Ana Ramos Sarriugarte. Aurkezlea

«Kirolariek oso barrutik hitz egiten digute gure saioan»

Euskal Herriko kirolariak protagonista dira Ramosek aurkezten duen 'Helmuga' saioan. Igandero, ETB1ean, kirola pasio dutenen gorabeherak irudi ederrez janztzen ditu tarteak.

Edu Lartzanguren.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ana Ramos Sarriugarte (Eibar, Gipuzkoa, 1973) kazetariak beti izan du argi kirol munduko istorioak kontatu nahi zituela. Zazpi urtez Osasuna futbol taldearen berri eman zuen ETBrentzat, eta azken hamar urteak Gaur Egun albistegiko kirol tartea aurkeztu du. Orain, ordea, kirolariak gertutik ezagutzeko lanean ari da, Helmuga saioan. Euskal Herriko kirolarien barruan dagoen pertsona eta istorioak —batzuetan zirraragarriak— ateratzen eta kontatzen dabil.

Nondik datorkizu kirolzaletasuna?

Beti gustatu zait kirola egitea, eta etxean beti izan gara kirol proben eta emankizunen kontsumitzaileak. Beti joaten ginen ziklo-krosa, txirrindularitza eta halakoak ikustera; aita Eibarko bazkidea da... Kazetaritza ikasi nuenean argi nuen ahal izanez gero horretara zuzenduko nuela neure ibilbidea.

Berez zein da Helmuga saioaren helburua?

Ni aurkezlea naiz, zuzendaria Anartz Agirre da, eta erredakziozein errealizazio talde mardul bat dago horren atzean. Eguneroko agendatik kanpo geratzen diren kirolak eta kirolariak landu nahi ditugu saioan. Albistegietan eta eguneroko agenda horretan oso markatuta doaz jorratuko ditugunak: futbola, pilota, txirrindularitza... Baina hortik kanpo bada gauza oso interesgarriak egiten dituen jendea Euskal Herrian bertan, bai atletismoan, patinetan, mendian... Horiei bide eman nahi diegu, eta haien jarduna euren ikuspegitik ezagutzen ahalegindu nahi dugu. Haien izaera ezagutu, zergatik erabaki duten kirol hori egitea, zein arazo izaten dituzten... Arlo pertsonal batetik ezagutu nahi dugu kirolaria, eta kirola.

Lehengo ataletan, esaterako, Yakhia Ndong aurkeztu duzue, esaterako. Patera batean Europara heldu eta, orain, arraunlari dabilena Santurtzin (Bizkaia).Baita osasun arazoak izan dituen Leire Fernandez mendi eta txakur-kros korrikalaria ere. Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue kirolariak?

Oso agenda mardula du gure zuzendariak, eta jende asko ezagutzen du —bera ere kirolaria delako—, tartean zerbait berezia kontatzeko daukan jendea. Leire Fernandez, esaterako, oso mendi korrikalari ona da, eta etorkizun oparoa du, baina ikusi genuenean osasun arazo hori zeukala, iruditu zitzaigun modu oso ona zela hura ezagutzeko. Eta erreportajean ikusten da neska oso alaia dela, nahiz eta arazo larri samarra izan. Horri nola egiten dion aurre ikustea ikuslearentzat ere oso positiboa izan daitekeela iruditu zitzaigun.

Arazoak arazo aurrera egiten duen jendea erakutsi nahi duzue?

Bai, eta horren egoera larriak ez badira ere, Euskal Herrian asko dira aurrera egiteko zailtasunak dituzten kirolariak, nahiz eta goi mailako kirola egin, ekonomia aldetik, edo familia bizitzarekin bateratzeko.

Kirolari milioidunen gorabeherak jorratu beharrean, iruditzen zaizu beste kontu hauek eraginkorragoak direla oinarrizko kirola bultzateko?

Bai. Uste dut hemen kirolean dabilen jende gehiena identifikatuagoa sentituko delaHelmuga-n ateratzen den pertsonekin, albistegietan ateratzen diren kirolari askorekin baino. Gertuago sentitzen dituzu geure saioko kirolariak eta euren istorioak.

Zer ustekabe dituzue gordeak datozen ataletarako?

Igandean bertan [bihar], Kepa Acerok Senegalen izan duen abentura erakutsiko dugu. Eta IDK Gipuzkoa saskibaloi taldeko Toch Sarr 35 urteko jokalariak zelako lesio larria izan duen zein natural kontatzen duen ikusiko dute ikusleek. Niri hori gustatzen zait: denbora ematen diegu patxadaz azaltzeko. Gure saioan, kirolariek oso barrutik hitz egiten digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.