ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik txikiena

ETB1ek %1,9ko batezbestekoa du; lau eta erdiko finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, Lau eta Erdiko Txapelketako finalean, azaroaren 20an. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
ETB2 katearen ikusle datuak ez dira onak azkeneko hilabeteetan, batez ere aurreko bi urteetako batezbestekoekin alderatuz gero. Irailean %8,2ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; urrian, %8ra jaitsi zen; eta, azaroan, %7,7ko ikusle kuotaraino jausi da. 2019ko abuztutik ez zuen kate publikoak hain datu txikia lortzen. Izan ere, 2020. urte osoan %10eko ikusle kuota bereganatu zuen ETB2k, eta iaz, %10,1ekoa. Horrenbestez, aurreko bi urteetako datuetatik nabarmen behera dabil. Teleberri albistegiak ematen dizkio kateari daturik onenak azkeneko hilabeteetan, nahiz eta behera egin duen. Azaroan, %16,9eko ikusle kuota izan dute ETB2ko albistegiek. Arratsaldeko programek zailtasunak dituzte azkenaldian ikusleak erakartzeko.

ETB1ek, berriz, %1,9eko ikusle kuota lortu du azaroan. 2021eko urte osoko batezbestekoarekin alderatuta, txikiagoa da, %2,2ko kuota izan baitzuen iaz euskarazko kateak. Dena den, ETB1en kuota txikiagoa izango litzateke azaroan, Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak eta finala eman izan ez balitu. Sekulakoa izan zen Ezkurdia eta Altunaren arteko finalaren datua: %24,5eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %38,3koa—. 322.000 herritarrek bat egin zuten tarteren batean pilota partidaren zuzeneko emanaldiarekin. Azkeneko bost urteetako lau eta erdiko finalen artean, ikusle daturik onenak lortu zituena izan zen Ezkurdiak Altunari 22-21 irabazi ziona.

Haurrentzako ETB3 katea, bestalde, eskas samar dabil: %0,2ko ikusle kuota du. ETB4 kateak bere hartan eusten dio, %0,8ko kuotarekin.

Katalunian, TV3 katalanezko kate publikoa liderra da, %14,8ko ikusle kuotarekin. Galizian, galegozko TVGk %11,7ko kuota izan du azaroan.

Telebista kontsumoari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak egunean 196 minutu pasatu zituen telebista tradizionalaren aurrean. Galizian, kontsumoa 207 minutukoa da. Eta Katalunian, 178 minutukoa.

EITBko irratien datuak

EGM Komunikabideen Azterketa Orokorrak denboraldiko lehen neurketaren datuak eman ditu. Horren arabera, Euskadi Irratiak 126.000 entzule ditu «Euskal Autonomia Erkidegoan eta eragin esparruan». Gainera, euskarazko kate publikoa liderra da Gipuzkoan. Radio Euskadik, berriz, 146.000 entzule ditu eremu geografiko berean. Gazteak 77.000 entzule ditu, aurreko neurketa batzuetan baino gutxiago. EITB Musika irratiarentzat, berriz, datua oso ona da: 40.000 entzule, azkeneko lau urteetako gehien. Radio Vitoriak 24.000 entzule ditu.

Telebistako datuei dagokionez, 686.000 ikus-entzulek bat egiten dute egunero ETBko kateekin, EGMren arabera. Irratiak eta telebistak batuz gero, berriz, 1.067.000 ikusle eta entzule ditu EITB taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.