PDeCATek uko egin dio indar berri bat osatzeko presoen proposamenari

Turullek, Rullek, Fornek eta Puigek alderdiari proposatu diote Cridarekin indar berri bat sortzea, eta, sei hilabetean, desegin ala ez erabakitzea

David Bonvehi PDeCATeko presidentea. ANDREU DALMAU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Kataluniako PDeCAT alderdia hautua egin beharrean da: Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak —PDeCATeko kide denak— sortu zuen Crida Nacional per la Republica alderdiarekin aliantza apurtu ala harekin batera alderdi politiko berri bat eratu. Egoera aztertzeko bilera egin zuen atzo zuzendaritzak, eta eskuartean izan zuen Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohi eta PDeCATeko kideek helarazi zioten proposamena. Espetxeratuta daude lehen hirurak, eta Bruselan erbesteratuta dago Puig, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auziarengatik. Zuzendaritzari proposatu zioten Cridarekin batera alderdi berri bat sortzea eta, sei hilabeteko epean, PDeCAT desegin ala ez erabakitzea. Zuzendaritzak ezetz erantzun zien.

Proposamenari uko egiteaz harago, PDeCATeko buruek ez zuten erabaki zein bideri jarraitu. Talde negoziatzaileari agindu zion Cridarekin elkarrizketetan jarraitzeko. Azken erabakia edozein dela ere, arrisku bizian egongo da PDeCATen batasuna, zatiketa sakona baita alderdian.

PDeCATek eta Cridak Junts per Catalunya (JxC) koalizioa eratu zuten 2017ko azaroan, Puigdemonten konfiantzazko independenteekin batera. Ordutik, baina, ugariak izan dira postkorbergente deitu izan den espazio politikoaren barruko tirabirak.

PDeCATeko sektore ofizialak salatu du alderdia baztertu egin dutela JxCren hautagai zerrendak erabakitzeko orduan. Erreferendumaz geroztik egin diren bozetan, Puigdemontek independente ugari jarri ditu zerrenden lehen postuetan, eta beheragoko tokiak gorde ditu PDeCATeko kide esanguratsuentzat.

Denak ez datoz bat, ordea, iritzi horrekin alderdi barruan. Sektore kritikoak babestu egin duPDeCATek Cridarekin batera alderdi berri bat osatzea. Talde horretan kokatzen dira, Turull, Rull, Forn eta Puig kontseilari ohiez gain, Miriam Nogueras alderdiko presidenteordea eta Generalitateko hainbat kide: Damia Calvet, Miquel Buch eta Meritxell Budo kontseilariak, esaterako.

Crida Nacionaleko presidente Jordi Sanchezek argi utzi ditu PdeCATekin elkarlanean aritzeko bere alderdiak jartzen dituen baldintzak: alderdi berri bat eratzea, CDC Convergencia Democratica de Catalunyaren birsortzea izango ez dena, eta alderdien arteko kuota banaketaren eredua gainditzea. «Militanteek hautatuko dute, primarioen bidez, nortzuk izango diren ordezkari zuzendaritzan eta erakundeetan», adierazi zuen, herenegun, RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan.

David Bonvehi PDeCATeko presidenteak argi esan du, baina,JxCrako «trantsizioak» ezin duela behartu Convergencia alderdiaren lekukoa hartu zuen indarra desegitera. Koalizio formula berritzearen alde agertu da.

Kontrako iritzia du Cridak. Sanchezen esanetan, alderdi berriak «pertsonak bildu behar ditu, eta ez elkarteak». Cridak ezabatu egin nahi du indar independentista berria CDCrekin identifikatuko duen lotura oro. «Haize berriak» behar dira, Sanchezen hitzetan. «Mugimendu honetan jende asko dago, ni neu bezala, ez garenak inoiz ere Convergenciaren bozkatzaile izan, eta guztiak interpelatuak sentitzea nahi dugu».

Kontseilari ohi espetxeratu eta erbesteratuen proposamenak zuzendaritzaren babesa izan ez badu ere, proposamenak militantziaren oniritzia izan dezakeela uste dute kritikoek. PDeCATek batzar nazionala egingo du uztailean, eta ikusi beharko da orduan militantziaren onespena lortzen duen.

PDeCATetik aldendu diren hainbat kide ezagunek bultzatuta, Partit Nacionalista de Catalunya (PNC) alderdiaren lehen kongresua egingo dute gaur. Ezustekorik ezean, Marta PascalPDeCATeko presidente ohia aukeratuko dute PNCko buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.