ETB1ek oso ikusle datu onak lortu ditu arratsaldeetan azkenaldian

'Biba zuek!' saioa %5eko kuota gainditzen ari da. 'Ahoz aho'-k ere inoizko daturik onena lortu du

Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia, ETB1eko Biba zuek! saioko aurkezleak. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
ETB1ek ezin dituela arratsaldeetan ikus-entzuleak izan: hori sinetsi izan dute zenbait urtez Euskal Telebistako zuzendaritzako kideek, eta bolada luzeetan errepikapenak eskaini dituzte behin eta berriz. Baina mitoa erori egin da: Biba zuek! programak %5,3ko ikusle kuota bereganatu zuen otsailaren 19an —Martxelo Otamendi eta Joan Mari Larrarte elkarrizketatu zituzten—. Joan den astean, ostegunean %5,6raino iritsi zen —bezperan %5ekoa izan zuen—. Ez dira arratsaldeetako ohiko datuak, are gehiago aintzat hartuz otsailean %1,9ko batezbestekoa izan duela ETB1ek. Azkeneko bi asteetan, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkezten duten programak %9,9ko ikusle kuota izan du euskaldunen artean; aurreko osteguneko atalak 50.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen.

Unai Etxabe Biba zuek! programako zuzendariaren iritziz, «lan onaren seinale» dira datuak: «Sekulako lantaldea daukagu, eta irailetik egiten ari garen lanaren ordainsariak dira». Egun batzuetan magazinak ia hirukoiztu egin du katearen batezbestekoa. «Ametsetan ere ez genuke pentsatuko horrelako datuak lortzea. Aurreko urteetan ETB1ek ordutegi horretan izan dituen datuak ikusita, askoz datu txikiagoak izatea espero genuen».

Lantaldea pozik dagoela gaineratu du Etxabek: «Disfrutatu egin behar dugu momentuaz. Esfortzu handia egin, eta jendeak erantzuten duenean, ederra da». Zuzendariak uste du ikusle datuez harago doala programaren harrera ona: «Egunero jasotzen ditugu mezuak telefono bidez, Whatsapp bidez, egiten dugun saioagatik zorionak emateko. Olatu batean gaude, eta iraun dezala».

Biba zuek!-en datu onez gain, nabarmentzekoa da Ahoz aho programak ere inoiz lortutako daturik onena bereganatu zuela joan den ostegunean: %3,3ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %5,4koa—. 2016ko irailean estreinatu zuten programa, eta Saioa Martija eta Ilaski Serrano dira aurkezleak.

ETB1ek zuzeneko bi saio ematen ditu arratsaldero, astelehenetik ostiralera: Ahoz aho, 16:00etatik 18:00etara, eta Biba zuek!, 18:00etatik 20:00etara. Eskaintza horren balioa nabarmendu du Etxabek: «ETB1eko arratsaldeen aldeko apustua egin du telebistak. Arratsaldetako errepikapenak ahaztu egin ditugu, zorionez». Telebistak «beti» datuei begira dabiltza, baita kate publikoak ere. «Baina proiektuei denbora eman behar zaie», ohartarazi du Etxabek. Unai Iparragirre ETBko zuzendari berriak adi begiratuko die datu horiei, hau esan baitzuen 2019an Gure kasa saioan: «Audientzia datuekin obsesionatuta bizi naiz».

Igandeetan ere ikusle datu onak lortu ohi ditu ETB1ek, Herri txiki, infernu handi saioari esker; Baserria-ak ere datu apartak lortu ditu azken bi hilabeteetan: herenegun 3,8ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %11koa—, baina hortik gora ibili da gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.