Albistea entzun

Kazetaritza deserosoa

Japoniako 'The Journalist' telesaila estreinatu du Netflixek, kazetari batek ustelkeria azaleratzeko egiten duen lanean oinarritua
<em>The Journalist</em> telesaileko aktoreak.
The Journalist telesaileko aktoreak. NETFLIX Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko otsailak 4

Anna Matsuda Japoniako Touto News egunkariko kazetaria da. Galdera deserosoak egiten dituztenetakoa, baita gobernuko ordezkariei eta bozeramaileei ere. Ezkutuan dagoenaren bila aritzen da. Errebeldea da. Ustelkeria kasu baten berri izan du: eskola baten inguruko lur publikoa oso merke, merkeegi saldu dute, lehen ministroari eta haren emazteari mesede egiteko. Matsudaren ikerketak kolokan jarriko du Japoniako Gobernua. Baita Matsudaren beraren bizitza ere. Horixe da funtsean, The Journalist. Netflixek urtarrilaren 13an estreinatu zuen telesaila. Sei atal ditu, eta guztiak ikus daitezke jada.

Ikerketa kazetaritza lantzen du. Botereari aurre egiteko zailtasunak. Ustelkeria. Kazetarien eta haien iturrien arteko harremana. Kazetariaren bakardadea. Nola kazetaria guztia azaleratzen saiatzen den baina politikariak guztia ezkutatzen eta kazetariaren ikerketa gerarazten saiatzen diren. Paper birringailuak jo eta su lanean. Baita paper sortzaileak ere: agintarien errugabetasuna eraiki behar duten funtzionarioak.

The Journalist-ek oinarri ona du: Isoko Mochizuki kazetariaren izen bereko liburuan oinarrituta dago. Aurrena, liburuari buruzko filma egin zuten, 2019an; gero, telesaila. Filmak oso harrera ona izan zuen Japonian, bai istorioagatik, bai kontatzeko moduagatik, eta baita estreinatu zutenean zenbait ustelkeria kasu ezagun zeudelako ere. Urteko filmik onenaren saria jaso zuen 2020an Japonian.

Zuzendari bera arduratu da, bai filmaz, bai telesailaz: Michihito Fujii. Berez, filma ez zuen Fujiik zuzendu behar, baina hasierako zuzendariak proiektua bertan behera utzi zuen, eta Fujiiri eskaini zioten, grabatzen hasi baino lau hilabete lehenago.

Ryoko Yonekura aktoreak jokatzen du Anna Matsuda kazetariaren rola. Kazetari ausarta da, boteretsuen aurrean kikiltzen ez dena. Pertsonaiak Anna Matsuda izena du, baina Isoko Mochizuki ere izan zitekeen, istorioaren jatorrizko egilearen izena.

Mochizuki

Mochizuki kazetaria da. Japonian eta, neurri batean, Japoniatik kanpo ere ezaguna, Shinzo Abe eta Yoshihide Suga lehen ministro ohiak agerraldietan estu hartzen zituelako eta aurre egiten zielako. Gobernuko ordezkariek sarritan ez zituzten haren galderak erantzuten, eta galderak okerrak zirela ere esan zioten. Prentsa askatasunaren aldeko ikurra bihurtu da Japonian.

Mochizukik kaleratu zuenez, Abek diru publikoa erabili zuen haren aldekoentzat festa bat antolatzeko. Mochizukiri buruzko dokumental bat ere egin zuten, gobernuarekin izan zituen liskarrak erakusteko: Documentary of the Journalist (Kazetariari buruzko dokumentala).

Fikzioa da The Journalist, baina errealitatean oinarritua. Zaila da fikzioa eta errealitatea bereiztea. Japonian ohikoak baitira telesailean salatzen direnen moduko ustelkeria kasuak. 2017an, esaterako, telesailaren oinarrian dagoen kasua azaleratu zuten: Moritomo Gakuen auzia. Lurzoru publiko bat berezko prezioaren %14an saldu zioten saldu zioten eskola pribatuen jabe bati, Aberen gobernuaren aldekoa. Akie Abe zen —lehen ministroaren emaztea— eskolaren ohorezko zuzendaria.

Istorioa Japonian gertatzen da, eta garrantzi handia du Japoniako gizarte antolaketak, bizimoduak, erruduntasunaren zamak, gobernuaren nepotismoak... COVID-19 izurritea eta Tokioko Olinpiar Jokoak ere agertzen dira.

Fikzioa hango ustelkeria kasu batean oinarritua dago, baina Netflixeko arduradunek esan dute munduko edozein lekutan ikusteko eta ulertzeko moduko telesail bat egin nahi izan dutela. Gaia, ustelkeria, unibertsala da.

Telesailak nahiko kritika onak jaso ditu, baina zenbaitek egotzi diote kazetaritzari eta politikari buruzko azterketa oso sinpleak egiten dituela, xaloa dela. Haren indarguneetako bat bigarren mailako politikarietan eta funtzionarioetan sakontzea da, ustelkeriak eta ustelkeria estaltzeko jokabideek haiengan duten eragin emozionala erakustea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.