Jatorria pisu gehigarria denean

Emakume, euskaldun eta arrazializatu edo migratzaile dira Tarana Karim, Palmira Dual eta Leocadia Bueriberi. Ezaugarri horiek dakartzaten zailtasunez aritu dira.

Tarama Karim, Palmira Dual eta Leocadia Bueriberi, atzoko mahai ingurua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zapalkuntza ugari gorpuzten dituzteTarana Karimek, Palmira Dualek eta Leocadia Bueriberik: euskaldunak dira, emakumeak, eta arrazializatuak edo migratzaileak. Ezaugarri horiengatik jasan behar izan dituzten menderakuntzez eta gainditu beharreko oztopoez aritu ziren atzo Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Genero Batzordeak antolatutako Euskara eta feminismoa zikloko hirugarren saioan. Eider Olazarrek gidatuta, Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk saioan aletu zituzten egunerokoan sortutako ezinak.

Karimek, Dualek eta Bueriberik ez dute euskara etxetik jaso; gerora ikasi dute. «Migrazio prozesu baten ondorioz egin naiz euskaldun. 8 urterekin B ereduko eskola batean sartu ninduten, eta derrigor ikasi behar izan nuen euskara», azaldu zuen Bueriberik. Karimek, berriz, Azerbaijandik iritsi berritan hartu zuen ikasteko erabakia: «Ez nekien hemen bi hizkuntza zeudela. Erdara ikasten hasi nintzen, eta hilabete batzuk pasatutakoan, euskara».

Aukeraketa horrek ateak ireki dizkielakoan daude. «Euskara jakin ondoren, zure bizitza aldatzen da. Ate batzuk irekitzen dira, lehen ez zeudenak hain irekita: beste arlo batzuetara —politikoak, sozialak nahiz kulturalak— sar zaitezke», nabarmendu zuen Karimek. Dualek «pribilegiotzat» du euskaldun izatea: «Ni pribilegiatu bat naiz ijitoen artean: euskara ulertzen dut eta hitz egiten dut. Lana bilatzean edo leku batera joatean, gehiago onartzen naute».

Harreman gehiago egiteko modua ere badela uste du Bueriberik: «Euskarak eman dit nire sareak zabaltzeko aukera, jende desberdina ezagutzekoa eta hainbat lekutan egotekoa. Hizkuntza muga bat izaten da normalean, baina, hori gainditzen duzunean, beste ate batzuk irekitzen zaizkizu». Euskara ez dakitenen egoera bestelakoa dela uste du Dualek: «Emakumea eta ijitoa izatea jartzen badugu gure motxilan, harri asko dauzkagu. Ijito izanik, batzuetan ez dute zuregan konfiantzarik. Euskaraz ez baduzu hitz egiten edo ulertzen, beste harri bat sartzen duzu motxila horretan, eta hori arazo bat da».

Ez dute bide erraza izan euskara ikasteko. Karimek azaldu duenez, inguruak lagundu zion prozesuan, baina, gainerakoan, migratzaileek hainbat oztopo dituzte: lanaldi luzeek ez diete denbora asko uzten, eta diru faltan ere izaten dira. «Kanpotarra zara, eta ekonomiagatik beti lanean aritu behar duzu: lanik gabe ezin dugu existitu». Gastu ekonomikoa ere hor dagoela aipatu du: «Dena dirua kostatzen da, eta ez da diru gutxi».

Estereotipoez ere aritu ziren solasaldian. «Nigan jarritako espektatibak baxuak izan dira: jendea harritzen zen Batxilergoa egiten ari nintzela esandakoan», azaldu zuen Bueriberik. «Guk nahi badugu, euskara ikas dezakegu», erantsi zuen. Ildo beretik jo zuen Karimek. «Nik, euskaldunen artean bizi izanda, ezin dut euskara ikasi?» .

Argazkirako bakarrik

«Euskarak ateak irekitzen ditu begiratzeko, baina, tamalez, erabakitzeko oraindik ez». Karim «arrazismo instituzionalaz» mintzatu zen. «Gure iritziak mahai gainean jartzeko, erakundeek ere ikuspuntu irekiagoa eduki behar dute, eta aldatu, gizartea aldatzen ari den bezala». Batzuetan, argazkietarako bakarrik nahi izaten dituztela sentitu dute: «Pertsona bat argazkian jartzen badut, ados, erabakiak hartzeko eta iritziak kontuan izateko ere jarri behar da».

Horrenbestez, aniztasunean aurrera egiteko beharra azpimarratu zuten. Feminismoa izan zuen hizpide Dualek: «Nire feminismoa ez da soldata berdina edukitzea; nire lehengusinak edo arrebak ikasketak eta lanpostua izatea da». Euskal gizartea «kolore askotakoa» da, Karimentzat: «Ezin dugu euskara lehenengo planoan jarri beste identitateak ahaztuz, ezkutatuz edo itzalean utziz: guztiak batera errespetatu behar dira».

Era berean, auzitan jarri zituzten euskalgintzak egindako hainbat aldarrikapen, uste baitute euskaraz ez jakitea muga dela zenbaitetan. Lan arloari begira jarri zen Bueriberi: «Euskaraz ez badakizu, ezin zara alor askotan jardun». Baita militantziari begira ere, eta ekainaren 28ko manifestazioaren harira gertatutakoa kontatu zuen: «Kartela euskaraz bakarrik jartzeak esan nahi du publiko konkretu bati zuzenduta dagoela; Gasteizen ezagutzen dut jende ez-heteronormatibo arrazializatu pila bat, interesa duena gai horietan, eta ezin izan duena espazio horietan egon, deialdia ez dagoelako haiei zuzenduta». Martxoaren 8ko deiarekin ere antzekoa gertatu zela iruditzen zaio.

Karimek ere uste du euskara «babestu eta zabaldu» behar dela, baina gaztelerak ere lekua izan behar duela iruditzen zaio, mugimendu feministan emakume gehiagok parte har dezaten: «Nik euskaraz hitz egiten dut, baina nire taldekoek ez. Antolatzen ditugun jarduerak haiengana ere iristea nahi dut, baita parte hartzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.