Asteazkena, egun beltzenen artean bigarrena, hildako datuei dagokienez

Ane Eslava.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hildako kopuruak gora egin du berriro Hego Euskal Herrian. Atzo jakinarazi zituzten datuen arabera, 59 pertsona hil ziren asteazkenean. Kopuru hori soilik apirilaren 1ean gainditu zen, 61 hildakorekin. Bestalde, 462 positibo berri atzeman zituzten; horiekin, 13.406 dira diagnostikatutako kasuak. Hildakoak 905 dira.

Bizkaiak du oraindik ere positibo gehien: atzo 214 kasu berri baieztatu zituzten, eta, guztira, 5.182 dira erregistratutakoak. Haren atzetik doa Nafarroa: 108 positibo berri jakinarazi zituzten, eta metaturikoak 3.575 dira. Araban, 62 kasu berri izan ziren, aurreko eguneko kopuru bera, eta guztira, 2.868 erregistratu dituzte. Azkenik, Gipuzkoan, 78 kasu baieztatu zituzten, eta, orotara, 1.756 izan dira. Kasu berrien kopuruak beheranzko joerari eusten dio: asteazkenean, guztira, 462 izan ziren, eta aurreko egunean, berriz, 543. Nafarroak orain arteko kasu berrien hazkunderik txikiena izan zuen: %3,1ekoa.

Ospitaleratuta daudenen kopuruak ere behera egin du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko kontaketan 1.559 izan ziren, eta asteazkenekoan, berriz, 1.485. Nafarroan, guztira, 1.556 pertsona ospitaleratu dituzte aste hauetan; asteazkenean, 30.

«Joera aldaketa»

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, «ahalegin handia» egiten ari dira kasuak goiz detektatzeko: guztira 26.204 test egin dituztela jakinarazi zuen; asteazkenean 1.780, eta horietarik %21ek soilik eman zuten positibo. Horrek «joera aldaketa» erakusten duela uste du Murgak. Osasunbideak, berriz, 497 PCR proba egin zituen asteazkenean, eta atzo hasi zen test azkarrak ere egiten. Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan, Nafarroako datuak, oro har, «itxaropentsuak» dira, baina «zuhurtziaz» jokatu behar da, eta aintzat hartu egoera aldakorra dela: «Dagoeneko kurbara iristeko zain gaude, baina orain arte egin dugun ahalegina egiten jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.