Transexual bat eta neska islamiar bat, 'Go!azen'-en atal berrietan

Denboraldiko grabaketak hasiko dituzte gaur. Aktore gazte guztiak berriak dira, bat izan ezik

Go!azen-eko aktore berriak, atzo, Azpeitian; aurrean, erdian, Danae Riaño Bago!az-eko irabazlea. EITB.
urtzi urkizu
Azpeitia
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Aro batek beste bati emango dio bidea ETB1eko Go!azen telesailean. Izan ere, azarotik aurrera ez dira gehiago agertuko Eli, Gari, Ane, Naia, Jontxu, Markel eta azkeneko hiru denboraldietan neska-mutikoen kutunak izan diren beste pertsonaiak. «Ziklo berri bati hasiera emango diogu», esan zuen atzo Itziar Gomez telesaileko zuzendari berrietako batek —aktore zuzendari bi urtez aritu zen—, bideoklipa grabatzen ari ziren bitartean. Gaur hasiko dituzte telesailaren grabaketak, eta Maria Redondo izango da aktore gazteen artean mantenduko den bakarra. Harekin batera, Danae Riaño (Bago!az-en irabazlea), Esti Lopez, Markel Sainz, Xabi Rodriguez, Nikola Zalduegi, Lorea Intxausti, Xanti Korkostegi eta Kimetz Renteria arituko dira. Azken horrek Bago!az-en parte hartu zuen, eta transexual baten rola jokatuko du. Neska islamiar bat ere azalduko da trama berrietan, Andrea Morak antzeztua. Aktore heldu berri bakarra, berriz, Xabi San Sebastian izango da.

Gazteetako batzuek aktore gisa lehen esperientzia dute Go!azen-en. Riañoren kasua da. 16 urte ditu. «Ez dut ez antzerkirik ez ezer egin; gazteena naiz hemen. Lehen sekuentzia grabatu, eta martxan jarri nahi dut. Lana eginda, aurrera egingo dudala espero dut».

Zalduegi, berriz, Zigortzaileak eta Gernika filmetan eta Atresmediako 45 revoluciones telesailetan aritua da dagoeneko. Korkostegi antzerkian ibilia da, eta «sekulakoa» iruditzen zaio Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklaben Konbentuan aritzea, txikitatik izan baita telesailaren jarraitzailea. Zalduegik eta Korkostegik jokatutako pertsonaiak lagun minak izango dira. «Erronka gogorra daukagu, ikusleek ez baikaituzte ezagutzen. Pertsonaia berriak aurkeztu behar ditugu, eta ondo defendatu», gaineratu du Zalduegik.

Gomezekin batera, telesaileko beste zuzendaria Javier Garcia Bikuña izango da (Vaya semanita eta ETB2ko beste saio batzuk zuzendu ditu). Ez da euskalduna, eta gaztelaniaz aritu zen atzo aktore gazteei aginduak ematen —ez da lehen aldia ETB1eko telesail batean zuzendariak ez duela euskaraz egiten—.

«Enpatiaren bila»

Denboraldi berrikoa «erronka handia» izango dela azaldu zuen, bestetik, Josu Bilbao ETBko fikziozko edukien arduradunak: «Ikono batzuk desagertuko dira. Neska-mutikoek aurpegi berriak ezagutzea izango da lehen pausoa, eta udan bideoklipa zabalduko dugu». Iker Laurobarena da Zatoz gurekin! bideoklipeko kanta. Aurreko denboraldian, ikusle datuek beherantz egin zuten, ostiral gauetan. «Baina diferituan, Nahieran-en eta aplikazioaren bidez, haurrek asko jarraitzen dute telesaila. Ea aurten pertsonaia berriek enpatia sorrarazten duten».

Jabi Elortegi aurreko zuzendariak ez du Go!azen-en jarraituko, eta euskarazko beste telesail batean arituko da laster. Gomezek aitortu du «ardura handia» dela zuzendari izatea. «Sare sozialetan biral egiten diren bideoen arriskuez ere ohartaraziko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.