Artolazabalen ondoan. Bioetikan, zainketa aringarrietan, geriatrian eta egoitzen kudeaketan esperientzia duten gizon eta emakumeak dira adituak. Eusko Jaurlaritzak esan du arloko kolektibo guztiek ere espazioak izango dituztela beren ideia, proposamen eta argudioak aurkezteko gogoeta fase honetan: foru aldundiek, egoitzetako adineko erabiltzaileek, haien senitartekoek, adinekoen beste kolektibo hainbatek, egoitzetan lan egiten dutenek, sindikatuetako ordezkariek eta patronaletakoek.
Koronabirusa
Zahar etxeen eredua gai hartuta, gogoeta bat hasiko du Jaurlaritzak
«Zahartze egokia eta betea» garatzeko eredu «jasangarri» bat ondu nahi dute. Aditu talde bat elkartu dute hausnarketetan parte hartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu