Erabakitzeko eskubidea (I). Lander Martinez (Elkarrekin Podemos).

«Ez dugu bat egiten Gure Esku Dago-ren ikuspegiarekin»

BERRIAk elkarrizketa sorta bat abiatuko du talde parlamentarioetako eledunekin, erabakitzeko eskubideari, estatutu berriari, autogobernu lantaldeari eta abarri buruz.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Joan den igandeko giza katearen garrantzia azpimarratu du Lander Martinezek (Gasteiz, 1989), baina kritikaz adierazi du Gure Esku Dago-k ez duela erabakitzeko eskubidea «ikuspegi zabal» batetik landu.

175.000tik gora lagun batu ziren igandeko giza katean, Euskal Herrian izan den inoizko mobilizaziorik jendetsuenean. Zer gogoeta egiten duzu?

Guk errespetu osoz hartzen dugu Gure Esku Dago-ren lana. Harreman ona daukagu herri dinamikarekin, baina ez dugu bat egiten erabakitzeko eskubidearen gainean duen ikuspegiarekin. Ez dugu aktiboki parte hartzen GEDek antolatutako egitasmoetan, eta ez dugu parte hartu giza katean, baina gure militantziari askatasuna eman diogu joateko. Argi dago, hala ere, orain arte dinamikaren egitasmoek izan duten parte hartzea ikusita, igandeko giza kateak garrantzi handia izan duela. Edozein eratan, ongi aztertu beharko da igandekoak benetan lortu ote duen aniztasuna.

Zertaz ari zara zehazki?

Batetik, ikusi beharko da sentsibilitate politiko desberdinak ordezkatuta egon ote diren giza katean, eta, bestetik, erabakitzeko eskubidea ikuspegi zabal batekin islatu ote den. Hau da, igandeko giza katearen hainbat zati gai zehatzetara zuzenduta egon dira; besteak beste, Kataluniako prozesuari babesa adierazita. Hori hala izanik, uste dugu ate batzuk itxi egin direla, eta prozesu politiko horren alde ez gauden alderdiei atea itxi egin zaigula modu irekiago batean parte hartu ahal izateko.

Ez duzue bat egiten GEDen estrategiarekin eta planteamenduekin, hortaz.

Ez. GEDek duen estrategia eta erabakitzeko eskubidearen inguruan duen ikuspegia ez datoz bat gurearekin. Herri dinamikarekin harreman ona daukagu, baina bere ekintza zehatzetan parte hartzeko adina adostasunik ez dugu.

GEDek dio gizartean normalizatzen ari dela erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida. Ados zaude?

Ez dut uste erabakitzeko eskubidea tabu bat izan denik herri honetan. Eztabaida hori Euskadin egon da urte askotan, eta Eusko Legebiltzarrean bertan legegintzaldi guztietan eztabaidatu dugu gai horren inguruan. Beste kontu bat da erabakitzeko eskubidea agendaren erdian jartzea, GEDek eskatzen duen moduan. Guretzat, oraintxe bertan, beste lehentasun batzuk jarri behar dira agendaren erdigunean, baina ongi iruditzen zaigu erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egitea. Legebiltzarrean asteartero eztabaidatzen dugu gaiari buruz Autogobernu Lantaldean, eta guk beti eramaten ditugu gure ekarpenak. Hala ere, guretzat oraintxe bertan lehentasunak beste toki batzuetan daude; adibidez, Osakidetzako iruzurrean.

Herritarrek erabakitzeko dituzten 2.019 arrazoi biltzen dituen Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarraren esku dago. Gizartearen borondateak isla izan behar du estatutu berrian?

Herritarrei parte hartzeko bideak ireki zaizkie dagoeneko, baina asko geratzen zaigu benetako parte hartzea garatzeko. Guk nahiko genuke, herritarrek ez ezik, beste eragile sozial batzuek ere aukera izatea ekarpenak egiteko. Baina bi taldek baino ez dugu babesten gizartearen parte hartze zuzena: Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Gainerako taldeek mesfidantzaz begiratzen diote herritarren parte hartzeari.

Zer jarrera dauka zure taldeak erabakitzeko eskubidearen inguruan?

Guk bi dimentsio ematen dizkiogu erabakitzeko eskubideari. Demokrazian sakontzen badugu, erabakitzeko eskubidea printzipio demokratikoaren zabaltze prozesu bat da, eta, beraz, gure gizartearen eboluzio logikoa. Herritarron ahalduntze prozesu horren baitan, herritarrok erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa izan behar dugu, arlo guztietan. Bestetik, uste dugu lurraldetasunari buruzko eztabaidak dimentsio propioa behar duela, tresna zehatzak behar dituelako aurrera eramateko. Guk Argitasun lege bat eskatu dugu, kontsultak aldebikotasunez eta legezko bideetatik egin ahal izateko.

Zer toki izan behar du erabakitzeko eskubideak estatutu politiko berrian?

Galderak zera izan beharko luke, ea estatutua tresna bakarra ote den erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko. Hau da, erabakitzeko eskubideari dagokionez, instituzionalizatzeak bermatuko al du eskubide horrek aurrera egitea? Ala konfrontazio proposamen bat da? Guk ez dugu arazorik estatutuan erabakitzeko eskubidea txertatzeko, baldin eta legezko tresnak erabiltzen badira.

Boto partikularra aurkeztu diozue hitzaurreari. Zer da bereziki gustuko ez duzuena?

Batez ere EAJrekin ditugu desadostasun handienak. Hitzaurrean, jeltzaleek jaso dituzten zenbait elementuk oso zail egiten dute akordio zabal eta anitz bat lortzea. Euskadiri buruz dugun ikuspegian dago gakoa. Guretzat, Euskadi gizarte anitza da; askotariko identitateak ditu, eta guztiak aitortu egin behar dira, baina hitzaurreak ez du ongi jasotzen gure gizartearen aniztasun hori. Adibidez, atarikoan ez zaigu batere gustatu hiritartasuna eta naziotasuna banatzea, horrek gizartea sailkatzen duelako. Gainera, oso txikia da eskubide sozialen blindajeak hitzaurrean duen pisua. Gure proposamen batzuk sartu dituzte, baina nahiko urtuta geratu dira, eta guretzat gai sozialek estatutu berriaren bizkarrezurra izan beharko lukete.

Adostasun zabala lortuko al du estatutu berriak?

Badugu aukera adostasun zabalak lortzeko, nahiz eta orain jarrera maximalistak nagusi izan. Izan ere, EAJk bere jarrera subiranista ongi finkatzeko beharra dauka, Espainian PPrekin egin dituen itunak estaltzeko eta justifikatzeko. Hala ere, luzera begira, akordio zabalak lortzeko gai izango garela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.