Albistea entzun

Alfonbra gorria bueltan da Kursaalean

Zinemaldiaren webgunean, ETB1en, 'eitb.eus' atarian eta La 2en ikusi ahalko da inaugurazio gala. BERRIAk podcast bat egingo du gaurtik

Kukai dantza taldearen emanaldia, iazko inaugurazio galan.
Kukai dantza taldearen emanaldia, iazko inaugurazio galan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Esteban Ezkati -

2021eko irailak 17

Dena prest dago Donostian Zinemaldiaren beste aldi bat hasteko. Arratsean zabalduko dute alfonbra gorria, bigarren urtez, ikuslerik gabe, eta 21:00etan hasiko da inaugurazio gala, Kursaalean. Ekitaldiak izango du bere protagonista: Marion Cotillard. Aktoreak Donostia saria jasoko du, bere ibilbide artistikoaren aitortza gisa. Gaur hasi eta bederatzi egunez iraungo du zinemaren jaia.

Pandemiaren eraginez, edukiera mugatua izango da oraingoan ere, baina hasiera ekitaldiaz eta gainontzeko egunetan egingo diren hainbat galez etxetik gozatzeko aukera izango da, zuzenean. Zinemaldiak berak webgunean eskainiko du inaugurazio gala, eta baita EITBk ere, bi euskarritan: ETB1en eta eitb.eus webgunean. RTVEko La 2 katean ere egongo da ikusteko aukera.

Iaz, distantzia izan zen inaugurazio galaren ardatza. Aurten, berriz, kutsu baikorrago bat izango du ekitaldiak: besarkadarik ezean, txaloak izango dira berotasuna transmititzeko tresna. Jon Maia dantzariak zuzenduko du gala, eta alboan izango du Luis Mari Moreno Pirata musika zuzendaria. Gidoilari lanetan, Harkaitz Cano eta Ane Garcia aritu dira. Kukai dantza taldeak jarriko dio mugimendua gauari, eta doinua, berriz, Zea Mays taldeak, Rozalen musikariaren laguntzaz.

Zinemaldiak iraun bitartean, hainbat hedabidek saio bereziak egingo dituzte. BERRIAk ere jorratuko ditu jaialdiaren edukiak. Zinemaldia hastearekin batera jarriko da abian 25. fotograma podcasta. Lehen atala entzungai egongo da 19:00etatik aurrera, BERRIAren webgunean eta sare sozialetan. Lehen aldiz, podcast formatua izango du Zinemaldiari eskainitako edukiak, eta bederatzi atal izango dira, Ane Eslaba kazetariak aurkeztuta.

Alabaina, ez da bakarrik arituko: Mikel Zumetak Sail Ofizialeko kritikak egingo ditu, Uxue Arzelusek beste sailetatik hautatutako edukienak, eta Urtzi Urkizu kazetariak Kursaaleko zubitik zutabea egingo du, protagonista esanguratsuenekin. Gaurkoan, Iciar Bollainen Maixabel filma izango dute hizpide: Koldo Zuazua ekoizlea elkarrizketatuko du Eslabak. Sail Ofizialean egongo da filma, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko den euskal produkzio bakarra izango da. Egunak utzi duenaren errepasoa ere egingo dute, Kursaaletik.

EITB komunikazio taldeak egunero emango du jaialdiaren berri, eta, tartean, beste hiru gala eskainiko ditu, zuzen-zuzenean. Asteartean, euskal zinemaren gaua izango da: 22:30ean hasita ikusi ahal izango da ekitaldia, ETB4n eta webgunean. Donostia saria jasoko du Johnny Depp aktoreak egun bat geroago, 22:00etan, eta hura ere eskainiko dute, euskarri berberetan. Hilaren 25ean bukatuko da zinemaldia, sari banaketarekin, eta Kursaaletik zuzenean eskainiko dute emanaldia, 20:30ean, ETB1en eta eitb.eus atarian.

Bestalde, albistegietan tarte berezia eskainiko diote zinemaldiari, eta webguneak sail berezi bat izango du. Hainbat telebista saiok ere erreparatuko diote jaialdiari; besteak beste, Biba zuek! ETB1eko programak. Izango da zer ikusi, beraz, baina baita zer entzun ere. Euskadi Irratiko albistegi eta saio nagusietan jorratuko baitute gaia. Era berean, datorren ostiralean, kalera aterako da Faktoria magazina: Tabakaleratik saio berezi bat egingo dute. Zinemira atalean egongo da Belako musika taldearen Pandemic Tour 2020 dokumentala, eta, horren harira, zuzeneko kontzertu bat emango dute egun horretan.

EITBren eta RTVEren galek ere ez dute hutsik egingo aurten. Irailaren 22an, asteazkenean, izango da EITBren gala, eta Irabazi arte telesail berria aurkeztuko dute bertan. Ikasturte honetan estreinatuko da Javier Garcia de Vicuñak zuzendu eta Pausokak ekoizturiko lana, baina lehen atala ikusteko aukera izango da asteazkenean. Gaztetxoentzako euskarazko fikzioa da, eta futbolari gazte bat du protagonista. Ama galdu ondoren, Bartzelonatik Euskal Herrira, jaioterrira, etorriko da bizitzera, futbolari izateko nahiarekin. Nesken futbol talde bateko bizipenak izango ditu ardatz lanak.

RTVEk bi gala egingo ditu, irailaren 22an eta 23an, eta bi lan aurkeztuko ditu: Erase una vez en Euskadi, Manu Gomez zuzendariaren opera prima; eta Mediterraneo, Marcel Barrenaren filma.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»

Naroa Torralba Rodriguez

Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
<em>Irabazi arte</em> telesaileko bigarren denboraldiko aktore gazteak. ©EITB

'Irabazi arte'-ren bigarren denboraldia, ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

Dorleta Urretabizkaia, Nahia Lacalle eta Joan Bailador dira aktore berriak. Zetak, Bengo eta Bulego taldeen kantak entzungo dira

1 ©LABAYRU FUNDAZIOA / EZEZAGUNA

Itsasoko ezkutuko lana

Amaia Jimenez Larrea

Emakumeek itsasoan egindako lanaren balioa aldarrikatzeko, Labayru fundazioak 'Geu be bagara itsasoa' liburua argitaratu du. Zenbait belaunalditako hogei emakumeren testigantzak bildu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...