Salih Muslim. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buruzagi ohia

«Herritarrak dira Afrinen kontrako erasoen helburua»

2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Batasun Demokratikoaren Alderdiko (PYD) lehendakari ohia da Salih Muslim (Seyran, Kurdistan, 1951), eta Gizarte Demokratikoaren Mugimenduko (TEV-DEM) kanpo harremanetarako bozeramailea. TEV-DEM da gobernuan dagoen indarra Siriaren Iparraldeko Federazioan, Rojava ere esaten zaion eskualdean. Joan den larunbatean, Turkiako indar armatuek operazio militar handi bati ekin zioten Afrin hiriaren eta ingurukoen kontra, Turkiaren eta Siriaren arteko mugaren ondoan. Eraso hori behin baino gehiagotan iragarria zegoen, eta hasia da biktimak eragiten.

Turkia Afrini erasotzen ari zaio; Errusiak eta Al-Assaden erregimenak, berriz, ez ikusiarena egiten dute. Zergatik Afrin? Zergatik orain?

2011tik, Afrin barrendegi moduko bat izan da, eremu seguru bat, eta Turkiak sekula ere ez du onartu errealitate hori. Bost urtez, eginahalak egin ditu hori aldatzeko, baina alferrik; hortaz, inbasio hau prestatzen aritu dira, haientzako garai egokiaren zain.

Sinetsita gaude eraso hau gertatzerako trukeren bat izan dela Turkiaren eta haren mertzenarioen, Errusiaren eta Siriako Gobernuaren artean. Afrin izan da, hain zuzen, trukerako txanpona.

Ba al duzu zehazterik zergatik den garai egokia Turkiarentzat?

Azpimarratu behar da aldi berean gertatu direla eraso hori eta Abu al-Zuhurren, Idlib iparraldean dagoen aire basearen «liberazioa» [matxino islamista suniten menpe zegoen eremua]. Siriako erregimenaren tropek base hori «askatu» eta berehala hasi ziren turkiarren aireko erasoaldi azkarrak Afrinen kontra; gure ustez, garbi dago bi gertaera horiek lotuta daudela. Gainera, Turkiak Errusiaren eta Siriako erregimenaren oniritzia izan du, noski. Oso inbasio zabala da: aireko erasoaldiez gain, Turkiako tropak lurretik sartzen saiatzen ari dira. Beste fase batean gaude, eskualdeko indarrek sortutako gerraren kontzepzio berri batean.

Zertan da Afringo egoera oraintxe bertan?

Aireko erasoak larunbatean hasi ziren, eta oraindik ez dugu informazio osorik, baina badakigu gutxienez hiru martiri daudela: YPGko kide bat [Herriaren Babes Unitateak], eta bi YPJkoak [Emakumeen Babes Unitateak]. Halaber, baiezta dezakegu sei zibil hil eta dozenaka zauritu direla [igandeko datuak dira]. Hain zuzen, herritar zibilak dira operazio honen helburu nagusia. Eta azpimarratu nahi dut zibilez ari naizela berez, YPG eta YPJ aipatzen ditudalarik; talde horiek Afringo gizon-emakume arruntek osatzen baitituzte, zeinek armak hartu dituzten beren etxe eta herriak defendatzeko. Armak hartu dituzten zibilak dira.

Uste dut hori azpimarratzekoa dela, batez ere nazioarteari begira: herritarrak daude erasopean. Turkia gezurretan ari da hemen PKK-ko militanteak [Kurdistango Langileen Alderdikoak] daudela dioenean; aitzakia hutsa da, erasoa zuritzeko.

Zer moduz daude herritarrak?

Orain, jendea gordeleku bila dabil, Afrinen bertan eta inguruko herrietan. Ez dira ihesean ari, muga erasopean dago eta; ezin dira hiritik irten. Hain zuzen, nazioarteari errepikatu nahi diot genozidio arrisku larria dagoela, herritarrak hirian eta inguruko herrixketan harrapatuta baitaude, eta Turkiako indarrak eta haien mertzenarioak zibilak hiltzen ari baitira: emakumeak, haurrak, gizonak.

Kurduek erakutsi dute ezin garrantzitsuagoak direla konponbide politiko orotan, ez soilik Sirian, baizik eta Ekialde Hurbil guztian. Hala ere, ez da hori aitortu nahi. Zergatik diete hainbesteko beldurra kurduei?

Kurduak bidea urratzen ari direlako demokraziaren ikuspegi berri baterantz, herrien berdintasunerako eskubiderantz. Sistema berri bat abiarazi dugu, eta praktikan jarri; eta proiektu horrek Ekialde Hurbil osoarentzat balio du. Herrien arteko kidetasunaz ari gara, genero berdintasunaz, emakumeen eskubideez… Kontzeptu horiek guztiak berriak dira Ekialde Hurbilean, eta kurduak gara prozesu horren buru. Establishment-aren barruko guztiak, eta oro har botere talde jakin batzuetakoak, ikusmolde berri horren beldur dira. Interesak arriskuan dituztela ikusten dute, eta horregatik saiatzen dira aurrerabide eta aldaketa oro geldiarazten. Beldurra diete kurduei, beldur direlako mundu osoko nazioak ez ote diren ohartuko demokraziaranzko bide hau egingarria dela, onuragarri zaiela. Hori heresia hutsa da Siriako erregimenarentzat, Turkiarentzat, demokraziaren etsaientzat. Horregatik erasotzen digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.