Beste hitz batzuekin kontatua

Bukatu da Beste Hitzak proiektua, Europako hizkuntza gutxituen egoera azaleratzea helburu duena. Hainbat herrialdetako 34 idazlek hartu dute parte egitasmoan.

Orotara, 34 idazlek parte hartu dute urteotan proiektuan, guztiak ere hizkuntza gutxituetan aritzen direnak. BERRIA.
Donostia
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hizkuntza, aurrez adostutako zeinukomunetatikabiatuta, gizakiak komunikatzeko erabiltzen duen tresna da. Tokian tokiko beharrei erantzun bat eman, eta errealitatea islatzeko erabilia. Gizartea antolatzeko era bat da: hizkuntza batzuek esparru geografiko mugagabe bati erantzuten diote, eta beste batzuk, berriz, gutxituak dira. Baina, hiztun komunitate txikia eduki arren, mundua interpretatzeko besteak bezainbesteko ahalmena eta indarra dute. Hizkuntza ez-hegemonikoei «beste hitzak» deitzen die Imanol Galdosek, Beste Hitzak proiektuaren koordinatzaile nagusiak: «Hizkuntzaz gain, pentsatzeko, adierazteko, bizitzeko eta mundua ikusteko beste modu batzuk dira».

2015ean sortu zen proiektua, Europako Kultur Hiriburuaren izendapenaren testuinguruan, Donostia Kulturak eta Donostia 2016k sustatuta. Hedadura urriko hizkuntzak oinarri hartuta, egitasmoak literatura-sorkuntza egonaldiak antolatzeko helburua izan du. Kontuan hartuta Europako hizkuntza gutxituen mapa oso zabala dela, Galdosek nabarmendu du «oraindik ezkutuan dauden errealitateekin» topo egin nahi izan dutela. Gauzak horrela, hautaketa prozesu baten ostean, herrialde hauek aritu dira harremanetan Euskal Herriarekin batera: Eslovenia, Mazedonia, Frisia, Eskozia, Curaçao eta Irlanda.

Hautatutako 34 partaideek bi hilabeteko egonaldia egin dute urtero. Tokatutako herrialdea agertoki moduan hartuta, literatur lan bat sortu behar izan dute jatorrizko hizkuntzan. Horrez gain, bertako kultur eragile eta elkarteak ezagutu dituzte. Euskal Herriak atzerriko artistak hartu dituen modu berdinean, hainbat euskal autorek euren lana kanpoko herrialde batean egiteko aukera izan dute: Ekaitz Goienetxea eta Yoseba Peña izan ziren lehenak, 2016an. Urtebete geroago, Beatriz Txibite eta Eneko Aizpurua izan ziren proiektuko kide. 2018an, aldiz, Ainara Maia izan zen Euskal Herriko hautagaia.

Hizkuntza aniztasuna oinarri harturik, gai, iritzi eta gizarte sektore ezezagunak azaleratu nahi izan dituzte. Literatur eragileen elkarlana uztartzea, hizkuntza ez-hegemonikoetako komunitateen sarea sortzea eta horien arteko harremana sustatzea izan dira helburu nagusiak: «Antzeko dimentsioa dugun errealitateak gara, eta bakoitzak bere bidea egingo balu irentsi egingo gintuzkete. Horregatik da hain garrantzitsua egitasmo honek dakarren izpiritua, elkarri arnasa eman, elkarri gauzak erakutsi, ikasi, bultzada eman... Hori guztia dakar proiektuak bere baitan».

Literatura aitzakia

Abiapuntua literatura izan arren, proiektuaren koordinatzaile nagusiak dio «terminoaren zentzu zabalean» ulertu behar dela; izan ere, sortutako edukiak «oso izaera ezberdinekoak» direla adierazi du: «Literatur eremuan oinarritutako helburua zen, baina hortik harago joan da. Zerbait lortu badu programa honek, pertsonen —eta, hortaz, herrien— arteko harremanak estutzea izan da. Horrek daukan balioa ikaragarria da». Poema bildumetatik hasi eta saiakera bateraino, eskaintza zabala jasotzen du urte hauetan guztietan partaideek idatzi dituzten testuak jasotzen dituen bildumak; gaur aurkeztuko da.

Aniztasuna onuragarria eta aberasgarria delako ideia indartzen du programak. «Elkarrengandik ikasi eta elkarri irakasteko» prozesu modura definitzen du Galdosek proiektua. Errealitate txikiek duten elkarren beharra «gero eta nabarmenagoa» dela-eta, egitasmoak «bideak ireki» dituela nabarmendu du: «Txikitasunak badu bere alde ona. Mundu globalizatu honetan, txikitasuna batzuentzako arriskutsua da, eta programa hau bozgorailu bat da».

Abiapuntu ezberdinetatik hasi arren, antzeko errealitateen sare bat sortu du proiektu honek; hiztun komunitate gutxituena, hain zuzen. Testuinguru honetan, euskararen egoerari buruz hausnartu du Galdosek, eta Euskal Herria «erreferente bat» dela deritzo: «Jakina, erronka asko daude aurretik, ikaragarriak, gainera, baina nik uste dut ez dela gutxietsi behar herri bezala lortu duguna».

Nahiz eta proiektua amaitu den, hasierako planteamenduak hala eskatzen duelako, aurrera begira egingo diren beste egitasmo askoren aitzindaria dela azaldu du koordinatzaile nagusiak. Antologia azken emaitza izan arren, proiektuaren argazki osoa kontuan hartu behar dela dio Galdosek; izan ere, egitasmoa «liburu baten argitalpenaz harago» joan dela azaldu du. Adierazi du literatur edukiez gain «herrien arteko esperientziak» biltzen dituen bilduma bat dela, eta gerora etorriko diren proiektuei ekarpen kualitatibo eta kuantitatibo bat egin diela deritzo: «Programa honek bide berriak zabaldu ditu, elkarren arteko bide bat posible dela eta potentzial ikaragarriak daudela erakutsi digu. Lortutakoarekin ezin dugu lo hartu; momentu oso inportante batean gaude, baita hizkuntza kontuetan ere».

Ameriketako europarrak

Egitasmoa Europako muga geografikoen barruan egin den arren, itsasoz bestaldera iritsi da. Izan ere, Elvira Bonafacio (1984), programaren partaideetako bat, Curaçao irlakoa da. 2010eko urrira arte, Holandarren Antillen zati izan zen; geroztik, lurralde autonomoa da Herbehereetako Erresumaren barnean. Nederlanderarekin batera, papiamentoa hizkuntza ofiziala da; irlak 142.000 biztanle ditu, eta horietatik %81,2k papiamentoa erabiltzen dute. Papiamentoa kreolera bat da Afrikako zenbait hizkuntza, portugesa eta gaztelania nahasten dituena. Europako parte izanik, proiektuaren filosofiarekin bat egiten zuela ohartu zen proiektuaren koordinatzailea: «Berritzaile samarra zen, eta balio erantsia zuen. Gainera, papiamento hizkuntza duen idazle batek nazioarteko aitorpena jasotzen duen lehen aldia izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.