Alardean girotutako telesail labur bat egingo du ETBk

K2000 ekoiztetxea arduratuko da fikzio berriaz. Hilaren 26an, berriz, margolari amateurren 'reality' bat estreinatuko dute ETB1en

Gasteizko FesTVal jaialdiaren barnean aurkeztu zuen atzo ETBk denboraldi berriko programazioa. EITB.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdi joan dira helduentzako euskarazko telesailik egin gabe, baina ETBk iragarri du hutsune hori beteko duela: denboraldi berrian bi telesail berri prestatuko ditu. Horietako istorio bat «alardearen ingurumarian» gertatuko dela nabarmendu dute, baina ez dituzte xehetasun gehiago eman. Ez da, dena den, propio alardeari buruzko fikzio bat izango. Bizkaiko K2000 ekoiztetxeak —Mediapro taldearen enpresa da— egingo du telesaila, EITBko iturriek iragarri dutenez. Baliteke beste ekoiztetxe bateko ekoizleek ere parte hartzea. ETBko zuzendari Edu Barinagak ez zuen telesail laburren gaineko xehetasunik eman atzo Gasteizen, programazio berriaren aurkezpenean.

Beste telesaila Pausokak egingo du. 1976ko abenduan Basauriko (Bizkaia) espetxean egon zen ihesaldi saiakeran egongo da oinarrituta; saiakera hura ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek egin zuten. Azkeneko bi horiek, tailerretako pintura gelako murrutik eskalatuz, teilaturaino igo ziren; teila pare bat kenduz eta egur pare bat urratuz, teilatu azpian erabat itsua zen ganbara zabal-zabal batera iritsi ziren. Iheserako beharrezko materiala bertara eraman zuten. Presoek soka luze bat utzi zuten teilatutik lurreraino zintzilik, ihes egin zutela irudikatuz, eta, modu horretan, teilatu azpiko ganbaran gorde ziren bost presoak, benetako ihesaldirako tunela egiteko. 52 egunez egon ziren ezkutatuta, Guardia Zibilak aurkitu zituen arte.

Barinagak iragarri zuenez, bestalde, azaroan iritsiko da Go!azen telesailaren denboraldi berria. Aktore gazte guztiak berriak dira, Maria Redondo izan ezik.

Margolarien 'reality' bat

ETB1ek asteon estreinatu ditu hainbat saio berri: Ahotsak, Egunak egin du, Korrontzi dantzan—hiru atal baino ez dira izango—... Hilaren 26an, berriz, Arimaren margolariak programa estreinatuko du euskarazko kateak.Euskal Herriko margolariamateur onena aukeratzeko helburua duen reality bat izango da. Zortzi artista lehiatuko dira, hiru adituren begiradapean. Adituak Koldobika Jauregi, Arantza Orbegozo eta Jorge Malkorra izango dira.

Datozen egunetan, bestalde, hainbat saio itzuliko dira ETB1eko programaziora: Ahoz aho (bihar arratsaldean), Herri txiki, infernu handi (hilaren 22an), Ur handitan (urriko lehen astean) Txoriene, Sukaldaria, Artefaktua, Hitzetik hortzera, Teknopolis eta abar.

Kirol emankizunetan ere izango da berrikuntzarik: Josean Tolosaren eta Jokin Errastiren lekua betez, Mikel Idoate arituko da larunbatetako pilota jaialdietan aditu lanak betetzen, eta Abel Barriola igandeko emankizunetan. Hilaren 29an egingo du Tolosak ETBko azken kontakizuna, 23 urteren ostean.

Ana Ramos kazetariak Helmuga kirol saio berria aurkeztuko du igandeetan, 11:30ean. Egunerokoan tarte gutxi izaten duten kirolak eta kirolariak izango ditu protagonista. Kirola aitzakia hartuta, bizitzeko era desberdinak plazaratzen saiatuko dira. Programa horren ostean, emakumezkoen kirol emanaldiak egingo dituzte igandero.

Desgaitasunik ez jatetxean

ETB2 kateari dagokionez, Restaurante sin barreras programa berriaren aurkezpen berezia egin zuten atzo Gasteizko FesTVal jaialdian. Hilaren 12tik aurrera, desgaitasuna duten zortzi gazte lehian arituko dira, eta jatetxe bateko langile izateko prestatuko dira. Luisa Lopez eta Iñaki Andradas irakasleen laguntza izango dute, eta saioko aurkezlea Iñaki Urrutia izango da. Sukaldaritza tailerra jasoko dute Andradasekin. Eta Lopezekin, sala eta protokolo tailerra izango dute. Atal bakoitzean tailerren berri emango dute; gero, ikasleek praktikak egin beharko dituzte, eta, amaitzeko, azterketa egin beharko dute. Ostalaritzako lantalde bateko kide bihurtuko dira gazteak, eta mota desberdinetako bezeroekin egon beharko dute.

Asteon beste bi saio estreinatu ditu ETB2 kateak: Yo se más que tú lehiaketa eta Y Punto umore saioa. Etzi, Juego de cartas saioa itzuliko da programaziora. Felix Linaresek aurkezten duen La Noche de... zinema saioak 25. denboraldia beteko du aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.