'Ur handitan' saioa gaur egungo gizarte gaietara itzuliko da

ETB1eko programan migranteei buruzko erreportaje bat emango dute gaur, 22:30ean

Xabier Madariaga, ETB1eko Ur handitan saioko aurkezlea. ETB.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Udazkenean, Euskal Herriko iragan hurbileko zenbait gertakari aztertu zituen ETB1eko Ur handitan-Ahaztu aurretik saioak. Erreportaje sorta horri amaiera eman diote, eta «ahaztu aurretik» hitzak kenduta, Ur handitan bere ohiko formatura itzuli da. «Datozen asteetan denetariko saioak izango ditugu. Gehienbat egungo aktualitatearekin lotura dutenak, eta Ur Handitan-en esentzia berreskuratuko dugu», iragarri du Ainhoa Zabarte programako zuzendariak. Gaur gauean, esate baterako, migranteen inguruan eta migranteekin arituko dira.

«Migranteen saioa Ahaztu aurretik eta egungo Ur handitan-en hibrido bat dela esan genezake», esan du Zabartek. «Aktualitatea duen gaia bada ere, migrazioa hamarkadaz hamarkada eman den zerbait da: gaurko saioan ezagutuko ditugu euskaldunok Ameriketara joan ginenekoa; Espainiako etorkinak gurera etorri zirenekoa; nazioarteko migrazioa hasi zenekoa; eta egungo egoera». Elkarrizketatuen artean, honako hauek azalduko dira: Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sareko boluntarioa; Khadim Fall senegaldarra; Tarana Karim, duela hemezortzi urte Azerbaijandik Euskal Herrira etorritako emakumea; Victor Lyca Senegaldik Durangora (Bizkaia) etorritako gizonezkoa; Man Kwan Chen, maitasunagatik Bilbora etorritakoa; Ameriketara artzain joandako Andres Zabaleta eta Santi Uhalde, besteak beste.

Historiari tarteka lotuta

Nahiz eta aktualitateko gaietara itzuli, Ur handitan saioak tarteka atzera begiratzen jarraituko du datozen ataletan. Izan ere, Biescaseko (Aragoi, Espainia) Las Nieves kanpinean duela 25 urte izan ziren gertaera dramatikoak gogoratuko dituzte erreportaje batean —zenbait euskal herritarrek bizitza galdu zuten uholde haietan—.

Beste erreportaje batean, berriz, Nairobitarrak abenturazale aitzindariekin hasi eta itsasontzian, bizikletan edo furgonetan munduan barna bidaiatzen ibili direnekin mintzatuko dira. Amatasunaz hitz egingo dute beste erreportaje batean, baita elite kirolaren inguruan ere.

Bestalde, Zabartek Ahaztu aurretik leloko erreportaje sortaren balantze ona egin du. Gogorarazi du 150 atal zeramatzatela, eta «arnasguneak» sortzeko beharra ikusi zutela. 2018an, Ur handitan atzerrian sortu zuten, eta iragan hurbileko istorioekin «beste zerbait» bilatu dute.«Hori aurrera eraman ahal izateko, lantaldea handitu behar izan dugu, eta denok eman dugu gure onena», esan du Zabartek. «ETBk ere berrikuntzak eta arnasguneak eskatu zizkigun, eta asmatu dugula esango genuke». Programako zuzendariak aitortu du «beldur pixka bat» eman ziela aldaketak, baina gustura daude emaitzarekin. «Jende bikaina dugu taldean, eta horrek konfiantza ematen du. Orain, erronka, aurretik dakarren ibilbidearekin, publikoaren fideltasunari eustea izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.